Ibi iraunkorrak emateko ordenantza
GAO 2018ko Maiatzaren 16an 93 Zk.
- KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Ibilgailuen sarbidea.
1.1. Edozein higiezinetara ibilgailua sartzeko espaloiak edo jabetza- eta erabilera-publikoko bestelako ondasunak gurutzatzea beharrezkoa denean, edo ondasun horiekiko herritar guztiei dagokien erabilera pribatizatzea edo murriztapen berezia eragiten denean, edo sarbide horren lekuan beste ibilgailu batek gelditzea edo geldialdia egitea saihesten denean, sarbide hori soilik Ordenantza honetan ezarritakoari jarraiki eta bertan adierazten diren mugen arabera egin ahal izango da.
2. artikulua. Erabilerak.
2.1. Erabilera soilik aldez aurretik Udal-administrazioaren baimena jaso eta auzia arautzen duen ordenantza fiskalari dagokion tasa ordaindu ondoren gauzatu ahal izango da.
3. artikulua. Iraungitzea.
3.1. Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez bada zigorrak ezarriko dira eta, hala badagokio, baimena iraungitzea.
4. artikulua. Pasabidea.
4.1. Ordenantza honen arabera bide publikoko pasabide izango da, Udalak baimendutako erabilera komuna aldarazten duen oro, III. kapituluan adierazitakoak betetzen dituena eta higiezinetara ibilgailuen sarbidea errazteko ezarri dena.
4.2. Dagokion pasabidetik egiten ez den sarbide oro debekatuta geratzen da, bereziki arrapalak edo unean-unean elementu mugikorrak instalatzea eskatzen duena.
4.3. Ibilgailua higiezinean sartzea beharrezkoa izan eta pasabidea eraikitzeko beharrezko elementuak instalatu ezin direnean, espaloirik ez egoteagatik edo antzeko beste arrazoiren batengatik, ordenantza honetako xedapenak aplikatuko dira analogikoki.
5. artikulua. Pasabide eta bide motak.
5.1. Pasabideak honelakoak izango dira:
5.1.1. Iraupenari dagokionez.
5.1.1.1. Mugagabeak.
5.1.1.2. Mugatuak.
5.1.2. Erabilera-denborari dagokionez.
5.1.2.1. Ordutegiari dagokion murriztapenik gabea (24 ordu).
5.1.2.2. Ordutegi baten baitakoa.
5.2. Atxikitzen den eranskinari (1) jarraiki, bideak bi zonaldetan (A eta B) barneratzen dira bertako edukiera, ibilgailuen iragaite edo ezaugarri geometrikoen arabera.
- KAPITULUA. PASABIDEAK BAIMENTZEA
6. artikulua. Baimena.
6.1. Pasabideak eraiki aurretik, eta haiek handitu, kendu edo murriztu eta haien bidez higiezinetarako sarbidea gauzatu aurretik, ezinbestekoa da Udalak ematen duen baimena jasotzea. Baimen horretan zehaztuko dira hurrengo artikuluetan aurreikusten direnak.
6.2. Ibilgailuak gordetzeko erabilera duten eta azalera eraikia 100 m² baino handiagokoa duten lokal berrietan, 165/99 dekretuaren arabera ematen den dagokion irekiera-espedientea izapidetu ondoren baimenduko da pasabidea.
7. artikulua. Pasabideetako titularrak.
7.1. Higiezinen jabeek edo legezko edukitzaileek pasabidearen baimena eskatu ahal izango dute, haren bidez sarbidea baimentzeko.
8. artikulua. Pasabideen baldintzak.
8.1. Baimena eman ahal izango da, baldin eta ibilgailuak sartzeko higiezin horiek hurrengo ataletan adierazten diren xedea badute eta haientzat eskatzen diren betekizun eta baldintza zehatzak betetzen badituzte.
8.2. Pasabide mugagabeak eta ordutegi aldetiko murriztapenik gabeak (24 ordu) (iraunkorra).
8.2.1. Bizitegi-lurzoruan.
8.2.1.1. Arau Subsidiarioetan adierazten diren mailetan garaje-erabilerakoak direnak. Mota hauetakoak:
8.2.1.1.1. Etxebizitzara atxikitako familia bakarreko garajea.
8.2.1.1.2. Beheko solairuan edota sotoan dagoen garajea, etxebizitzara atxikitakoa.
8.2.1.1.3. Eraikin berezian dagoen garajea, solairu ugaritan edo lurrazpian.
8.3. Pasabide mugagabeak eta ordutegi bat jarraitu behar dutenak.
8.3.1. Bizitegi-lurzorua.
8.3.1.1. Hezkuntzazko eraikina edo ekipamendu komunitarioko instalazioak, esate baterako, ikastetxeak, institutuak, etab.
