Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Araudiak

Kolektorera isurketa arautzeko erregelamendua

2003/11/19

  GAO 2003ko azaroaren 19a 221. ZK

Beasaingo Udaleko Kolektoreetako Isurketak Araupetzen dituen Erregelamendua.

1. artikulua.Helburua

Erregelamendu honen helburua Estolderi Publikoaren Sarera egindako hondakin-uren isurketak araupetzea da, xedeak ondoren adierazitakoak izanik.

  • Sarea eta dagozkion instalazio osagarriak babestea.
  • Ustiapeneko eta mantenimenduko pertsonalaren segurtasuna garantizatzea.
  • Araztegiko arazketa biologikoaren prozesuak ez etetzea edo eragoztea.
  • Efluenteen eta/edo ur-hartzailearentzako kalitate-helburuak betetzea, hain zuzen ere Organo Eskudunak ezarritakoak.
  • Lohiak Hondakin toxiko arriskutsu gisa sailkatu ez daitezen garantizatzea.
  • Araudi hau, Beasaingo udalerrian orain edo ondoren ihardunean jarriko diren instalazio, establezimendu, iharduera, industria edo biltegi, publiko eta pribatuei, jabea edozein delarik, ezartzekoa da.

2. artikulua.Aplikazio-eremua

Erregelamendu hau Beasaingo udalerrian aplikatuko da.

3. artikulua. Definizioak

Estolderi Publikoaren Sarea:
Hondakin-urak bildu eta Araztegiraino eramatea ahalbidetuko duten jabego publikoko obren edo instalazioen multzoa.

Estolderi Pribatuaren Sarea:
Jabego pribatuko instalazioen multzoa, iharduera edo etxe batetik edo gehiagotik datozen hondakin-urak bildu eta Estolderi Publikoaren Sarera isurtzen dituztenak.

Araztegia:
Egitura, mekanismo eta instalazioen multzoa, Saneamendu Publikoaren Sareetatik datozen hondakin-uren arazketarako beharrezkoak.

Hondakin berezien planta zentralizatua:
Izaera publiko edo pribatuko egitura, mekanismo eta instalazioen multzoa, aldez aurretik tratatuak izan badira ere Estolderi Publikoan onartezinak diren hondakin-urak tratatzera zuzendutakoak.

Erabiltzailea:
Pertsona naturala edo juridikoa, etxebizitza, iharduera, denda edo industria baten titularra, hondakin-urak sortzen dituena.
Erabiltzaileak ondorengo mota hauen arabera sailkatzen dira:

A Mota: Ura soilik bere etxebizitzan erabiltzen duena, bestelako merkataritza- edo industria-erabilerarik gabea, betiere ur-erabilpenak 1.000 m³ / urte / etxebizitza kopurua gainditzen ez duen bitartean.

B Mota: 1.000 m³ / urte / etxebizitza baino kontsumo handiagoa egiten duten etxebizitzak eta 15.000 m³ / urte / etxebizitza baino kontsumo txikiagoa egiten duten merkataritza, industria edo bestelako jardueretan diharduten erabiltzaileak eta 150 biztanleren baliokidea baino gutxiagoko karga dutenak.

C Mota: 15.000 m³ / urte / etxebizitza baino kontsumo handiagoa egiten duten merkatal edo industri jardueren ur erabiltzaileak, edo udalerritik kanpoko ur-baliabideak erabiltzen dituztenek, ura biltegiratzen dutenek, edo isurkin toxiko eta arriskutsuen oinarrizko Legearen Erenskinean substantzia edo materia toxiko edo arriskugarritzat zerrendatzen diren substantzietakoren bat erabiltzen dutenek.

Biztanle Baliokidea:
Karga organiko biodegradagarria, eguneko 60 gr oxigenoko 5 eguneko oxigeno-eskari biokimikoa duena (DBO5).

4. artikulua. Estolderi publikoaren sareari buruzko erabilera

Estolderi Publikoaren Sarea derrigorrez erabili beharko dute 150 biztanle baliokidetik beherako karga duten isurketen eragile guztiek, hurbilen dagoen Estolderi Publikoaren Saretik 200 m.tara edo gertuago ezarrita daudenean, eta beti ere kolektoreentzako substantzia agresiboak edo metal pisuak eta arazketa-prozesua etengo duten substantziak isurtzen ez dituztenean. Erabiltzaile horiek beharrezko obra guztiak egingo dituzte isurketak Estolderi Publikoaren Sarera eramateko, Beasaingo Udalak adierazitako baldintzetan.
Nekazaritzaren eta abere-hazkuntzaren kutsadura, 2000 biztanlera arteko gune txikientzako, Kolektorerako ez dira onartuko nekazaritzaren eta abere-hazkuntzaren ustiapenetik datozen urak, famili-ustiapen txikien kasuan izan ezik; kasu horretan, gehienez abere-kopuru hauek izango dituzte:

  • Azienda larria: 4 buru + .
  • Txerri-azienda: 6 buru.
  • Ardi-azienda: 61 buru.
  • Edo horien konbinazioak.

Gainerako ustiapenetatik sortutako hondakin-ura industri isurketa gisa hartuko da, eta erregelamendu hau bete beharko du.
Gainerako erabiltzaileek urak Estolderi Publikoaren Sarera eraman ahal izango dituzte, Beasaingo Udalaren isurketa-baimenarekin, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera, edo zuzenean ubide publikora isuri ahal izango dituzte, aurrez Aginte Eskudunaren baimena lortu ondoren.

5. artikulua.Estolderi publikoaren sarerako hartunea.

