Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Sexu-askapenaren nazioarteko eguna dela eta Beasaingo Udalaren adierazpena

2022/06/28

Egun honetako aldarrikapenarekin bat eginez, Igartzako jauregia LGTB komunitatearen aniztasuna adierazten duen ostadarraren kolorez argiztatuko da gauean

Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere aldarrikatu nahi dugu euskal jendarteak afektibotasunari, sexuari eta generoari dagokionez aniztasunean bizitzeko daukan eskubidea. 53 urte dira New Yorken Stonewall-eko istiluak gertatu zirela. 1969ko ekainaren 28 hartan, manifestazio espontaneo eta bortitzak egin zituzten, New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn tabernan poliziak egindako sarekadaren kontra. Maiz adierazten da istilu horiek lehen aldia izan zirela Estatu Batuetako historian, non LGTBI komunitateak matxinada egin zuen komunitatea Gobernuaren onespenarekin jazartzen zituen sistemaren aurka. Horregatik, LGBTI kolektiboaren eskubideen aldeko mugimendu garaikidearen hazitzat hartzen dira mundu osoan.

Beasaingo Udalak aitortza egin nahi die kolektiboak gaur egun dituen eskubideak lortzeko bidean bizia galdu zutenei eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenei. Halaber, ezin da ahanzturan erori aktibistek egin zuten eta egiten diharduten gizarte-eraldaketako lana.

Horrez gain, belaunaldi berriengan ere jarri nahi dugu arreta, oraindik ere lortzeke dauzkagun eskubide askoren alde ari baitira lanean. Azkenik, aipamena egin nahi diegu gure lurraldearen mugetatik kanpo borrokan ari eta kolektiboari eragiten dioten Giza Eskubideen urraketen aurka altxatzen direnei.

Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituen honetan, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea.

Beasaingo Udalak herritarrak animatu nahi ditu LGTBIfobiako azken gertaeren aurrean eta sexu eta genero aurkako ideia politiko batzuen aurrean erne egon daitezen. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu, eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak egituratu. Era berean, kolektiboari ikusgarritasuna eman behar diogu gizartean, eta elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu.

Instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak... ezartzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da.

Guzti honegatik Beasaingo Udalean konpromisoa hartzen dugu,  gure herriko LGBT+ pertsonen bizitzen gaineko errealitatea aztertu, eta honetan eta Goierriko beste hainbat herrietako errealitatean oinarritutako, ekintza plan bat abiatzeko. Prozesu hau, herriko LGBT+ mugimenduko kideekin batera egiteko konpromisoa hartzen dugu eta egon ezean, erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko modua sustatuko dugu.

Gonbita luzatzen diogu euskal jendarteari denoi eragiten digun prozesu honetan esku hartzeko. Izan ere, jendarte anitz honetako kide guztioi eragiten digu aferak, eta denoi dagokigu borrokan parte hartzea.

Azkenik, deia egin nahi dizuegu gaurko egunari ikusgarritasuna emateko eta jendartea sentsibilizatzeko antolatutako aldarrikapen ekitaldietan parte hartzeko, bai sare sozialen eta komunikabideen bidez, bai kaleetan. Txikia izanik ere, ekintza oro baita garrantzitsua aniztasunaren aldeko borrokan.