8.3.1.2. Ibilgailuak konpontzeko lantegiak eta erakusketa, salmenta edo konponketa egiteko ibilgailuak sartzea baimendutako lokal komertzialak.
8.4. Aurrez ezarritako denbora duten pasabideak (urte 1) eta ordutegi aldetiko murriztapenik gabeak (24 ordu) (iraunkorra).
8.4.1. Bizitegi-lurzoruan.
8.4.1.1. Ibilgailuak gordetzeko xedez etxebizitza batera atxiki gabeko ibilgailuak sartzea baimendutako lokal komertzialak, eta azalera erabilgarria 100 m² baino txikiagoa dutenak edo gehienez 3 ibilgailurentzako tokia dutenak, Kale Nagusian kokatutako lokalen salbuespenarekin.
8.4.1.2. Ibilgailuak gordetzeko xedez etxebizitza batera atxiki gabeko ibilgailuak sartzea baimendutako lokal komertzialak, eta azalera erabilgarria 100 m²-koa edo handiagoa dutenak edota gutxienez 3 ibilgailurentzako tokia dutenak, A eta B zonaldetan.
9. artikulua. Pasabidearen ondorioak.
9.1. Pasabidea izateko baimena jasotzeak, hala badagokio, aldez aurretik ordenantza fiskalean ezartzen den tasa ordaindu ostean, hurrengo ondorioak izango ditu:
9.2. Dagokion beheramendua eraikitzea ahalbidetuko da, IV. kapituluan ezartzen den moduan jardunez. Horretarako, aldez aurretik obra txikietako lizentzia eskuratu beharko da.
9.3. Ibilgailuak higiezinean sartzea ahalbidetuko da.
9.4. Baimenaren titularrak IV. kapituluan adierazten diren betebehar guztiak betetzea eragingo du.
9.5. Aurreko paragrafoetan adierazten diren ondorio guztiak soilik pasabideak araudi honetan adierazten diren betekizunak betetzen dituenean gauzatuko dira, bereziki 15 eta 16 artikuluetan ezartzen direnak.
9.6. Orokorrean, pasabidea baimendu nahi zaion lokalak ibilgailuak bertatik ateratzeko adina azalera izatea eskatu ahal izango da.
10. artikulua. Betebeharrak eta eskualdatzea.
10.1. Pasabidea baimentzen denean, haren titularrak eta une bakoitzean higiezina erabiltzen dutenek (edozein legezko titulu izanik) baimentze horretatik eratorritako ondorioak bete beharko dituzte. Baimenean agertzen den titularrak IV. kapituluan arautzen diren betebeharrak bete beharko ditu.
10.2. Higiezinaren titulartasuna eskualdatzen bada, betiere haren erabilera aldatzen ez delarik, titular berriak eskualdatzaileari dagozkion eskubide eta betebeharrak hartuko ditu. Eskualdatze hori Udalari jakinarazi beharko zaio behar bezala argudiatutako idazki baten bidez eta hari atxikita hori egiaztatzen duen agiria edo benetako kopia bat gaineratuko da. Jakinarazpen hori egin arte, eskualdatzaileak eta eskuratzaileak baimenean agertzen den titularrari dagozkion betebehar eta erantzukizunak beteko dituzte lagunkidetasunez.
11. artikulua. Obren egikaritza.
11.1. Pasabidea eraiki, berritu edo kentzeko obrak baimenean agertzen den titularrak egingo ditu, udal-teknikarien ikuskaritzapean. Pasabidea eraikitzeko aintzat hartuko da araudi honetako 15. artikuluan ezarritakoa.
11.2. Higiezinak ibilgailuak gordetzeko helburua bete ahal izateko obra-lizentzia beharrezkoa denean, soilik helburu hori betetzeko obrak amaitzen direnean eta irekitzeko lizentzia eskuratzen denean ekingo zaio pasabidea eraikitzeari.
12. artikulua. Pasabideei dagozkien murriztapenak.
