Beasainen hileta zibilak baimendu eta egitea arautzen duen ordenantza
GAO 2012ko irailaren 18an 179. ZK
Egun, gure ordenamendu juridikoak akonfesionaltasuna bermatzeaz gain, norbanako eta komunitateen askatasun ideologiko, erlijiozko eta gurtzakoa (horretarako adierazpenak errespetatuz) bermatu behar du, legeak babestutako ordena publikoa mantentzeko beharrezkoa den muga bakarrarekin.
Halaber, ezaguna da gure gizartean dagoen aniztasun ideologiko, erlijiozko eta kulturala. Gizarte anitza da, etengabe aldatzean ari dena bere usadio eta gizarte-ekintzen adierazpenari dagokionez.
Hileta zibilak gizarte normalizazioan urrats bat gehiago dira, igarotze-errituak erlijio-konnotazioetatik urrun modu zibil eta laikoan ospatzea eskatzen dutenentzat.
Gure gizartean bizi diren erlijio ezberdinek beren defuntuak agurtzeko ekitaldi liturgikoak egiteko berezko leku eta tenpluak dituzten moduan, Udal honen borondatea da mota horretako ospakizunetarako guneak herritarren esku jartzea.
Horrenbestez, ordenantza honekin arautzen da gure herriko gizarte zibila osatzen duten senitarteko, lagun, erakunde eta entitateek beren defuntuentzat, pertsonari agur esateko, egin nahi dituzten omenaldi eta agur-ekitaldien baimen eta ospakizuna.
I. KAPITULUA
PROZEDURAREN HASTAPENA
1. artikulua
Ordenantza honen helburua da Beasaingo Udalaren udal-barrutian gertatzen diren heriotzetarako hileta zibilak egiteko Igartzako Monumentu multzoan aurreikusitako lokalen (Lotura-aretoak) baimen eta erabilerak arautzea.
2. artikulua
Alkateak edo zinegotzi edota hura ordezten duen funtzionarioak hileta zibiletarako gordetzen diren espazioen (Lotura-aretoak) erabilera baimen dezake. Horretarako, aldez aurretik, eskaera Beasaingo Udalaren erregistrora bideratzen duen senide edo pertsonak horri dagokion dokumentazioa igorri beharko du.
3. artikulua
Hileta zibilak egiteko eskaerak Alkate Txit Jaunari zuzendu beharko dira eta Beasaingo Udalean aurkeztu beharko dira Herri administrazioen Araubide Juridikoen eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean baimendutako bideetako bat erabiliz.
Hileta zibilak egiteko eskaeren izapideak egoerak eskatzen duen berehalakotasun-printzipioaren arabera gauzatuko dira, eskumeneko pertsonari helaraziko zaizkiolarik ebazpena eman dezan.
4. artikulua
Egiten diren eskaeretan barneratu beharko dira:
- Ospakizunaren baimena eskatzen duen pertsonaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa.
- Zendutako pertsonaren izen-abizenak.
- Heriotza-ziurtagiria.
- Hileta zibila egiteko lehenesten den egun eta ordua adierazi beharko da eskaeran.
- Udala, ahal duen neurrian, eskatzaileek adierazitako data eta eguna errespetatzen saiatuko da, eskatzaileek aurkeztutako eskarien hurrenkera aintzat hartuz. Hurrenkera hori aldatu egin daiteke kasu berezietan, betiere, aldaketa hori argudiatuz.
- Eskariaren leku eta data.
- Eskatzailearen sinadura eta bere nortasuna egiaztatzen duen agiria, horretarako edozein bide erabiliz.
- Eskaerarekin batera, udal-eraikinak erabiltzeagatik finkatzen den tasa arautzen duen ordenantza fiskalean ezartzen den ordainketa egin izanaren agiria atxiki beharko da.
- Ekitaldiaren eta erabiliko den materialaren deskribapen laburra.
5. artikulua
Eskaeraren zuzenketa eta hobekuntza. Eskaeran 4. artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen ez badira, interesdunari jakinaraziko zaio ahalik eta lasterren, aldez aurretik edo ondoren, gabezia zuzendu edo dagozkion dokumentuak atxiki ditzan.
II. KAPITULUA
BIDERATZEA
6. artikulua
Hileta zibila ospatzeko egun eta ordua Alkateak, zinegotziak edo hura ordezten duen funtzionarioak finkatuko du, aldez aurretik kudeaketaz arduratzen den sailak egindako espedientean oinarrituta.
Hori guztiori eskaerak aurkezteko hurrenkera aintzat hartuz eta, era berean, ahal den neurrian, eskatzaile bakoitzak adierazitako lehentasunezko hurrenkera errespetatuz.
7. artikulua
Eskaera ikusirik, Alkateak edo zinegotziak edo hura ordezten duen funtzionarioak hileta zibila ospatzeko udaletxeko lokala zehaztuko du. Lokal hori, eskuarki, Lotura-aretoa izango da. Kasu berezietan beste lokal batzuk erabili ahal izango dira.
8. artikulua
Hileta zibilak ezin izango dira gorpua aurrean dela egin, hala ere hildakoaren errautsak dituen kutxa bertan dela egin ahal izango dira.
9. artikulua
Hileta zibilak astelehenetik igandera egingo dira, horretarako beharrezkoak diren udal-baliabideak gaituko direlarik.
10. artikulua
Hileta zibilak egiteko ordutegia 10-14 eta 17-20 orduen artean finkatzen da. Ekitaldiaren iraupena gehienez hirurogei minutukoa izango da.
III. KAPITULUA
ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK
11. artikulua
Horretarako bideratzen diren aretoak egoera onean mantenduko direla bermatze aldera, ekitaldira bertaratzen direnek ezingo dute lokalaren barnean hura kaltetu edo hondatzea eragin dezakeen ekintzarik egin, udal-eraikin eta –lokalen lagapena arautzen duen ordenantzan ezarritakoaren kalterik gabe.
12. artikulua
Ekitaldia burutzeko aretoa ekitaldiaren seriotasuna bermatzeko moduan egokituko da. Dena den, senitarteko edo lagunek era berezian hornitu edo apaindu nahi dutenean, udal-arduradunari jakinarazi beharko diote behar bezala jarduteko beste denbora emanez, betiere, lekuaren harmonia eta ezaugarriak errespetatuz eta interesdunari kontura izanik horren ondorioz sor daitezkeen gastuak. Ekitaldia burutzeko zerbitzu osagarriak interesdunak emango ditu eta bere konturakoak izango dira. Hala ere, Udalak horiek gainbegiratuko ditu.
13. artikulua
Ekitaldiaren edukia ezingo da laidogarria izan eta ezingo da beste pertsona baten ideia edo printzipioen aurka egin.
14. artikulua
Ordenantza honetan aurreikusten ez den guztirako, udal-arduradunen argibideei jarraitu beharko zaie.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean izango da indarrean. Hala, indarraldi hori mantenduko da hura aldatu edo bertan behera uztea erabakitzen den arte. Erabaki hori Udalbatzak hartu beharko du.
Azken eguneratzea: 2013/01/24