Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Udalak animaliak edukitzeko eta babesteko udal ordenantza berria jendaurrean jarri du ekarpenak jasotzeko

2022/04/06

Etxeko animaliak edukitzea arautzen duen ordenantzaren testu berri bat garatu da osorik non jabeen betebeharrak eta animalien ongizaterako baldintzak zorrozten diren

Udalak eta Lau Katu Beasain elkarteak ordenantza landu ondoren, kolonien kudeaketa eta kontrolerako aurtengo plangintza adostu dute

Etxeko animaliak edukitzeko orain arteko udal araudiak zituen hutsuneak eta eguneratze beharrak asetzera dator azken hilabeteetan landu eta ondu den animaliak edukitzeko udal ordenantza arautzailea. Honela, testu berri bat garatzen da oso-osorik arlo honetan azken urteetan izan diren aldaketa administratibo eta penalak isladatzeko. Aldi berean, gizarteak animalienganako duen sentsibilitate berriak bere aztarna du araudian eta ondorioz, jabeen zaintza betebeharrak zabalagoak dira. 

Ordenantza berria landu ondoren, bere behin betiko onespenaren aurretik jendaurrean ikusgai jarri da Udalaren iragarki taulan herritarren partaidetzaren bitartez ekarpenak jaso ahal izateko. Ekarpenak modu honetan egin daitezke: erregistro telematikoaren bidez, posta elektronikoaren bidez Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko., edo Igunean idatzia aurkeztuz.

Araudi berriarekin aldatu edo konpondu nahi diren arazo nagusienak honako hauek izan dira; etxeko animalien behar fisikoez gain dituzten behar sozialak ere ageri dira. Espeziaren arabera, bakarrik egon daitezkeen denborak mugatzen dira, baita ibilgailuetan bakarrik animaliak utzi daitezkeen denborak eta baldintzak ere. Izan ere, kanpoko tenperaturak 25º C gainditzen duenean, ezingo dira ibilgailu barnean utzi bero kolpe bat jasateko suposatzen duen arriskuagatik.

Definizio atalean, animalia abandonatu, arlote, eutanasia eta tratu-txarren kontzeptuak zehazten dira besteak beste, egoera hauek antzematen direnean Udaltzaingoak tresna sendoagoak izan ditzan esku-hartzeak egiteko.

Txakurrei dagokionez, hauek aisiarako dituzten txakurguneen erabilpen arauak txertatzen dira ordenantza berrian eta animaliak aske eramatea debekatzen duen artikulua berridatzi egin da are argiagoa izan dadin. Eguneratzeen artean, Potentzialki Arriskutsuak diren Txakurren figura barneratzen du ordenantzak, orain arte ez bezala.

Prozedura atal berritu bat ere ageri da ordenantzan non animalia arlote bat identifikatzean edo abandonatua izan den animalien kasuetan jokatzeko irizpideak zehazten diren.

Udala eta Lau Katu elkarlanean

Ordenantza osatzeko garaian, Lau Katu Beasainekin egindako lanketa azpimarragarria izan da. Honi esker, katu koloniei eta hauen kudeaketari buruzko atal espezifiko bat gehitu da non katuak txip bidez identifikatuta edukitzearen bete beharra zehazten den. Horretaz gain elikatzaile baimenduaren kontzeptua eta baldintzak ere agertzen dira lehen aldiz.

Beasaingo Udalak Lau Katu Beasain elkartearekin duen lankidetzari jarraipena emanez, 2022rako egitasmoak adostu eta iaz burututako ekimenen kontu ematea burutu dute. Kudeaketa egoki baten bidez katuen populazioaren kontrola lortzea da helburua, garbitasun eta osasun arazoak eta kontrolik gabeko elikatzea gelditzeko.

Udala eta elkartearen elkarlanaren fruituz, 2021ean HEI (Harrapaketa - Esterilizazioa  -Itzulketa) ekimenaren bidez, 36 katu esterilizatu ziren (14 eme eta 22 har). 14 katu jaso ziren Beasainen adopzioan eman zirenak. Albaitaritza arretari dagokionez hainbat katuk izan zuten zerbitzu honen beharra. 2022 urteari  begira, 25-30 katu inguru espero dituzte esterilizatzea eta beste hainbeste adopzioan ematea. 

Udalak animaliekiko duen sentsibilitate berezia eta herritar eta animalien arteko elkarbizitza hobetzeko helburua berretsi nahi du. Katuei dagokienez, HEI ekimenarekin funtsean kaleko katuak harrapatzea, antzutzea eta askatzea edo haien bizitokira itzultzea da azken helburua. Horrela, haien bizimodua eta beharrak errespetatzen dira baina ez dira ugaltzen. Ekimen garrantzitsua eta beharrezkoa da animalien abandonua eta sufrimendua saihesteko, baina baita herriko animalien eta beasaindarren arteko bizikidetza hobetzeko ere.

2021an Errekarteko gunean HEI lanak lehenetsi ziren bezala, aurtengo helburuetako bat prozedura herriko puntu desberdinetara modu homogeneoan zabaltzea da. Izan ere, ez dira identifikatu kontrolez kanpo dauden koloniak.

Modu osagarrian, Udalak Lau Katu Beasainekin lankidetzan, katu elikatzaile-txartel egiaztatuak banatuko ditu elkartearen irizpideak betetzen dituzten eta aldizka egiteko konpromisoa hartzeko prest dauden herritarrentzat.