Loinatz jaien atarian, kontsumo egoerak ez ezik, beste zenbait arloei buruzko gomendioak eman dizkiete ikasleei
Herritarren ongizatea eta bizikidetza ona sustatzearen alde, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzako agenteak DBH2 eta DBH3ko ikasleei jaietan gerta litezken egoera ezberdinei buruzko gomendioak eta jarraibideak azaltzen izan dira. Helburua, jaien testuinguruan ohikoak diren egoeretan nola jokatu azaltzea da, eta bide batez egoera hauen aurrean prebentzioa sustatzea.
Alkohola eta drogen inguruko kontsumoa ez da landutako gai bakarra. Kontsumoak sortzen dituen egoera ezberdinak, dokumentazioaren (NAN) kopia eramatearen garrantzia, lapurretatik babesteko nola jokatu, "arma txuriak", edota sumisio kimikoa ere aztergai izan dira.
Adin hauetan, taldearen eta lagunen babesaren garrantzia azpimarratu zaie ikasleei, alegia bakarrik inor ez uztea. Bestalde, desberditasunak eta bazterkeriaren inguruan, “bullying”-ari buruz sentsibilizatzeko azalpenak eman dituzte.
Beste gaien artean, gazteek erabiltzen dituzten ibilgailuei buruz, patinete elektrikoaren erabilera eta trafiko legearen berritzeak ibilgailu honen inguruan ekarri dituen betebeharrak azaldu dira. Gazteak ere ibilgailu hauen gidariak direla azaldu zaie, patinete elektrikoa iada trafiko zuzendaritzak ibilgailu bezala izendatu duelako.
Amaitzeko bizikidetza ere landu da. Soinua edo musika zaratatsuari buruz, pixa edonon ez egitea eta sortzen duten zaborra behar den tokian jaso behar dela azaldu da. Gizalegez eta jokabide zuzenak guztion mesedetan elkarbizitza ona eraikitzeko beharrezkoak direla adierazi zaie ikasleei.
Agenteak, Txindoki institutuan, Loinazpe ikastetxean, La Sallen eta Andramendi ikastolan izan dira hitzaldiak ematen.