Leire Artola alkateak ohiturari jarraiki biak ala biak zoriondu ditu beasaindar guztien izenean. Juan Bautistak Udalak emandako oroitzapenezko plaka jaso du bere 100. urtebetetzeagatik
Ehun urte bete dituztenen zerrendara beste beasaindar bat gehitu da. Gaur, Gregoria “Goya” Miguel Perezen 104. urtebetetzea ospatzeaz gain, Juan Bautista Usabiaga Etxeberriaren 100.a ere ospatzen da. Leire Artola alkatea biak bisitatu ditu. Goya Arangoiti egoitzan eta Juan Bautista bere etxean, Ugartemendi goikoa baserrian, Ugartemendi auzoan. Beasaindar guztien izenean zoriondu ditu alkateak.
Goyak 104
Goya Miguel oso ezaguna da herrian, batez ere joan den mendeko berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik. Gerraren urte gogor eta zailak, gerraostea, lan egiteko Frantziarako bidaia, Beasainerako itzulera eta hutsetik hasi behar izan zuen bere senarra Leoncio Toledo zenaren ondoan.
Goya, alaia eta atsegina, Zubimuzu plazan urte askoan izan zen arrain saltzailea. Lan horrek, bestalde, beasaindar askorekin harremana izatera eraman zuen eta ondorioz oso ezaguna eta maitatua izatea. Gaur alkatearen zorionak eta lore sorta jasota, senitartekoez inguratuta ospatuko du bere eguna.
Juan Bautista Usabiagak 100
Juan Bautista Usabiaga Etxeberriak ere bere 100. urtebetetzea du gaur. Goyak bezala ehun bete zituenean, Leire Artola alkatearen bisita jaso eta oroitzapenezko plaka oparitu dio lore sortarekin batera. Hau ere oso gazterik hasi zen lanean. Erauskin auzora daraman bidearen eraikuntzan lan egin zuen, gero baita “fabrika handian” CAFen eta noski etxean, baserrian.
Jakinmin handiko gizona betidanik. Irakurtzea gustoko du eta liburuak oso estimatuak ditu. Gerra piztean 13 urte zituen eta libratu egin zen hara joateaz. 1971ko apirilean Joxepa Elustondo ibartarrarekin ezkondu eta harekin bizi da jaiotetxean. Futbolzalea ere bada eta Beasain KEko bazkide zaharrenetakoa izan da urte askotan. Alkatearen bisitarekin batera, etxean jaso ditu ere iloba eta senitartekoak gaurko eguna ospatzeko.