Industri pabilioien edo eraikinen multzoetako isurketak lotune bakar batez bideratuko dira Estolderi Publikoaren Sarera, Beasaingo Udalaren ustez behar bezala egiaztatutako zirkunstantzietan izan ezik. Beren hondakinak Estolderi Pribatuaren Sare bakar baten bidez kanporatzen dituzten Estolderi Publikoaren Sarearen erabiltzaileak titular bakar gisa hartuko dira Kolektorearen sostengu, mantenimendu eta konponketa-gastuetan parte hartzeko ondorioetarako, eta beraz aipatutako Sare horren bidez egindako isurketei dagozkien kuotak agiri bakar batean igorriko dira, aipatutako erabiltzaileen artean ondoren banatzeko, solidarioki erantzungo dutelarik. Helburu horrekin, Estolderi Sare bakar baten erabiltzaileek ordezkari bat izendatu beharko dute Udaletxearen aurrean.

Estolderi Pribatuaren Sarea Estolderi Publikoaren Sarera lotu edo txertatzeko baimena emateko, Beasaingo Udalak ezarritakoaren arabera, ez da beharrezkoa aipatutako Estolderi Pribatuaren Sare horretara lotutako industri iharduera bakoitzeko isurketen baimena izatea; ordea, aipatutako Sare horretan isurketak egin aurretik Erabiltzaile bakoitzak Isurketa-Baimena lortu beharko du Beasaingo Udalaren aldetik.

Estolderi sare pribatuak izaera bereizlea izan beharko dute, ibai-urak zuzenean ubidera eraman behar direlarik. Sare pribatuek, erabiltzaile bat baino gehiago dituztenean, erabiltzaile bakoitzaren isurketak kontrolatzea ahalbidetu beharko dute. Substantzia toxikoak edo etetzaileak edo 150 biztanle baliokidetik gorako karga ekar ditzaketen erabiltzaileek, aldez aurretik kontrol-kutxeta bat instalatu beharko dute beren lotunera. Kutxeta horiek ondoren adierazitako bi mota hauetakoak izan beharko dute:

2. motako kutxeta: Estolderi Publikoaren Sarean onartezinak diren substantziak isurtzea gerta daitezkeen fabrikazio-prozesuak jarraitzen dituzten erabiltzaileetan instalatuko da kutxeta-mota hau. Gainera, kutxeta-mota honetan, parametro jakin batzuk neurtu beharko dira jarraian, hain zuzen ere Beasaingo Udalak zehaztuko dituenak fabrikazio-prozesuan erabilitako produktuen eta egindako isurketaren ezaugarrien arabera.
1. motako kutxeta: Estolderi Publikoaren Sarera 150 biztanle baliokideren kargarekin isurketak egiten dituzten gainerako erabiltzaileentzat.

 

6. artikulua.Isurketa debekatuak eta mugatuak

6.1.Debekuak.

Debekatuta dago ondoren adierazitako edozein produktu Estolderi Publikoaren Sarera isurtzea:
a. Ondorengo ondorioren bat ekar dezakeen edozer gauza:

  • Nahasketa sukoien edo lehergarrien eraketa.
  • Instalazioen materialekikoondorio korrosiboa.
  • Tutuetako sedimentuak, oztopoak edo trabak, urak aise jariatzea eta mantenimendu-lanak eragozten dituztenak.
  • Giroaren baldintza toxikoak, arriskutsuak edo jasangaitzak sortzea, instalazioen ikuskaritza, garbiketa, mantenimendu edo funtzionamenduko pertsonalaren sarbiderako oztopo izango direnak.
  • Araztegiko prozesuen eta eragiketen gorabeherak, beren diseinuan aurrikusitako tratamendu-mailak lortzea eragozten dutenak.

b. Ondoren adierazitako produktuak:

  • Gasolioa, bentzenoa, nafta, fuel-oil, petrolioa, olio hegazkorrak, toluenoa, xilenoa edo edozein solido, likido edo gas sukoi edo lehergarria.
  • Kaltzio-karburoa, bromatoa, kloratoak, hidruroak, perkloratoak, peroxidoak, etab., eta izaera inorganikoa duen edozein substantzia solido, likido edo gaseoso, potentzialki arriskutsua.
  • Solido, likido edo gas toxiko nahiz pozointsuak, puruak edo beste hondakin batzuekin nahastuak, Sareaz arduratzen den pertsonalarentzat arriskutsuak izan daitezkeenak edo molestia publikoren bat sor dezaketenak.
  • Errautsak, iduriak, harea, lumak, plastikoak, egurra, odola, zimaurra, animalien hondakinak, ileak, erraiak, eta trabak eragin edo artapen eta garbiketa-lanak oztopatu dezaketen bestelako gorputzak.
  • Disolbatzaile organikoak, pinturak eta koloratzaileak edozein neurritan.
  • Mehatz, landare edo animalien olioak eta/edo koipeak.
  • Produktu toxikoei edo arriskutsuei buruz indarrean dagoen legerian barne hartzen diren produktu guztiak.

c. Ondoren adierazitako isurketak:

  • Industri isurketak, likido-kontzentratu-baztergarrienak, tratamendua Planta espezifikoari nahiz Planta zentralizatuari dagokionean.
  • Isurketa etenak, erregaiak, erreaktiboak edo lehengaiak biltegiratzeko tankeak garbitzetik sortutakoak. Garbiketa-lan horieko isurketak Estolderi Publikoaren Sarera kanporatzea eragotziz egingo dira.

d. Ur garbiak:

  • Debekatuta dago isurketetan diluzio-urak erabiltzea, larrialdiko egoeretan edo egoera arriskutsuetan izan ezik.
  • Ez da onartuko ur garbiak (zirkuitu irekiko hozketakoak, ibai-urak, etab.) Estolderi Publikoaren Sarera hustutzea.


