Aisialdian euskararen erabileran lagunduko duten begiraleen formakuntza sustatzen du Beasaingo Udalak
Beasainen burutuko da ikastaroa eta izena ematen duten beasaindarrek matrikularen erdia ordainduko dute soilik
Hirugarren urtez, Urtxintxa eskolarekin lankidetzan, Beasaingo Udalak aisialdirako begirale titulua lortzeko ikastaroa antolatu du. Ikastaro honen bidez, Eusko Jaurlaritzak homologatutako “Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea” titulua lortzeko aukera eskaintzen du herrian bertan. Honela, haurren aisialdian euskaraz lan egiteko formakuntza ziurtatzen duen agiria Beasaindik mugitu gabe lortzeko aukera eskura jartzen du Udalak. Gainera, Beasainen erroldatuta daudenek matrikularen erdia ordainduko dute soilik.
Ekimen honekin ere, Beasaingo Udalak gazteei aisialdirako heziketan lan egiteko baliagarria zaien titulazioa lortzeko eskaintza egiten die. Lana egiteko aukeraz gain, aisialdian euskararen erabileran lagunduko duten begiraleen formakuntza sustatzen du.
Ikastaroa urriaren 8an hasi eta datorren urteko maiatzaren 14an izango du amaiera. 150 ordu teoriko, 160 praktiko eta memoria baten lanketaz osatua egongo da. Tartean asteburu bateko irteera bat izango da.
Baldintzen artean, 2022ko abenduaren 31rako, 18 urte beteta edukitzea, DBHko titulazioa izatea eta euskara maila egokia izatea (klaseak jarraitu eta memoria euskaraz entregatzeko gai izatea) daude.
Izena emateko epea, urriaren 1a arte egongo da zabalik. Informazioa eta izenemateak
Aurtengo ikasturtean 18 eta 20 urte bitarteko 21 neska-mutil izan dira parte hartu dutenak eta guztiek gainditu zuten 150 orduko arlo teorikoari dagokion atala. Sei beasaindar eta gainontzekoen gehiengoa inguruko herrietakoak izan dira. Balorazio oso positiboa egin dute bai ikasle zein irakasleek eta orokorrean pozik azaldu dira ikastaroarekin. Ikastaroan zehar Arrokaundieta aterpetxean astuburuko egonaldia egin zuten talde gisa harremana sakontzeko.