2022ko Jabe-eredugarri formakuntzaren bigarren txanda apirilaren 27an hasiko da eta izen ematea irekita dago
Euskal artzain txakur erakustaldia maiatzeko lehen asteburuan ospatuko da Dolarea Parkean
Hirugarren adineko pertsonekin saio teoriko-praktikoak egingo dira maiatzetik aurrera Nagusien egoitzan, Eguneko zentroan eta Urbi Berrin
2022ko Txakur Eredugarri Programak aurrera darrai formakuntzako lehen txanda amaitu ostean. Oraingoan lekukoa bigarren txandako ikasleek jasoko dute txakur-jabe arduratsuak bilakatu eta herritarren arteko bizikidetza hobetzeko. Ikastaroak apirilaren 27an hasiko dira. Gogoratu, izena emateko aukera irekita dagoela Beasaingo Udalaren web orrian egitasmo honi zuzendutako atalean.
Maiatzean aldiz, programaren estreinatzen diren bi ekimen jarriko dira martxan: Euskal Artzain Txakurren erakustaldia eta hirugarren adinekoekin saio teoriko-praktikoak. Azken hauen helburua gure nagusien estimulazio kognitibo eta sentsoriala lantzea izango da animaliekin egindako hartu-emanen bitartez.
Jabe eredugarria izateko ikastaroa
Jabe eredugarri izeneko formakuntza intentsiboak zortzi saio presentzial izango ditu. Apirilaren 27an hasi eta asteazkenero burutuko dira udaletxeko plazan 19:00tan. Eskaera asko jasoko balira, bigarren talde bat ere osatuko litzateke astearte arratsaldeetarako.
Honela hurrenez hurren astero burutuko dira saioak azterketara iritsi arte. Bertan, kanpotik etorritako hezitzaile-aztertzaile batek azterketa bat egingo die parte hartu nahi duten txakur-jabe bikoteei. Horrela, azterketa gainditzen dutenek txakur heziketa titulu ofiziala jasoko dute.
Saio hauetara txakur jabeak txakurrekin etorri beharko dira, saioak praktikoak izango dira eta. Ekintza honetan parte hartzeko izena eman beharko da Beasaingo Udalaren webean aurkitzen den txakur eredugarri programako atalean helbide honetan
Sozializazio paseoak ere jarraipena izango dute. Ostegunero errepikatuko dira. Jabeak eta txakurrak Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira arratsaldeko 19:00etan. Nahitaezkoa izango da kurtsoan izena ematea paseoetara batzeko.
Euskal artzain txakur erakustaldia
Egitasmoan estreinatzen den ekimenetako bat Euskal Artzain Txakurren erakustaldia izango da. Saio honen helburua, gurea den eta desagertzeko arriskuan dagoen arraza bat ezagutarazi eta balioan jartzea da. Horretarako, txakur hauen gaitasun eta abileziak agerian jarriko dituen erakustaldi bat burutuko da Dolarea Parkean maiatzeko lehen astebukaeran.
Hirugarren adineko pertsonekin tailerrak
Maiatzean martxan jarriko den beste edukietako bat hirugarren adinekoekin burutuko diren tailer teoriko-praktikoak izango dira. Txakurrak laztandu eta beraiekin komunikatuz, estimulazio kognitibo eta sentsoriala landuko dute, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartu ere. Nagusien Egoitza, Eguneko Zentroa eta Urbi Berri gizarte egoitzan ordubeteko saioak egingo dituzte txakur hezitzaile profesional baten gidaritzapean.