6.2.Mugak.

1. taulan (II eraskina) adierazitako mugak ezartzen dira. Jasotako balioak ez dira absolutuak, malguak baizik; horregatik, muga horiek aldatu ahal izango dira kutsatzaile jakin batzuen balantze orokorrek, emaitzazko diluzio-mailek eta organo eskudunak ezarritako kalitate-helburuek hala justifikatzen dutenean. Erabiltzaileren batek 1. taulan barne hartu ez den substantziaren bat isuriko balu, kasu bakoitzean isurketa-muga aztertuko litzateke.


7. artikulua.Ikuskaritza

Beasaingo Udalaren pertsonalak behar bezala egiaztatutako sarbidea izango du erabiltzailearen instalazioetara.
Laginak hartu, emariak neurtu, ibai-uren sareak, isurketa orokorra osatzen duten banakoaren isurketak, bai eta isurketa orokorra ere aztertu ahal izango dituzte. Gainera, Isurketa-Baimenean kontrolerako ezarritako elementuak ikuskatu ahal izango dituzte, bai eta neurtutako datuak bildu ere, erabiltzailearekin batera Ur-balantzea egiaztatzea eta araudi honetan ezarritako gainerako betebeharrak betetzen direla berraztertzea.
Ikuskaritzak egiten ez uzteak edo datuak nahiz laginak ez emateak desobedientzi santzioa ekarriko du berekin, eta legez kanpoko isurketatzat hartuko da, eta horren ondorioz Isurketa-Baimena etetzeko espediente bat irekiko da.
Ikuskaritza amaitu ondoren, gertatutakoa jasoko duen akta egingo da, erabiltzailearen ordezkariak eta ikuskariak sinatutako dutena.


8. artikulua.Aurretratamendua

Ezarritako mugak gainditzen dituzten hondakin-urak isurtzen dituzten industri iharduerek dagozkien aurretratamenduak barneratu beharko dituzte, erregelamendu honetan ezarritako mugak betetzen dituztela garantizatzearren.
Aurretratamendu hau egiteko beharrezko instalazioak Estolderi Pribatuaren Sarekoak izango dira, eta behar adina xehetasunarekin deskribatu beharko dira Isurketa-Baimenaren eskarian, eskari horri dagokion proiektua eta bere eraginkortasunaren azterketa eta kalkulu justifikatzaileak erantsiko zaizkiolarik.
Isurketa-Baimena aurretrata- menduaren eraginkortasunaren baldintzapean geratuko da; hala, isurketak ez baditu aurrikusitako emaitzak betetzen, baimen hori indargabetuta geratuko da eta hondakin-urak Estolderi Publikoaren Sarera isurtzea debekatu egingo da. Orduan, erabiltzaileak hondakin-urak Estolderi Publikoaren Sarera isurtzea eragozteko behar izango diren lanak egin beharko ditu 24 orduko epean, hori egitea eskatu ondoren alegia. Bestela, Beasaingo Udalak isurketa hori eragoztearren behar diren lanak egiteko ahalmena izango du, edozein kasutan, Erabiltzailearen kontura.
Erabiltzaileak ezin badu erregelamendu honetan ezarritako mugen barruan isurketak mantentzea lortu, isurketa horiek sortzen dituen iharduera eten edo isurketa berezien planta zentralizaturen batera kanporatu beharko ditu.

9. artikulua.Larrialdiko egoera

Isurketak Kolektorera egiten edo egitea aurrikusten duten erabiltzaileek neurri egokiak hartu beharko dituzte Erregelamendu honetan ezarritakoa hautsiko duten ustegabeko isurketa-deskargak eragoztearren. Debekatutako substantziak isurtzeko arriskua egongo balitz, erabiltzaileak Beasaingo Udalari jakinarazi beharko dio instalazioak babesteko bidezko neurriak hartzearren.
Ondoren, behean adierazten diren datuak jasoko dituen txosten xehekatu bat bidaliko dio Beasaingo Udalari:

  • Isurketaren ezaugarri fisiko-kimikoak. Tipologia.
  • Isurketaren bolumena.
  • Iraupena.
  • Deskargaren kokapena.
  • Deskargaren eragileak.
  • Hartutako neurriak eta zuzenketak, isurketa horiek etorkizunean berriro ere sor ez daitezen.
  • Beasaingo Udalak larrialdi edo arrisku-egoera sortu zuten arrazoiak aztertu ahal izango ditu, eta hori ihardueraren titularra erantzule egitearen kaltetan izan gabe.

