Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Txakurrak adineko pertsonen ongizatean eragiteko saioak hasi dira

2023/04/21

Arangoiti egoitzan burutu den lehen saio praktikoan egoiliarrak txakurrekin elkar eragin dute kontaktu honek dituen onurak aprobetxatzeko 

Jabe eredugarri izateko aurtengo bigarren formakuntza ikastaroa maiatzean hasiko da

Txakur Eredugarri Programaren laugarren edizioaren barruan, hirugarren adineko pertsonekin lanketa berezia egiteko lehen saioa burutu da. Lehenengo aldiz egin den esperientzia berri hau, hartueman praktikoa izan da. Adineko pertsonei bereziki zuzendutako saioan txakurrekin elkar eragiteak dituen onurak aprobetxatu eta balioan jartzeko balio izan du. 

Txakurrak laztandu eta beraiekin komunikatuz, estimulazio kognitibo eta sentsoriala landu dute, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartu ere. Txakur bat ukitzeak, laztantzeak edo besarkatzeak ematen duen lasaitasunak hainbat osasun-onura ekartzen ditu berarekin; murriztu egiten da bihotz-maiztasuna, estresa, antsietatea, tentsioa, depresioa, nerbioak, haserrea, tristura eta bakardade-sentsazioa. 

Izan ere, adinean aurrera egin ahala, hainbat gabezia, egoera eta behar berri gertatzen dira, hala nola bakardadea, gaixotasunak eta patologiak, sedentarismoa, distimia eta adinarekin lotutako aldaketak.

Arangoiti Nagusien Egoitzan egin den saioa Beasaingo Kangune zentroko txakur hezitzaile profesionalen gidaritzapean burutu da. Loinatz Eguneko Zentroa, Ezkiaga auzoko Eguneko Zentroa eta Urbiberri gizarte egoitzan ere burutuko dira hurrengo ordubeteko saioak. 

Txakur Eredugarri Programako beste ekimenak

Txakur Eredugarri Programa egitasmoan ikusgarritasuna duen beste ekimenetako bat Euskal Artzain Txakurren erakustaldia da, iaz Igartzako Monumentu Multzoko zelaian lehenengoz egin zena. Saio honen helburua, gurea den eta desagertzeko arriskuan dagoen arraza bat ezagutarazi eta balioan jartzea da. Horretarako, txakur hauen gaitasun eta abileziak agerian jarriko dituen erakustaldia aste batzuk barru burutuko da. 

Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa

Egunetik egunera, handitzen doa maskota kopurua udalerrian. Horregatik, ezinbestekoa da txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza eta harreman egoki baterako baliabideak eta bitartekoak eskaintzea. Hori da Txakur Eredugarri Programarekin lortu nahi den helburu nagusia. Ekimen hau udal gobernuak bere legealdi planean zeukan aurreikusita eta pertsonen ongizatean eragitea du helburu. Herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuari jarraiki, txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzera dator eta animalien jabetza arduratsua sustatzea. 

Hasiera batean txakur jabeei soilik zuzendutako programa badirudi ere, gainontzeko herritarrentzako ekimenak ere badaude; honen adibide da “Txakurren Hizkuntza” izeneko ekimena. Bertan, haur eta nagusiei zuzendutako hitzaldiak eskainiko dira animalia hauengana nola gerturaru eta beraiekin nola jokatu erakusteko.

Txakur eredugarri programak, bitarteko ezberdinak erabiliz, txakurren eragina eta hauekin harremana izan dezaketen eremu eta eragile guztiengana iritsi nahi du. Horrela, txakur gorotzak kalean uztea edo txakurrak gune publikoan aske eramatea bezalako dinamikak ezabatu nahi ditu formakuntza eta sentsibilizazioaren bitartez. Beasaingo Udalak programa hau elkarlanean burutuko du Arriaran auzoan kokatuta dagoen Kangune txakurren trebakuntzan espezializatutako zentroaren laguntzarekin. Halaber, datorren hilabetean aurtengo edizioko bigarren formakuntza saioan parte hartzeko izen ematea irekita dago.

txakurrak Arangoiti0