Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Txakur jabe arduratsua izateko formakuntza ikastaroan izena eman daiteke

2023/04/26

Herritarren arteko bizikidetza hobetzeko helburuz Udalak sortutako programa aitzindariaren barruan kokatzen da formazio saioa

Doako ikastaroak abian jarri zirenetik guztira 90 jabe-txakur bikotek hartu dute parte formakuntzetan eta sozializazio paseoetan

2023ko Txakur Eredugarri Programaren bigarren formakuntza saioan parte hartzeko izen ematea zabalik dago. Herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuari jarraiki, Beasaingo Udalak sortutako programak laugarren edizio honetako doako bigarren formakuntza ikastaroa martxan jarri du honela. 

Aurten egingo diren Txakur Jabe Eredugarri izeneko formakuntza intentsiboetako hiru ikastaroetatik bigarrena izango den hau, zortzi saio presentzialez osatua dago. Maiatzaren 2an hasi eta asteartero burutuko da udaletxeko plazan arratsaldeko 18:00tan. Eskaera asko jasoko balira, bigarren talde bat ere osatuko litzateke. 

Honela, hurrenez-hurren astero burutuko dira saioak azterketara iritsi arte. Bertan, kanpotik etorritako hezitzaile-aztertzaile batek azterketa bat egingo die parte hartu nahi duten txakur eta jabe bikoteei. Horrela, azterketa gainditzen dutenek txakur heziketa titulu ofiziala jasoko dute.

Saio hauetara txakur jabeak txakurrekin etorri beharko dira, saioak praktikoak izango dira eta. Ekintza honetan parte hartzeko izena eman beharko da Beasaingo Udalaren webean aurkitzen den txakur eredugarri programako atalean helbide honetan .

Txakurrekin paseoak

Sozializazio paseoak ere jarraipena izango dute. Ostegunero errepikatuko dira. Jabeak eta txakurrak Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira arratsaldeko 18:00etan. Nahitaezkoa izango da kurtsoan izena ematea paseoetara batzeko.

Ekimen hau udal gobernuak bere legealdi planean zeukan aurreikusita eta pertsonen ongizatean eragitea du helburu. Kasu honetan txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzera dator eta animalien jabetza arduratsua sustatzea. 

Sentsibilizazio ekitaldiak eta adineko pertsonei zuzendutako tailerrak berreskuratu dira. Gainontzean, jabe eredugarri izateko formakuntzak, sozializazio paseoak eta Euskal Artzain Txakurren erakustaldiak osatuko dute aurtengo programa. 

Hitzaldiak eta tailerrak

Apirilean martxan jarri den beste edukietako bat hirugarren adinekoekin burutu diren tailer teoriko-praktikoak izan dira. Txakurrak laztandu eta beraiekin komunikatuz, estimulazio kognitibo eta sentsoriala landu dute, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartu ere. Arangoiti Nagusien Egoitza, Eguneko Zentroa, Ezkiagako Eguneko Zentroa eta Urbiberri gizarte egoitzan ordubeteko saioak egingo dituzte txakur hezitzaile profesional baten gidaritzapean. 

Hasiera batean txakur jabeei soilik zuzendutako programa badirudi ere, gainontzeko herritarrentzako ekimenak ere badaude; honen adibide da “Txakurren Hizkuntza” izeneko saioa. Bertan, haur eta nagusientzat hitzaldi bana emango dira animalia hauengana nola gerturatu eta beraiekin nola jokatu erakusteko.

Arduraz jokatu

Egunetik egunera, handitzen doa maskota kopurua udalerrian. Horregatik, ezinbestekoa da txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza eta harreman egoki baterako baliabideak eta bitartekoak eskaintzea. 

Txakur eredugarri programak, bitarteko ezberdinak erabiliz, txakurren eragina eta hauekin harremana izan dezaketen eremu eta eragile guztiengana iritsi nahi du. Horrela, txakur gorotzak kalean uztea edo txakurrak gune publikoan aske eramatea bezalako dinamikak ezabatu nahi dira formakuntza eta sentsibilizazioaren bitartez. Beasaingo Udalak programa hau elkarlanean burutzen du Arriaran auzoan kokatuta dagoen Kangune txakurren trebakuntzan espezializatutako zentroaren laguntzarekin.