10. artikulua. Laginak eta analisiak

Analisiak, emariarekiko proportzioan integratuta edo bere osagai diren berehalako laginen gainean, edozein isurketa indibidualean edo orokorrean ateratako laginen gainean, eta edozein tartetan egingo dira.
Erabiltzaileari erregistro-kutxetan instalatzea eskatu zaion ekipoak behar bezalako funtzionamendu eta kalibrazio-baldintzetan egongo dira.
5. artikuluan adierazitako hitzetan kontrol-kutxeta bat instalatu behar duten erabiltzaileek Estolderi Publikoaren Sarera egindako isurketen autokontrol bat egin beharko dute, eta Beasaingo Udalak ezarritako maiztasunarekin (beti ere hiru hilabetetik gora) txosten bat bidali beharko dute egiten duten isurketaren ezaugarriei buruz (parametroen kontzentrazioa, emaria, pH, etab.).
Beasaingo Udalak bidezko deritzon maiztasunarekin egin ahal izango ditu kontrol-analisiak.
Beasaingo Udalak jasotako laginak erdibitu egingo dira horietako bat erabiltzailearen eskueran utziz eta bestea Beasaingo Udalak aukeratutako laborategi homologatuan aztertuz, isurketen analisirako ondoren adierazitako txostenean identifikatutako analisi-metodoak erabiliz: «Standard Methods for the Examination of Water and Wastewater», American Public Health Association (APHA), American Water Works Association (AWWA) eta Water Pollution Contro Federation (WPCF) erakundeek argitaratua.
Analisirako metodoak aldaketetara eta indarrean jarriko diren metodo berrietara egokituko dira.
Analisiaren emaitzetan adostasunik ez badago, Beasaingo Udalak laginketa-forma eta mota, eta zehaztu beharreko parametroak definituko ditu, bai eta laginketa hori egingo den laborategi homologatua ere. Laginketaren edo langinketen kostua eta ziurtapen-analisia erabiltzailaren kontura izango da, baldin eta aurretik lortutako emaitzatik + %20ko diferentzia antzematen bazaio emaitzari.

11. artikulua.Isurketa-baimena

A eta B motako erabiltzaileek udal lizentzia-atalak barne duen isurketa-baimena eskatu beharko dute Udaletxean. Araudi hau indarrean jartzen denetik 3 hilabeteko epean, isurketa-baimena eskatu beharko dute C motako erabiltzaileek. Aipatutako baimena eskatzeko ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

  • Ihardueraren izena eta gizarte-egoitza.
  • Uren jatorria: Emaria eta erabilera.
  • Hondakin-urarentzako hartutako Aurretratamenduen deskribapena proiektu teknikoaren bitartez, bai eta horien eraginkortasuna ere.
  • Estolderi Publikoaren Sarera Isuritako Uraren ezaugarriak, emariak eta horien erregimena bereziki adieraziz, eta erregelamendu honetan mugak ezarri zaizkien substantzien kontzentrazioak eta ezaugarriak.
  • Hartutako segurtasun- dispositiboak, Estolderi Publikoaren Sarera isur daitezkeen lehengaien edo landutako produktu likidoen biltegiratze-elementuetan sor daitezkeen ezbeharren prebentziorako.
  • Bilketarako Barne-Sarearen eta aurretratamendurako instalazioen planoak, bai eta erregistro-kutxetarena eta segurtasun-dispositiboena ere.
  • Isurketak zehazteko eta ezaugarriak adierazteko beharrezko datu guztiak.
  • Eskarian adierazitako datuak ikusita, Beasaingo Udalak, 2 hilabeteko epean, baldin eta datu osagarriak eskatzen ez badira, ahalmena izango du:
  • Baimena besterik gabe emateko, beti ere eskarian aurkeztutako datuak betetzen badira.
  • Baldintzekin emateko.
  • Ukatzeko, arrazoiak azalduz.

Isurketa-Baimenean, Beasaingo Udalak karga kutsatzailea zein den zehaztuko du. Bere izaera autonomoaz gain, Iharduerarako Udal-Lizentzian barne hartzen den baldintzetako bat da, industri iharduerak ezarri eta martxan jartzeko, eta beraz isurketa-baimena indargabetuta geratuko balitz gauza bera gertatuko litzaioke Udal-Lizentziari, ihardueraren funtzionamendua etetzera behartuta egongo litzatekeelarik.

12. artikulua.Erabiltzailearen bete-beharrak

5. artikuluan adierazitako hitzetan kontrol-kutxeta instalatu behar duten erabiltzaileak behartuta daude:

  • Emandako Baimenean adierazitakoaren arabera isurketak egitera.
  • Titulartasun-aldaketa jakinaraztera.
  • Isurketa-bolumenean izandako edozein aldaketa edo %10etik gorako parametroen kontzentrazioetako bariazioak jakinaraztera.
  • Isurketa-Baimen berria eskatzea, merkataritza-ihardueran edo industri prozesuan aldaketa kualitatibo edo kuantitatiborik egongo balitz.

Beasaingo Udalak aurretik adierazitako betebeharrak betetzea eskatu ahal izango die Erabiltzaileei, baldin eta dagokien aldaketen berri izango balute.

13. Artikulua - Arau-Hausteak

13.1.  Arau hausteak ondoren adierazitako hauek izango dira:

  1. 6.1. apartatuan jasotako debekuak bete gabe isurketak egitea.
  2. 6.2. apartatuko 1. taulan ezarritako mugak gaindituz isurketak egitea.
  3. Ikuskaritza, jagoletza eta kontrol-funtzioak oztopatu edo eragoztea.
  4. Beasainko Udalak eskatutako informazioa ukatzea edo eman nahi ez izatea, hain zuzen ere egingo den isurketa edo dagoeneko egindakoa ezagutzeko beharrezkoa.
  5. 12. artikuluan erabiltzailearentzako ezarritako betebeharrak ez betetzea.
  6. Arrisku edo larrialdiko edozein egoera ez jakinaraztea.
  7. Titulartasun-aldaketen berri ez ematea.
  8. Araudi honen 12. artikuluan adierazten denez, jardueraren edo isurkinen kalitatearen berri ez ematea.
  9. Orokorrean, Erregelamendu honetan ezarritakoa bete gabe edozein iharduera edo ekintza betetzea.