12.1. Kasu hauetan ez da pasabidea baimenduko:
12.1.1. Lorategi edo zuhaiztiz betetako zonaldetan edo pasabidea eraikitzeak, gertu geratuko litzatekeelako, haiek behar bezala garatzea eta mantentzea oztopatuko lukeenean.
12.1.2. Eraikinen bazter edo alaketan. Pasabidearen ardatza gertuen dagoen bazter edo alakatik gutxienez bost metroko distantziara instalatuko da beti.
12.2. Baimena emateari buruzko artikulu honetan aurreikusitako mugak gainditzen direnean eta gainditze hori eragiten duten elementuak kendu edo lekuz aldatuta muga hori alda daitekeenan, artikulu honetako 12.1.1 adibidean gertatzen den bezalaxe, Udal-administrazioak leku aldatze edo kentze hori adostu dezake interesatuen kontura, aldez aurretik, hala badagokio, dagokion kalte-ordainketa egin ostean.
13. artikulua. Ordutegiak.
13.1. Pasabidearen ordutegia ipintzeko, kasu bakoitzean lokalari edota jarduerari dagozkion berezitasunak hartuko dira kontuan.
III. KAPITULUA. ‑BAIMENETAN AGERTZEN DIREN TITULARREN BETEBEHARRAK
14. artikulua. Titularren betebeharrak.
14.1. Ordenantza honen bidez araututako baimenetako titularrek Kapitulu honetan eta dagokion ordenantza fiskalean ezartzen diren betebehar guztiak bete beharko dituzte.
15. artikulua. Pasabideen baldintza teknikoak.
15.1. Pasabideek honako baldintza hauek izan eta bete beharko dituzte:
15.1.1. Ertzaren beheramendutik hurbilen dagoen lokalaren sarbideko eremuan gelditzea edo geldialdia egitea debekatzen duen lerro hori jarraia pintatu beharko da, trafiko-seinale horizontala ere jarrita (laukizuzena eta barnean gurutzea duena).
15.1.2. Pasabidearen titularrak, atean, fatxadan edo dagokion eraikinean, plaka bat ipini beharko du seinaleztapen modura. Plaka horretan, gelditzearen debekuari dagozkion oinarrizko betekizunak adierazteaz gain, Alkatetzatik adierazten direnak islatu beharko dira. Plakan gelditzeko debekua iraunkorra edo ordutegi jakin baten baitakoa den eta debekua zein egunetan edo zein ordutan ezartzen den adierazi beharko da. Halaber, baimenaren erregistro-zenbakia islatu beharko da. Plaka hori Udalak emango du, aldez aurretik dagokion tasa ordaindu ostean.
15.1.3. Ibilgailuen erabilerara bideratutako pasabideak espaloiak izango duen zolaketa bera izango du, baina gutxienez 15 zentimetroko lodiera izango duen zimendua izan beharko du lurzoru finkatuaren gainean, udal-teknikarien zerbitzuak ezarritako arauen arabera. Beti obra txikietarako dagokion baimena izan beharko da.
15.1.4. Itxitura-elementurik balego ezingo dira higiezinaren kanporalderantz ireki, fatxada-lerroa zeharkatzen duelarik.
16. artikulua. Betebeharrak.
16.1. Baimenean agertzen den titularrak pasabidean edozein motako obra guztiak egiteko betebeharra izango du, hark onartutako erabilera komun eta orokorra mantentzea eta egokitzea helburua dagoenean. Horretarako, Udalak egoki ikusten dituen konponketak eta aldaketak egitea agindu dezake eta titularraren kontura. Udalaren kontura soilik dagokion pasabidearen seinaleztapena (pintaketa) izango da
16.2. Aurreko artikuluan aipatzen diren baldintzak egoera egokian mantenduko dira beti eta titularraren kontura izango dira hori gauzatzera bideratuako jardun guztiak.
16.3. 9. artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe, pasabidean aurreko artikuluan adierazten diren baldintzak betetzetik eratortzen diren gastu guztiak eta baldintza horiek mantentzekoak, pasabidearen titularraren kontura izango dira. Titular horrek Udalaren esku-hartzetik erator litzazkeen gastuak ordenantza fiskalean adierazten den moduan ordaindu beharko dizkio Beasaingo Udalari.
