Goierri marrazkitan
Argitarapen urtea: 2013
Bildumaren zenbakia: 21
Egileak: Julen Zabaleta Barrenetxea eta José Zufiaurre Goya
Liburu honetan irakurleak ia hirurehun marrazki ikus ditzake, luma-muturraz eta tinta txinatarraz eginak. Marrazki horietan Goierri eskualdea (zenbaiten ustez Gipuzkoa sakona) osatzen duten hogeita hiru herrietako eraikin eta monumentuak islatzen dira.
Marrazki guztiak liburu honen egile kidea den Julen Zabaleta Barrenetxeak eginak dira. Bere bizitzan zehar bost mila marrazki baino gehiago egin ditu, guztiak Euskal Herriko herrietan kokatuak.
Bestetik, margolan horietako batzuk oroitzapenaren irudiak dira, Goierriko iragan hartakoak; baina asko eta asko gaurdaino iraun dutenak, zutik dirautenak eta gure herriaren zein ingurukoen datu historikoek, agian ezezagunak zirenak, norbere herria hobeto ezagutzeko aukera eman eta, bide batez, Goierri eskualdeko historia politikoa nolakoa zen azaltzen digute eta gogorarazten digute oraintxe bezala orduko herritarren ahalegina ere ez zela ahuntzaren gauerdiko eztula.
Herri bakoitzak alboan datu historikoak jasotzen dituen testu labur bat du, eta marrazki bakoitzak hura identifikatzen duen testu-zatia du. Lan hau liburuaren beste egile kidearekin elkarlanean burutu da, hots, Jose Zufiaurre Goyarekin.
Honek egindako ikerketari esker ikusiko dugu Goierriko 23 herri horietako batzuk 1615ean bihurtu zirela hiribildu, beraz, 400 urte beteko dituzte 2015ean, horien artean Beasainek.
Bukatzeko, argitu lan honen asmoa ez dela marraztutako irudi bakoitzaren historia aztertu eta sakontzea. Aitzitik, identifikazio-datua eman nahi izan da, irudi hori espazioan kokatu ahal izateko. Modu horretan, liburua irakurtzen duenak zertzelada kultural txiki bat jasoko du gure 23 herrietako eraikin esanguratsuenen inguruan.
Salmenta Prezioa: doan
Eskuratzeko Modua
1. Beasaingo Udaleko Kultura sailean bertan pertsonatu eta berehala eskuratzen da.
2. Idatzizko eskaera Beasaingo Udaleko Kultura Sailera bidali
Ale bat pertsona bakoitzeko agortu arte.
PDF formatoan deskargatu