13.2. Arau-hausteak honela sailkatzen dira:

13.2.1. Arinak

  1. Estolderia Publikoaren Sarean, instalazioetan, Araztegietan edota hirugarren pertsonei 450,76 euro baino gutxiagoko kalteak eragiten dizkieten egiteak eta ez-egiteak.
  2. Ikuskapen, jagoletza eta kontroleko eginkizunei eragozpenak jartzea.
  3. Araudi honetan ezarritako mugak ez betetzea, isurketa-baimenari dagokionez, azken hauek desberdinak diren kasuan.
  4. Titulartasun-aldaketen berri ez ematea.
  5. Jardueraren edo isurkinen kalitatearen berri ez ematea.
  6. Araudi honetako edozein debeku ez betetzea edo betebeharreko egitekoak ez egitea; beti ere, arau-hauste larri edo oso larriak ez direnean.

13.2.2. Larriak

  1. Estolderia Publikoaren Sarean, instalazioetan, Araztegietan edota hirugarren pertsonei 450,76 eta 4.507,59 euro bitarteko balorazioa duten kalteak eragiten dizkieten egiteak eta ez-egiteak.
  2. Debekatutako isurketak egitea.
  3. 13. Artikuluaren 2.1. saileko b, c eta d atalak, aldez aurretik kausa berberagatik beste zigor bat jarri izan balitzaio.
  4. Arrisku edo larrialdi egoera baten berri ez jakinaraztea.
  5. Egin beharreko isurketa edo egindako isurketaren berri zehatza izateko Beasainko Udalak eskatutako beharrezko informazioa emateari uko egitea edo zailtasunak jartzea.

13.2.3. Oso larriak

  1. Araudi honetan zerrendatutako arau-hauste arin eta larriei dagozkielarik, egiteak eta ez-egiteak Estolderia Publikoaren Sarean, instalazioetan, Araztegietan edota hirugarren pertsonei 4.507,59 euro baino gehiagoko kalteak eragiten zaizkienean.

13.3. Arau-hausteen ondorioz, ondoren adierazitako santzioak edo betebeharrak ezarriko dira:

  1. Isuna.
  2. Isurketa-Baimenaren kautelazko etena.
  3. Isurketa-Baimena behin- betiko, erabat edo partzialki etetzea eta lizentziak berritzeko.
  4. Isurketak eragozteko beharrezko obrak egitea, Estolderi Publikora nahiz Pribatura egindakoak.

13.4. Hutsegite arinek legeriak zehazten duen zenbatekoaren araberako isuna izango dute.
Hutsegite larriak baimena aldi baterako kentzea ekarriko du eta zigorra eragin duen kausak dirauen bitartean iraungo.
Hutsegite oso larriei behin-betiko baimena kenduko zaie zigor moduan.

13.5. Egindako arau-hausteak Estolderia Publikoaren Sarea, honen ustiapenaz eta mantenimenduaz arduratzen diren pertsonen osasuna edo arazketa-prozesua eta Jabetza Hidrauliko Publikoaren segurtasun fisikoa arriskuan jarriko balu, zigor-espedientearen ikuskatzaileak isurketa horien berehalako gelditzea aginduko luke, eta, eskakizuna betetzen ez bada, isurketa-baimenaren kautelazko geraldia ere.

13.6. Zigor-espedienteen bideratzea 30/1992 Legea, otsailaren 30ekoa, Herri Administrazio Guztien Zuzenbidezko Arauen eta Administrazio Jardunbidearena eta 2/1998 Legea, otsailaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoak agintzen dutenari lotuko zaio eta ezarritako isunak premiamendu bidez kobratuko dira, hauek borondatez ordainduko ez balira.

13.7. Zigor-espedientearen irekitzea Udalerriko Alkateari dagokio, bai ofizioz nahiz Kontsortzioaren proposamenez. Espedientearen bideratzea eta ebazpena eta dagozkion zigorren ezarpena, kasuak kasu, Alkatearen eskumenera geratzen dira, edozein izaerakoak izanik ere.

13.8. Aurreko atalean aurreikusitako jarduketak kontuan hartu gabe, Udalak beste erakunde eskudunetara jo ahal izango du, indarreko legeriaren babesean, espedienteen irekitzea eskatzera.

13.9. Zigorrak alde batera utzita, legea hausten dutenek eragindako kalteak itzuli eta sortarazitako galerak ordaindu beharko dituzte. Erakunde zigortzaileak ezarriko du ordaindu beharreko kalte-galeren zenbatekoa, Kontsortzioaren edo Udalaren proposamenez, kasuaren arabera.

14. Artikulua – Santzioak

  1. Santzioak ezartzeko konpetentzia udalari doakio indarrean dagoen legediaren arabera.
  2. Bai isunak bai eta egon daitezkeen kalteordainak ere, premiazko bidetik exigituko dira.
  3. Sor daitezkeen erantzukizun zibilak aurreko kasuak edozein izanda ere ebatziko dira jurisdikzio eskudunaren bitartez.
     

I ERASKINA

BEASAINGO UDALAREN MENPE DAUDEN KOLEKTOREETARA LOTZEKO ARAUAK

TUTUAK

1. Hormigoizko tutuak

1.1. Baldintza orokorrak
Obran erabilitako tutuak egiaztatutako esperientzia duten fabrikakoak izango dira. Edozein tutu instalatu aurretik, Kontratistak tutugilearen izena emango dio Udaletxeari, beharrezkoa izanik ondorengo baldintza hauek aurkeztea:

