Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Ingurumena

Tapoiak birziklatzeko edukiontzia jarrita ingurumenaren alde egiteko gonbita

2024/10/08

Hondakinak bigarren aukera bat izan dezake eta irakaspen hori zabaldu nahi da gaztetxoengan

Jasotako tapoiekin eserlekuak egingo dira eta horietako bat jarri da erakusgai Erauskin plazan egindako aurkezpenean

Udal ordezkariek eta herriko ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak Erauskin plazan kokatu den tapoiak biltzeko edukiontzi berriaren aurkezpenean izan dira gaur goizean. Bihotz itxura duen edukiontzian utzi ahal izango dira plastikozko tapoiak birziklatu ahal izateko. Bigarren erabilera emango zaie tapoiei eta hauek bildu eta txikitu ostean bankuak egingo dira. Banku bakoitza egiteko 3.500 tapoi behar dira eta horietako adibide bat ere erakutsi dute. Egitasmo hau ezagutarazteko oraingo honetan kolore ezberdinetako 6 banku egingo dira eta Beasainen puntu ezberdinetan kokatuko dira.

Birziklapena eta ingurumen-jasangarritasuna

Plastikozko tapoiak biltzeko edukiontziak jartzeko egitasmo honek, bi helburu nagusi bete nahi ditu udal agintariek adierazi dutenez. Nagusiki ingurumenarekin eta ekonomiarekin zerikusia duten arrazoiak dira. Egungo gizartean hondakinen arazoak bere horretan dirau eta ekonomia zirkularrago baterako trantsizioa ahalbidetzeko erronka nagusia hondakina desegin beharreko arazoa izatea baino baliabidea izatea lortzea da. 

Plastikozko botiletako tapoiak jasoko dira eta produktu berri bat egingo da. Sortu den hondakinari bigarren bizitza emanez eta ekonomia zirkularreko ekintza bat izango da. Jasotako tapoiak ekonomia zirkularreko prozesuetan integratu nahi dira, non birziklatutako materialak produktu berri bihurtzen diren, baliabide ez-berriztagarrien erabilera murriztuz eta hondakinen sorrera murriztuz.

Ingurumenari kalte egiten dioten hondakin plastikoak murriztea da beste helburu nagusia. Plastikozko tapoiak birziklagarriak dira, baina behar bezala banatzen ez badira, zabortegietan edo erraustuta amaitzen dute. Prozesu horrek ingurumen-kutsadura areagotzen du, eta, beraz, horiek berariaz jasotzeak eragin ekologikoa murrizten laguntzen du.

Tapoiak dentsitate handiko polietilenoz (HDPE) edo polipropilenoz (PP) eginak daude, eta material horiek birziklatu egin daitezke beste produktu batzuk egiteko, jatorrizko lehengaiak erabiltzea saihestuz eta baliabide naturalak kontserbatuz. Kasu honetan, bankuak egingo dira hiri-altzarietarako.

Hezkuntza eta sentsibilizazioa

Birziklatzeari buruzko kontzientziazioa zabaltzeko, ekitaldian herriko ikastetxeetako ikasleen ordezkariak ere egon dira. Edukiontzien inplementazioarekin batera, birziklapena eta jasangarritasuna sustatzen duten hezkuntza-programak garrantzitsuak ere badirelako. Horrek kontsumo-ohiturak aldatzen eta etorkizuneko belaunaldiak ingurumena zaintzearen garrantziaz hezten laguntzen du.

Honelako ekimenei esker, pertsona gehiagok jakin dezake zenbat hondakin plastiko sortzen ditugun eta arazoa ikusaraziz, kontsumoa murriztu eta kudeaketa hobetu beharra dagoela jakinarazten da. .

Horretaz gain, Ekonomia zirkularrareko ekintza honekin inpaktu positiboa sortzen dugu Agenda 2030 aren barruan, 12. Garapen Jasangarrirako Helburuen barruko “Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak” helburuan.

Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak diruz lagundu du. 

tapoiak edukiontzia1