Bezeroak azokan kontsumitzera erakartzeko, erosketak modu errazagoan jaso ahal izango dira ordutegirik gabe
Hobekuntzen artean, azokari bultzada eman asmoz Udalak plaza azpiko argiteria berritu du energian aurreztuz
Udal gobernuak lehen sektorea eta tokiko ekoizleen eta baserritarren lana balioan jartzea eta garaian garaiko produktu osasuntsuen kontsumoa areagotzea helburu izaten jarraitzen du. Hartara eta tokiko azoka indartsu mantentzeko, bezeroak eta kontsumitzaileak erakartzea ezinbestekoa da.
Hori horrela, azokan erosteko erraztasun gehiago emate aldera, baliabide berri bat jarri da kontsumitzaileen eskura. Azokaren ordutegira egokitu ezin daitezkeen bezeroentzako ez ezik, ohiko erosleentzako zerbitzua ere bada estreinatu dena; hain zuzen ere erosketen gordeleku gisa funtzionatzen duen kontsigna sistema. Hala adierazi du Leire Artola alkateak baliabide berri honen aurkezpenean: “bezero eta ekoizlearen arteko telefono bidezko harremanaren bitartez, bezeroak erosketak egin eta noiznahi jaso ahal izango ditu malgutasun osoz. Azokaren ordutegiaren baldintzapetik askatu ditugu azokako produktuak erosi nahi dituzten kontsumitzaileak azpiegitura berri honi esker” adierazi du alkateak.
Azokako ekoizleak bezeroari egin duen erosketa armairu batean utziko dio. Ondoren armairu hori irekitzeko kodea bidaliko dio eta egoki datorkionean jaso ahal izango du bezeroak bere erosketa. 15 armairu edo kutxatila daude erabilgarri zerbitzu hau emateko eta Igunearen sarreran dago kokatua aipatutako armairu sorta.
Hobekuntzak plaza azpian
Azokari mesede egingo dion beste hobekuntza baten berri ere eman du alkateak. Ikusgarritasuna hobetzeko plazapeko argiteria aldatu eta hobetu da. 29 argi puntu aldatu dira Led sistemara egokituz. 70 vatioko potentzia duten lanparak 22 vatiokoengatik ordezkatu dira. Honek hainbat abantaila ekarriko ditu: kontsumoa gutxituz kostuan aurreztuko da eta horretaz gain argiztapena hobetu da kopuru eta uniformetasunaren aldetik. Plaza azpiko orman dagoen Beasaingo armarriari ere argiteria berezia jarri zaio nabarmentzeko eta argi-neurgailu sistema bat jarriko da argiteriaren intentsitatea jaisteko eguzkiaren argiaren arabera. Honela beharrezkoa ez denean argiaren kontsumoa murriztuko da. Udalak, azken urteetan argiteria publikoan egiten ari den berrikuntzaren baitan kokatzen da hobekuntza hau. Jasangarritasunaren alde, energia eta kontsumoan aurreztuz, ingurugiroaren mesedetan eta aldaketa klimatikoaren aurkako erronkan burutzen ari den egitasmoen barruan kokatzen da hobekuntza lan hau.
Astearteko azokari dagokionez, gaur postu guztiak jatorrizko lekura itzuli dira osasun krisiak eragin zituen murrizketen amaieraren ondorioz.