  • Hormigoiaren gutxienezko erresistentzia, dosifikazioa eta ur/zementu erlazioa.
  • Armadura-mota, zeharkako eta luzetarako armadura bakoitzaren muga elastikoa eta zenbatekoa. Gainera, kanpaiaren armaduraren xehetasuna aurkeztuko du.
  • Gutxienezko pitzadura (hormigoi armatuzko tutua baldin bada) eta haustura-karga, Kontratistak garantizatu beharrekoa eta adierazitakoak baino handiagoak izan beharko dutenak.
  • Antzeko obretako esperientzia.
  • Hornitzaileak eskaintzen duen barruko eta kanpoko estaldura.
  • Baldintza horiek betetzen ez badira eta Udaletxeari betetzen ez bazaizkio, hornitzailea gaitzetsi egingo da, horregatik Kontratistak inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango ez duelarik.
  • Tutua onesteko aldez aurretik ondoren adierazitako saiakuntzak egingo dira:
  • Bi tutuen haustura, tutu-diametro bakoitzak erabiliko diren horien antzeko baldintzak izango dituelarik hiru ertzetako hausturaren saiakuntzaren bitartez.
  • Bi tutuen haustura, ur-presio bidez horietako bakoitza zipoztuz, beharrezkoa izanik erabateko iragazkaiztasuna 0,7 kg/cm²ko presiora arte. Horretarako, tutua ura duela mantenduko da presio horretan, ordu erdian 0,1 kg/cm²ra arte jaitsi ahal izango delarik. Ondoren tutua ur-presio bidez hautsiko da.

Saiakuntza horiek Udal pertsonalaren aurrean egin behar dira, eta hortik sortutako gastu guztiak Kontratistaren kontura izango dira.
Exigentzia hauek bete ondoren, Udalak tutuaren onespena jakinaraziko dio Kontratistari. Tutuak bete beharreko ezaugarri orokorrak honako hauek dira:

  • Tutuaren gutxienezko luzera, pieza berezien kasuan izan ezik, 2.40 m.koa izango da.
  • Tutuan diametro nominala, fabrikazio-data eta tutu-mota adierazi behar dira.

Armadura eliptikoa erabiltzen den kasuan, argi eta garbi adierazi behar da tutuak zangan hartu behar duen jarrera.
400 mm.ko diametroa duten tutuak hormigo-masakoak izan daitezke, baina gainerakoek hormigoi armatuzkoak izan behar dute.
Hiru ertzen karga-saiakuntzaren arabera gutxienezko metro linealeko tutuek jasan behar dituzten kargak (tutua elkarren artean bost (5) zentimentroko tartea duten euskarriekin bere sortzaileetan oinarriturik) 1.1.

Taulan adierazten dira:

1. TAULA
(kargak Tm/m2tan)
  II III IV
Pitzadura-karga 5,0 6,5 10,0
Haustura-karga 7,5 10,0 15,0

Gutxienezko zementu dosifikazioa 400 kg.koa izango da metro kubiko hormigoiko.
Muturretan 600 mm.ko argi libre batez eutsitako 750 mm. x 150 mm.ko probeta baten arabera, argi librearen herenean kargatutako flexotrakzioarekiko hormigoiaren gutxienezko erresistentzia 60 kg./zm².koa izango da. Saiakuntzan erresistentzia hori lortzen ez bada, masa-hormigoizko tutu baten hiru ertzen saiakuntzan etendura bat egingo da; ertz horiek tutuak egiteko erabilitakoen ezaugarri berdinak izango dituzte eta, horrela, flexotrakzioarekiko erresistentzia saiakuntza horretatik lortuko da. Funtzionamendu mekaniko onaz gain, entxufeen eta mihiztaduren moldeaketa egokia eta tutuaren barneko gainazala leuna izatea exigituko da, bai eta ehuneko hamarra baino txikiagoa izango den bat ere, berrogeita zortzi (48) orduz urazpian egon ondoren, eta 2mm. baino gutxiagoko zimurtasuna Britsish Standard 5911. Parto.3:1982 arauaren arabera.


2.Saiakuntzak

Ehun tutuko lote bakoitzean edo zati bakoitzean ondoko saiakuntzak egingo dira:

  • Karga-saiakuntza bat hiru ertzen saiakuntzan, pitzadura-karga eta etendura-karga neurtuz.
  • Hiru iragazkortasun- saiakuntza, 0,7 kg./zm².ko presiopean eta ordu erdiz, gehienez 0,1 kg./dm².ko galera ezarri ahal izango delarik.
  • Tutuaren zimurtasuna egiaztatzeko hiru saiakuntza.

Karga-saiakuntzak zehaztuak izan diren emaitzak ematen ez baditu, beste bost tutu probatuko dira, eta horietako batek koadroko emaitzak ematen ez baditu, 100 tutuko lotea ez da onartuko.
Hiru tutuetako batean iragazkortasun-saiakuntza betetzen ez bada, beste hirurekin egingo da saiakuntza, eta horietako batekin betetzen ez bada, loteko tutu guztiekin egingo da eta betetzen ez duten guztiak ez dira onartuko.
Zimurtasun-saiakuntza lotetik aukeratu diren hiru tutuek bete beharko dute. Horietako batek betetzen ez badu, beste hiru aukeratuko dira eta berriz ere horietako batek betetzen ez badu, saiakuntza lote guztiarekin egingo da eta betetzen ez duten tutu guztiak ez dira onartuko. Saiakuntza horiek guztiak udal pertsonalaren aurrean egingo dira. Lotea egiaztatzeko hasierako saiakuntzak Kalitate-Kontrolerako gastuen partidan barruan ordainduko dira. Lehenengo saiakuntzen huts-egitearen ondorioz egiten direnak kontratistak ordainduko ditu.


