Ordenantza berriak etxebizitzetara iristeko beharrezkoak diren igogailu edo arrapalak egiteko prozesua erraztuko du. Araudiak alegaziorik jaso ez duenez indarrean sartu da
Mugikortasun urriko pertsonen beharrei egokitutako udalerri atsegin, eroso eta irisgarriagoa eraikitzen jarraitzeko helburua betez indarrean sartu da eta udal web orrian aurkitzen da argitaratua etxeetako irisgarritasuna bermatuko duen udal-ordenantza.
Arrapalak edo igogailuak jartzeko garaian, ohikoa da eraikinean eskilaretako barnehutsetan lekurik ez izatea. Horrelakoetan, eraikinaren barneko beste azalera batzuk okupatu behar izaten dira, eraikinen espazio amankomunak erabiliz eta ezinbestekoa denean, eraikinaren behe-solairuko lokal pribatuei espazioa kenduz. Azken kasu hau ematen denean, jabekideen irisgarritasun eskubideak talka egin dezakete lokaletako jabeen asmo edo interes pribatuekin, birgaitzerako beharrezkoak diren baldintzak zapuztuz eta prozesua blokeatuz.
Beharrezkoa den espazioa ahalbidetzea
Bizileku-erabilerarako eraikinetan dauden etxebizitzen irisgarritasuna sustatzeko udal ordenantza honen helburua, egoera horiei irtenbidea emateko araudia sortu da. Etxebizitzetara modu irisgarrian ailegatzeko egin beharreko lanak hala eskatzen duenean, lokal zatien desjabetzeak egiteko ahalmena emango dio Udalari. Horretarako, jabekideek edo obraren sustatzaileek justifikatu egin beharko dute irisgarritasuna bermatzeko arrazoizko interbide tekniko bakarrak, azalera horren desjabetzea eskatzen duela proiektua egikaritzeko.
Aldi berean, jabekideen artean mugikortasun urriko pertsonak daudela justifikatu beharko da. Zentzu honetan, ahalmen urritasuna akreditatuta duten pertsonez gain, 70 urtetik gorako bizilagun orok mugikortasun urriko pertsonen trataera izango dute obraren beharra justifikatze aldera. Honela, beste urrats bat eman da udalerrian irisgarritasuna hobetzeko.