Udalak CAFeko gizarte arloarekin eta ASVIAMIE elkartearekin adostu bezala, Amiantorenei izeneko eskultura Juan XXIII kaleko kokapen berrira aldatu du behinik-behin
Behin Porteriko lanak amaituta, ibai ondoko paseora bueltatuko da Jose Miguel Iturrioz 15 parean
Eraispen lanen lehen egunetan, Porteria eremua osatzen duten eraikinetako eta inguruko urbanizazioko hainbat elementu eta hiri-altzari birkokatuak eta biltegiratuak izaten ari dira. Azken hauei dagokienez, egoera onean dauden aulki, farola, iturri eta barandak jaso egingo dira ondoren berrerabiliak izan daitezen. Baranden kasuan, fundiziozko elementu hauen 90 metro gordeko dira Zaldizurretako birbilgunetik gertu dauden kolore berdedun baranda zaharkituak ordezkatzeko asmoz. Aldiz, Porteria eraikineko egurrezko ate nagusia CAF enpresak birkokatu du bulego eraikin berriko geletako batean.
Lanen jarraipen zehatza egiteko, obren ardura duen enpresak eta udal teknikari eta arduradunak -Alkatea buru- obrara egindako bisitan zehaztu zituzten hurrengo egunetako eginkizunak. Bileran, urbanizazioko elementuak erretiratzeaz gain, eraikinen barruak hustutzen ari direla jakinarazi zaie Udaleko arduradunei, datozen egunetan hondeamakinak etor daitezen. Obra zuzendaritzaren arabera, eraikinetan Porterikoa izango da lehena eraisten eta hilabete amaiera aurretik hastea aurreikusten da.
Amiantorenei eskultura behin-behinekoz birkokatuta
Amiantoagatik hildakoen oroimenez eraikitako Amiantorenei izeneko eskulturari dagokionez, Udalak, CAFeko sindikatuekin eta Amiantoaz kaltetutakoen elkartearekin (ASVIAMIE) adostutako behin-behineko kokapenera mugitua izan da. Hain zuzen ere Juan XXIII kalearen hasieran dagoen zelaira. Horrela, oroigarriari leku duina eta presentzia eman nahi izan zaio lanak bukatu bitartean. Ibaia zabaltzeko lanak amaitzean, urbanizazio lanekin batera Jose Miguel Iturriozeko 15. zenbaki parean birkokatua izango da behin-betiko, etorkizuneko paseoaren zati zabalenean.