3.Tutuak lotzeko kautxuzko junturak

3.1. Saneamendu-tutuetako entxufeen eta lokarrien arteko loturetan jarri beharreko water-stop junturek ondoko ezaugarriak izan beharko dituzte:

  • Diseinuarekiko aldez aurreko tolerantzia edozein dimentsiotan: %6.
  • Gutxienezko trakzio-tentsioa 80kg/zm².
  • Hausturaren elongazioa, %350.
  • Gutxienezko Shore gogortasuna 35.
  • Gehienezko Shore gogortasuna 50.
  • Gehienezko makurdur konpresioarekiko saiakuntzan 25.
  • Zahartzapen azeleratuaren saiakuntza:
  • Trakzio-tentsioaren gehienezko galera, % 15.
  • Gehienezko elongazio-galera, %20.
  • Gehienezko ur-zurgapena, pisuaren %a 10.
  • Ozonoarekiko erresistentzia: Saiakuntzan hausturarik ez.

Horrez gain, kontratistak Udalari ondoko datuak adierazi behar dizkio honek juntura onar dezan:

  • Fabrikatzailearen izena.
  • Junta-mota eta bere ezaugarri geometrikoak eta fisiko-kimikoak.
  • Antzeko obretan izandako esperientzia.

Udaletxeak egoki derizkion egokitasun-saiakuntzak egin ahal izango ditu juntura onartzeko. Saiakuntza horiek kontratistak ordainduko ditu; obra-zuzendariak proposatua izan den juntura atzera bota dezake, eta kontratistak ez du inolako erreklamaziorik egiteko eskubiderik izango.

3.2.Saiakuntzak.

100 junturetako lote bakoitzean edo diametro bakoitzeko zati bakoitzean ondoko saiakuntzak egingo dira:

  • 3.1. puntuan zehaztutako baldintza fisiko-kimikoak egiaztatzeko saiakuntza bat.
  • Hiru tututan eta bi junturetan egindako iragazkortasun-saiakuntza bat, tutuak, 0,7 kg./zm².ko presioa jasango duten muturretan zipoztuak izango direlarik. Saiakuntza ordu erdiz egingo da eta aldi horretan ez da ur-aztarnik agertuko junturaren zonan.

Saiakuntza hauek ezarriak izan diren baldintzak betzen ez badituzte, junturen lotea ez da onartuko.
Saiakuntza guztiak udal pertsonalaren aurrean egin beharko dira, eta saiakuntza fisiko-kimikoak laborategi ofizialean egingo dira.

3.3. Kutxetak eta erregistro-putzuak.

Kutxetak eta erregistro-putzuak hormigoi prefabrikatuzkoak izango dira; zolata prefabrikatua duten edo in situ egindako zolata duten kutxetak erabiltzea baimentzen da, eta hauen gutxienezko erresistentzia 200 kg./zm².koa izango da.
Kutxeten goialdeko zatiak tronkonikoak edo lauak izan daitezke. Kutxeta berezien kasuan bakarrik erabili ahal izango dira in situ egindako kutxetak, esate baterako, ibaian edo hiru hartune baino gehiago dituztenean.
Kutxeten diseinuaren ezaugarriak:

  • Hormigoiaren gutxienezko erresistentzia: 275 kg./zm². kutxeta prefabrikatuetan eta 200 kg./zm². in situ egindako kutxetetan.
  • Kutxetaren gutxienezko lodiera: Kutxetaren barne-diametroaren 1/12.
  • Sarreraren gutxienezko diametroa: 600 mm.
  • Kutxetaren paretetan geruza batean edo bitan jarri beharreko gutxienezko armadura, ondokoa izango da guztira, neurri geometrikoari dagokionez: As= 0,0021 x Dxt. eta kutxetaren altueraren metro lineal bakoitzeko.
  • Kutxetaren goialdeko zonaren erremate gisa forjatu lauak erabiltzen badira, hauen lodierak gutxienez 150 mm. izango ditu, barne-diametroa 1200 mm.koa edo txikiagoa bada. Diametroa 1200 mm.koa baino handiagoa bada, gutxienezko armaduraren neurria metroko 2,5 zm²koa. izango da bi norabideetan.
  • Sarbide-baoaren zonan armadura honek indartua eta ainguratua izan behar du.
  • Kutxetaren zolatak armadura bat izan behar du, eta honen neurri geometrikoa metro karratuko 2,5 zm².koa izango da bi norabideetan.
  • Eraztun-junturak ar-eme motakoak izango dira, eta ez dute irregulartasunik izango kutxetaren barnean. Juntura hauek betun-mastila bidez zigilatu beharko dira.
  • Kutxetaren barnealderako sarbide-pateak metalezkoak izango dira, eta indar handiena eragin dezakeen puntuan kokatutako 130 kg.ko karga kontzentratu bat jasateko gai izango dira. Pateen arteko distantzia 40 zm.koa edo txikiagoa izango da.
  • Pateak hormigoian ainguratuko dira, gutxienez 7,5 zm. Patearen gutxienezko zabalera 25 zm.koa izango da. Paretaren eta patearen arteko distantzia librea 10 zm.koa izango da.
  • Pate guztiek korrosioaren aurkako babesa izango dute, galbanizatu bero bidez, epoxi-pintura bidez, edo metal herdoilgaitzak erabiliko dituzte. Pate bakoitzaren sekzioaren gutxienezko diametroa, korrosioaren aurkako tratamendua eman aurretik, 25 mm.koa izango da.
  • Kutxetetako zolatak handitu egingo dira, irteera-tutueriarantz iristen den ura orientatzeko lehenespen-kanalak sortzeko.


4. Kutxeta eta tutuaren arteko lotura.

4.1.Baldintza orokorrak.

