Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Haur eta nerabeen sexualitateari buruzko hitzaldiarekin emango zaio hasiera gurasoentzako formakuntza saioei

2023/01/20

Iazko esperientzia positiboaren ondotik Beasaingo Udalak Aldundiko Gazteria zuzendaritzarekin antolatutako Treba Gurasoak prestakuntza saioak errepikatuko ditu

Hitzaldiak, urtarrilaren 24an lehena eta otsailaren 8an bigarrena, Igartzako jauregian doan izango dira eta aldez aurretik izena eman beharko da

Treba Gurasoak prestakuntza eskaintzaren lehenengo edizioa aurreko ikasturtean jarri zen martxan eta emaitza positiboaren ondorioz aurtengoan ere Beasaingo gurasoei eskaintza bera egitea erabaki du Beasaingo Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzarekin elkarlanean antolatutako Treba Gurasoak prestakuntza-ekimenak, gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko helburua du.

Haur eta nerabeen heziketa-prozesuan, guraso guztiek behar dute momenturen batean laguntza, guraso bezala dituzten funtzioak era egokian garatzeko. Laguntza edo sostengu horrek, ordea, ez du izan behar konpontzailea edo terapeutikoa bakarrik; aitzitik, helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu. 

Sexualitatea eta bullying egoerak

Bigarren edizio honetan aurreko urteko esperientzian oinarrituta, parte hartu zuten gurasoek eskatutako gaiak eta proposatutako hobekuntzak kontuan hartu dira. Beasainen burutuko diren hitzaldiak bi, doan eta Igartzako jauregian izango dira arratsaldeko 18:00etan.

Lehena datorren urtarrilaren 24an. “Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsu bat izan dezaten?” izenburupean, nerabeen gurasoei zuzenduta egongo da. Trebatzailea Eider Goiburu izango da eta landuko diren edukiak aldaketa fisiko, psikologiko, emozional eta sozialak; harremanak (lagunak, bikoteak eta sexu-praktikak eta informazio-iturriak) eta sexualitateari buruzko arau sozialak izango dira. Nerabeen sexualitate aske eta osasuntsu baterako gakoak ere landuko dira.

Bigarren hitzaldian otsailaren 8an, “Bullying egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu” gaiaren inguruan arituko da Izaskun López de Torre. Familiei seme-alabentzako ingurune seguru eta babesleak sortzen laguntzea, eta egon daitezkeen arrisku-egoerak detektatzen eta identifikatzen ikastea, hala nola jazarpen- edo bullying-egoerak azalduko zaie.

Hitzaldiak euskaraz izango dira eta parte hartzeko, ondorengo estekan eman beharko da izena.