Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Herriko gazteak naturaren garrantziaz jabetzeko zuhaitz landaketa egin dute

2023/03/09

Sagastiguti parkean egin da aurtengo zuhaitz eguneko landaketa eta udal ordezkariek lehen hezkuntzako lau ikastetxeetako ikasleekin parte hartu dute ekimenean

Ingurumena babestu eta zaintzeko helburuaren baitan kokatzen da Udalak herriko ikastetxeetako lehen hezkuntzako ikasleekin burutu duen gaurko ekimena. Zuhaitz landaketa honekin, Udalak Beasaingo gazteengan eragin nahi du ingurumenarekiko sentsibilizazio eta errespetuan sakontzeko. Ekimen honekin, Garapen Jasangarriko helburu hauek betetzen dira: hiri eta komunitate jasangarriak sustatzea, klimaren aldeko ekintza eta lehorreko ekosistemetako bizitzan eragitea. 

Horretarako, zuhaitz egunean, Sagastiguti parkea aukeratu da zuhaitz landaketa egiteko. Adur Ugartemendia eta Edorta Díazekin batera, udalerriko lehen hezkuntzako lau ikastetxeetako ikasleen ordezkariak izan dira; Murumendi, Alkartasuna Lizeoa, La Salle eta Andramendi ikastola, ikastetxe bakoitzetik hiru-launa ikasle. Laguntza lanetan, udal teknikariak eta langileak izan dira. 

Urkiak eta Xarmak

Zuhaitz egunaren baitan burututako ekimenarekin gaztetxoak natura babestu eta zaintzeak duen garrantziaz kontzientziatu nahi dira. Ingurune berde eta zainduak sortu eta mantentzea du helburu Udalak eta horretan eragin du gaurko zuhaitz landaketak. Honela gaurtik aurrera, 12 zuhaitz gehiago egongo dira Sagastiguti parkean. Landatu diren espezieak hauek izan dira: hiru Urki (Betula sp.) eta bederatzi Xarma edo pago-lizar (Carpinus Betulus).  

Ingurugiroa eta honen babesa egungo eta etorkizuneko erronka dira ezbairik gabe. Izan ere, Klima Aldaketaren ondorioek bereziki eragingo die datozen belaunaldiei eta ezinbestekoa suertatzen da gaurtik pauso irmoak ematen hastea. Legealdi planaren ardatz nagusietako bat izanda, Udalak lanean jarraitzen du berebiziko garrantzia duen gai honi lotutako ekimenak aurrera eramanaz. Besteak beste, datozen urteetako proiektu eta esku-hartzeak egituratuko dituen Energia eta Klima Aldaketaren Aurkako plana. Horretaz gain, aurtengoan, ibaien garbiketa eta landare espezie inbaditzaileen erauzketa proiekturari jarraipena emango zaio.

zuhaitz eguna 2023 2

zuhaitz eguna 2023 3