Hemen deskribatutako lotura tutueria eta erregistro-putzuaren estankotasuna ahalbidetzen duen gomazko lotura bat da. Kontratistak, egoki baderitzo, hemen deskribatutakoa ez den beste lotura-mota bat proposa diezaioke udaletxeari. Halere, Udalak aldaketa kutxeta guztietan egitea edo haietako batzuetan bakarrik egitea onar dezake, eta kontratistak ez du inolako erreklamaziorik egiteko eskubiderik izango berak proposatutako sistema onartzen ez bada.

Lotura honen ezaugarriak dira:
Lotura kautxuzko (naturala edo sintetikoa) eraztunez osatuko da; eta eraztunak kutxetari eta tutueriari lotuta egongo dira, altzairuzko metalezko elementuen bidez. Elementu hauen ezaugarri fisiko-kimikoak ondokoak izango dira:

a. Kautxu naturala edo sintetikoa.

  • Azido sulfurikozko erasoa 48 orduz: Pisu-galerarik ez.
  • Azido klorhidrikozko erasoa 48 orduz: Pisu-galerarik ez.
  • Gutxienezko trakzio-tentsioa: 85 kg./zm².
  • Hausturaren gutxienezko elongazioa: %350.
  • Gogortasuna: +5o, fabrikatzailearen diseinuaren arabera.
  • Zahartzapen azeleratuaren saiakuntza: Gehienez % 15eko galera trakzio-tentsioan eta %20eko galera elongazioan.
  • Konpresio-saiakuntza: Jatorrizko desbideraketaren %25eko galera.
  • Gehienezko ur-zurgapena: Hasierako pisuaren %10.
  • Ozonoarekiko erresistentzi saiakuntza: Pisu aldaketarik ez.
  • Tenperatura-jaitsierarekiko erresistentzia: Ezin da hausturarik izan -40º Ctara.
  • Ebakitzailearekiko erresistentzia: 34 km./m.

Magnetikoa ez den altzairu herdoilgaitzezkoak izango dira, ASTM C.923 eta A.167. araua betez.

4.2. Saiakuntzak.

100 junturako lote bakoitzean edo diametro bakoitzeko zati bakoitzean, ondoko saiakuntzak egingo dira:

  • Gorago adierazitako baldintza fisiko-kimikoak egiaztateko saiakuntza bat.
  • Tutueriaren eta kutxetaren edo erregistro-putzuaren arteko loturaren iragazkortasun-saiakuntza bat, 0,7 km./zm².ko presiopean, ondoko kasuetan urik galtzen ez dela egiaztatuz:
  1. Zuzen lerrokatutako tutua.
  2. Edozein posiziotan lerrokatutako tutua, gutxienez 7*ko desbideraketa ahalbidetuz.
    Saiakuntza guztiak obra-zuzendariaren edo bere ordezkariaren aurrean egingo dira, eta saiakuntza fisiko-kimikoak laborategi ofizialean egingo dira.

Zehaztuak izan diren ezaugarriak betetzen ez badira, eta obra-zuzendariak hala baderitzo, ez da lotea onartuko.


5. Burdinurtuzko estalkiak eta markoak

Beasaingo Udalak adierazten duen motakoak izango dira eta honek adierazitako ezaugarriak izango dituzte. Espaloietan edo bide gaineztaezinetan jarri beharreko estalkiek eta markoek itxiera normala izango dute, eta taparen eta markoaren multzoak guztira 63 kg.ko pisua izango du gutxienez.
Zona gaineztagarrietan edo ubidean jarri beharreko estalkiek eta markoek itxiera hermetikoa izango dute; espaloietan, lur naturalean eta bideetan gutxienez 63 kg.ko pisua izango dute guztira. Ubidean jarri beharreko estalki hermetikoak kontratistak proposatuko ditu eta obra-zuzendariak onartu beharko ditu; Kontratistak ez du izango inolako erreklamaziorik egiteko eskubiderik bere proposamena onartzen ez bada.
 

II ERASKINA

1. TAULA

PARAMETROAK MUGAPENA
Gehienezko emaria PRODUKZIO-ORDUEN BATEZBESTEKO EMARIAREN HIRUKOITZA BAINO TXIKIAGOA
Ta º C 40
PH   5,5-9,5
Eroankortasuna µS/zm 5.000
Kolorea   Disoluzioan nabariezina 1/40
Garbikariak mg/l 10-20
Solido lodiak   Ez dira agertzen
Jalkidurazko solidoak ml/l 20
Esekidura-solidoak mg/l 600
Olioak eta koipeak mg/l 100-150
DBO5 mg/l 500
DQO mg/l 4 aldiz DBO5
N-guztira (organikoa+amoniakala+NO2+NO3) mg/l (N) 75-100
N-NH3 mg/l (N) 40-50
P-guztira mg/l (P) 15-20
SO4 mg/l 500-1.000
SO3 mg/l 5-10
S=3D mg/l 1-2
Cl mg/l 1.600-2.000
Fenolak mg/l 5-10
Fe mg/l 15-25
Zn mg/l 3-5
Cr guztira mg/l 1-4
Cr VI mg/l 0,5-1
Cu mg/l 1-3
Cd mg/l 0,1-0,5
Ni mg/l 2-5
Pb mg/l 0,5-1
Hg mg/l 0,01-0,1
As mg/l 0,1-0,5
Ba mg/l 10-20
Sn mg/l 2-5
Mn mg/l 2-5
Ag mg/l 0,5-1
Se mg/l 0,1-0,5
Al mg/l 12-20
Metal guztiak burdina salbu mg/l 20
Cn guztira distilazioan mg/l 0,5-2
Cn libreak mg/l 0,1-0,5
Zianatoak mg/l 2-5
Kloro librea mg/l 0,5-3
Fluoruroak mg/l 10-15
Toxikotasuna equitox/m³ 25