16.4. 8. artikuluan araututako baimena emateak, hartako titularrak galtzadan edo espaloian eragin izan ditzakeen kalteak konpontzeko betebeharra betetzea eragingo du.
17. artikulua.
17.1. Pasabideetako eta higiezinetara ibilgailuak sartzera bideratutako eremuetako erabiltzaileek oinezkoen igarotzea errespetatu beharko dute derrigorrez eta, azken erabilera horri emango zaio lehentasuna.
- KAPITULUA. BAIMENAK EMATEKO PROZEDURA
18. artikulua. Prozedura.
18.1. Pasabidea baimentzeko eskaera horrela gauzatu beharko da:
18.1.1. Pasabidea eskatzeko instantzia beteko da horretarako aurreikusten den instantzian, bertan agertzen diren datu guztiak eman beharko direlarik.
18.1.2. Eskaera hori irekitzeko lizentzian edo aparteko instantzia batean egin ahal izango da. Azken horretan, Araudi honetan aipatzen direnez gain, aldez aurretik irekitzeko lizentzia eskatu den eta hori baldintzapean dagoen ala ez adierazi beharko da.
18.2. Edozein kasutan ere, pasabidea baimentzeko eskaeran honakoak barneratu beharko dira:
18.2.1. Eskatzen den pasabide mota (8. artikuluan xedatutakoaren arabera). Hura erabiltzea beharrezkoa den orduak eta egunak aipatuz.
18.2.2. Higiezinaren egoera. Pasabidea zein bide publikoaren gainean eraikiko den adieraziz eta, hala badagokio, onibar-zenbakia ere adieraziz.
18.2.3. Pasabidea eraikitzeko jarduera zehaztea. 8. artikuluan aipatu direnetako bat izango da.
18.2.4. Lokalaren dimentsioak eta espaloiaren zabalera zehazten dituen krokisa aurkeztuko da. Era berean, eskatzen den pasabidearen zabalera ere adieraziko da. Halaber, lokalaren argazkia entregatuko da 10x15 zentimetroko neurrian edo formatu digitalean.
18.3. Artikulu honetan adierazten den instantzia eta dokumentazioa Erregistro Orokorrean aurkeztu ostean, hark udal-teknikarien zerbitzura, hirigintza sailera eta udaltzaingora helaraziko ditu horri buruzko txostena taxutzeko xedez. Hori guztiori, beharrezko ikusten denean bestelako zerbitzu batzuen eskutik informazioa jasotzearen kalterik gabe.
18.3.1. Udal-teknikarien zerbitzuak eta udaltzaingoak baimena ematea teknikoki nola gauzatu den jakinaraziko dute.
18.3.2. Ordenantza honen bidez araututako baimenetako baten eskatzaileari dei egin ahal izango zaio espedientean obrari dagozkion datu gehiago eman ditzan edo beste edozein helburutarako.
18.3.3. 18.3.1. paragrafoan aipatzen diren txostenak bidali ostean, Hirigintza Sekzioak ebazpenaren proposamena egingo du.
18.3.4. Pasabidearen baimena Alkate-Presidenteak edo eskumeneko zinegotzi-ordezkariak emango du.
18.3.5. Proposamenak aldeko ebazpena jaso ostean, espedientea Esku-hartze Sekziora helaraziko da. Haren bidez, ordenantza fiskalean ezartzen den tasa likidatzeko.
19. artikulua. Inskripzioak.
19.1. Ebazpena eman ostean, pasabidea onartu ondoren eta espedientea artxibatu aurretik, dagokion Erregistroan inskribatuko da udaletxean horretarako gaitutako gunean.
19.2. Erregistroan inskribatu ahal izateko, baimen bakoitzari korrelaziozko zenbaki bat erantsiko zaio eta plaka batean islatuko da. Plaka hori, 15.1.2. artikuluan ezartzen duenez, manu hauek ezartzeko adierazitako moduan kokatu beharko da.
19.3. Orobat, pasabidea erregistratzerakoan higiezinaren egoera, zein helburu izango duen eta baimena ematean ezarri izan daitezkeen betekizun eta baldintza guztiak ere islatu egin beharko dira.
19.4. Udaltzaingoaren bulegotan eta Hirigintza eta Esku-hartze sailetan pasabide-erregistro horren kopia bat izango da, haren bidez ezartzen diren eskuduntzak gauza daitezen, araudi honetan araututako erabilerak bertan adierazten diren moduan gauzatzen direla ikuskatze aldera.
