Lorategiak eta berdeguneak instalatzeko eragiketako prestakuntza burutu dutenei gaitasun profesionala ziurtatzen duten diplomak banatu dituzte Goiekin
Beasaingo Udalak langabezia gutxitu eta kalitatezko enplegua sustatzeko helburuaren baitan, baztertze arriskuan dauden langabetuak gizarteratzeko eta laneratzeko eskualdeko lankidetza sarean parte hartzen du "Elkar Ekin Lanean" programaren bidez
Langabezia murriztu eta kalitatezko enplegua sustatzeko helburuarekin azken urteetan formakuntza ibilbide desberdinak garatu eta eskaini dira eskualdeko eragileekin lankidetzan Goiekin. Hainbat dira 2023-2024an eskaini diren formakuntza aukerak; lorezaintza, ehungintza, zaintza soziosanitarioa, gainazal eta altzarien garbiketak…
Ekitaldian goraipatu eta balioetsi nahi izan den ibilbidea, Lorategiak eta berdeguneak instalatzeko eragiketen prestakuntza izan da. Nazionalitate desberdinetako 16 pertsonak egin zuten ikastaroa, eta parte-hartzaileen %80a 26-49 urte arteko ikasleak izan ziren. Jatorriari dagokionez, %58 nigeriarrak. Bestalde, azpimarratu nahi da partaide guztien artean 5 pertsona eskualdeko herritarrak izan direla.
Taldea martxoan hasi zen ibilbidearekin, eta Fraisoro Eskolak 2 hilabeteko prestakuntza teknikoa eman ondoren, hainbat hilabetez ibili dira eskualdeko hainbat udaletxetako brigadetan ikasitakoa praktikan jartzen. Aldi berean, gaitasun digitalak landu dituzte Goierri Eskolaren bidez, eta Ede Fundazioarekin, Emaktiva programaren bidez, gaitasun soziolaboralak.
Ibilbide honi guztiari amaiera emateko, Goiekiko instalakuntzetan diploma banaketa ekitaldia antolatu zen. Bertan, ikasleez gain, eskualdeko inklusio sarea osatzen duten eragileak (Goierri Eskola, Gurutze Gorria, Caritas, Sarea Fundazioa, Ede Fundazioa, Prospektiker eta Goieki), Adur Ezenarro, Ordiziako udaletxeko alkatea, eta Elena Ruiz, Beasaingo udaletxeko zinegotzia egon dira.
"Elkar Ekin Lanean"
Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak finantzatutako “Elkar-EKIN Lanean” estrategiaren barruan kokatzen da. Finantzazioaren %85a Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio eta %15a Goierriko udalei. “Elkar-EKIN Lanean” enplegu programa, Eskualdeko Gizarteratze Sarean parte hartzen duten erakundeek egindako lankidetza-lanaren emaitza da. Helburua, baztertze arriskuan dauden langabetuak gizarteratzea eta laneratzea da. Ekimen honen bidez ere, pertsonak enplegu hobea lortzera bideratu nahi da, lurraldean kalitatezko enplegua gara dadin. Horretarako alor ezberdinetako prestakuntza kualifikatuak eskaintzen dira.