19.5. Udaltzaingoak Alkatetzari eta Hirigintza Sekzioari IV. kapituluan araututako betebeharrak ez betetzeei buruzko informazioa eta, orokorrean, ordenantza honen arabera gauzatzen ez diren erabilera guztiei buruzko informazioa emango die.
- KAPITULUA. ‑BAIMENAK INDARGABETZEA ETA ZEHAPEN-ARAUBIDEA
20. artikulua. Iraungitzea.
20.1. Ordenantza honen bidez araututako baimenak kasu hauetan iraungi egingo dira:
20.1.1. Ezarritako epea amaitu delako, erabilpen okerra izan delako edo berezko helburuarekin bat ez datorren beste helbururen bat hautematen delako.
20.1.2. Higiezinak baimena ematearekin bat ez datorren bestelako helburu bat izaten duen unean, baldin eta Udalak horretarako baimena ematen ez badu.
20.1.3. 15 eta 16 artikuluetan arautzen diren betebeharrak betetzen ez direnean.
20.1.4. Baimenak emateko ekitaldian ezarritako betebeharrak eta baldintza zehatzak betetzen ez direnean.
20.2. Ibilgailuak espaloia zeharkatuz sarbidea izatea ala ez izatea, edo pasabidearen izaera iraunkorra edo ordutegi mugatua izatea ala ez izatea Udalaren hautaketa izango da beti, eta edozein unetan ezeztatu edo indargabetu egin ahal izango dira, trafikoa antolatu beharra dela-eta edo udaltzaingoari dagozkion beste egoera batzuk direla-eta horrelakorik gomendatzen bada.
21. artikulua. Iraungitzearen aurreko jarduerak.
21.1. Aurreko artikuluan ezartzen diren arrazoiengatik baimena iraungi aurretik, dei egingo zaio baimenaren titularrari hilabete bateko epean hautemandako ez betetzeetan adierazten diren baldintzak bete ditzan. Eta ez betetzeak badirau, baimena iraungi egingo dela ohartaraziko zaio.
21.2. Udaltzaingoak Alkatetzari jakinazariko dio, horretarako ezarritako epea amaitu ostean, aurreko paragrafoan adierazitako betebeharrak bete diren ala ez.
22. artikulua. Pasabidea birjartzea.
22.1. Baimena ezeztatu ondoren edo hura iraungitutzat jo ondoren, baimenaren titular izandakoak ibilgailuak sartzeko espazio hori jatorrizko egoeran utzi beharko du. Bide horretatik, iraungitzea edo berritzea emateko ebazpenean, hilabete bateko epea emango zaio titularrari artikulu honetan adierazten dena gauzatzeko.
22.2. Aurreko paragrafoan ezarritako epea amaitu ostean birjartzea gauzatu ez bada, udal-administrazioak betearazte subsidiarioa gauzatuko du, obligaziodunaren kontura.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa.
Ordenantza hau indarrean sartu aurretik emandako baimen eta lizentziek indarrean jarraituko dute.
Bigarrena.
Ordenantza hau indarrean sartu aurretik aurkeztutako eskaerak, ebazpenik jaso ez dutenak, izapidetu egingo dira eta araudi honen arabera ebatziko dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.
1. Ordenantza hau «Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
2. Indarrean sartu bezain pronto bateraezinak diren maila bereko edo gutxiagoko xedapenak indargabetu egingo dira; halaber indargabetu egingo dira ordenantza honen aurka doazenak.
Bigarrena.
Alkatetza-Presidentetzak eskumena izango du ordenantza hau behar bezala interpretatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren agindu eta jarraibideak emateko; bereziki, ordenantza indarrean sartu aurretik emandako lizentzia eta baimenak hartara egokitzeari dagokionez.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza hau indarrean sartzearekin batera 1993ko martxoaren 23an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoa indargabetuta geratuko da.
- ERANSKINA
A ZONALDEARI DAGOZKION BIDEAK
Kale Nagusia.
Jose Migel Iturriotz Kalea.
Jose Martin Arana Kalea.
Nafarroa Etorbidea.
San Inazio Kalea.
Joan Iturralde Kalea.
Zaldizurreta Kalea.
B ZONALDEARI DAGOZKION BIDEAK
Udalerriko gainerakoak.