Autokarabanentzako eta bizitoki ibilgailuentzako zerbitzugunearen ordenantza
GAO 2018ko Apirilaren 6a 66. ZK
IRAGARKIA
Udalbatza Osoak, 2018ko martxoaren 27an egindako ohiko bileran, legeak ezartzen duen quorumarekin ondorengo erabakia hartu zuen:
Lehenik. «Autokarabanentzako eta bizitoki-ibilgailuentzako zerbi-tzugunearen ordenantza» testuaren, hizkuntzari dagokionean, errebisioa onartzea, edukia aldatu gabe.
Bigarren. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean nahiz Beasaingo Udalaren Web orrian, www.beasain.eus, argitaratzea, adieraziz Administrazio bidean behin betikoa den ebazpen honen aurka, Administrazioaren aurkako helegitea jar daiteke Gipuzkoako Administrazioaren aurkako Auzi–gaien Epaitegiaren aurrean, jakinarazpen hau jasotako egunaren biharamunetik hasita zenbatutako bi hilabeteko epearen barruan. Hala nahi izanez gero, bide Administrazioaren aurkako auzi-bideari ekin aurretik, birjarpen-helegitea jarri ahal izango da ebazpena eman zuen organoaren aurrean, jakinarazpen hau jasotako egunaren biharamunean hasita zenbatutako hilabeteko epean.
Hori guztia, aurretik adierazitako urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta kidekoetan ezarritakoarekin bat etorriz, eta zure eskubideak babesteko egoki irizten dituzun egintzak egin edo errekurtsoak aurkezteari kalterik egin gabe.
Beasain 2018ko martxoaren 28a.—Aitor Aldasoro Iturbe,
alkatea. (2268)
AUTOKARABANENTZAKO ETA BIZITOKI-IBILGAILUENTZAKO ZERBITZUGUNEAREN ORDENANTZA
1. artikulua. Helburua.
Ordenantza honen helburua da, alde batetik, auto-karabanak eta bizitoki-ibilgailuak Beasaingo udalerriko Igartza Oletako aparkaleku publikoan, egonaldi-erabilerako plazak arautzea, trafikoaren ordenazio-egokia bermatzeko eta aparkaleku publikoan txandaketa egokia eta bidezko banaketa segurtatzeko eta beste aldetik, kanpaldi librearen debekua betetzen dela bermatzea.
2. artikulua. Erabilera-arauak.
2.1. Igartza-Oletako aparkaleku publikoan R batekin markatuko dira auto-karabanentzat eta bizitoki-ibilgailuentzat izango diren egonaldi-erabilerako plazak.
2.2. R gune honetan erabilera-arau hauek bete behar dira:
a) Erreserbatutako lekuetan auto-karabana edo bizitoki-ibilgailuak bakarrik izango dute aparkatzea, ez ordea, bestelako ibilgailuak, adibidez kamioiak, karabanak, autoak, e.a.
Salbuespen gisa, Udal baimena eman ahal izango da auto-karabanak eta bizitoki-ibilgailuak, gainerako ibilgailuei erreserbatutako aparkalekuetan, egonaldi-erabilera emateko eta behar izanez gero, 2.8 artikuluan agertzen den denbora luzatu ahal izateko. Kasu horretan, gainerako ibilgailuek beraientzat erreserbatutako aparkalekuetan aparkatzeko duten debekuaren berri komenigarria ikusten den bidea (kartelak, web orria, udal poliziaren argibideak) erabiliz emango da.
b) Auto-karabanak edo bizitoki-ibilgailuak altxagarriak jar ditzakete aparkatuta daudenean.
c) Egonaldi-erabilerako plazetan auto-karabanak edo bizitoki-ibilgailuak, betiere errespetatu beharko dituzte plaza bakoitzaren mugak eta inolaz ere ezin izango da, kanpoaldera mahaiak, aulkiak, olanak, eguzkitakoak edo beste edozein tresna atera. Plaza horiek egonaldi-erabilerarako bakarrik erabiliko dira.
d) Egonaldi-erabilera plaza erabiltzea doakoa izango da.
e) Erabiltzaileek auto-karabanek eta bizitoki-ibilgailuek sortutako ur grisak eta beltzak botatzeko gune berezia izango dute. Bestalde, ur edangarria hartzeko gunea eta argindar toma ere izango dute. Zerbitzu horiek erabili ahal izateko horretarako eratuko den txartela eskuratu beharko da. Txartel horren balioa, ordenantza fiskalean zehaztuko da eta non eskuratu daitekeen aparkalekuan bertan adieraziko da.
Txartelaren inguruko informazioa, Beasaingo Udalaren web-orrian (www.beasain.eus) ere jarriko da.
f) Auto-karabana edo bizitoki-ibilgailuentzako egonaldi-erabilera plazan ezinezkoa izango da ibilgailu horiek garbitzea. Momenturo aparkaleku-plaza txukun egon beharko da eta beti ere, aparkaleku-plaza uzten denean garbi eta zaborrik gabe utziko da. Garbiketa debekua beste ibilgailuentzat ere izango da.
g) Zerbitzuguneak erabiltzen dituztenek onartu egingo dituzte inguru hori zaintzeko eta babesteko eta auzotasun jator eta errespetuzkoa izateko Udalak egindako oharpen guztiak.
h) Egonaldia gehienez ere hiru egun jarraikoa izango da. Ezinbesteko kasuetan bakarrik, eta aurretik Udaltzaingoaren edo Alkatearen baimenarekin, baimendutako gehienezko denbora hori gainditzea egongo da.
2.3. Igartzako aparkamenduan, auto-karabanek edo bizitoki-ibilgailuek, egonaldi-erabilera erreserba ez duten plazetan aparkatu ahal izango dute.
2.4. Interes publikoak horrela eskatzen duenean, eta modu justifikatuan edo denbora mugatuan Udalak Igartzako aparkaleku osoa erabili ahal izango du herritarren onurarako denean.
3. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.
Debekatuta dago auto-karabanak eta bizitoki-ibilgailuak aparkatzeko eremu erreserbatuan kanpaldi librea egitea. Debeku hori ez betetzea zigorra jartzeko arrazoia izango da.
Kanpaldi libretzat hartuko da:
a) Aisiarako edozein tresna jartzea Igartza-Oletako aparkalekuan.
b) Hiru egun baino denbora gehiago egotea auto-karabana eta bizitoki-ibilgailuentzako aparkalekuan.
c) Edozein udal ordenantzaren aurka doazen jarduerak.
4. artikulua. Ikuskapena.
Udal honi dagokio ordenantzaren jarraipena egitea eta ikuskapena egitea betetzen den ala ez ezagutzeko eta horretarako eskumena eta ardura, agintaritza-agenteek izango dute.
Ordenantza honekiko arau-hausteak egiten badira, zigorrak ezartzeko prozedura izapidetuko da, Zehatzeko Ahala erabiltzeko Araudia onartzen duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.
Alkatea izango da zigortzaile-prozedurari hasiera emateko eta izapidetu ondoren, erabakitzeko eskumena izango duena.
5. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-hausteak, arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke eta honela sailkatzen dira:
a) Arau-hauste arinak:
— Auto-karabanak, bizitoki-ibilgailuak eta bestelako ibilgailuak aparkalekuan garbitzea.
b) Arau-hauste larriak:
— Ibilgailua, kamioi, karabana, autoak, e.a. auto-karabanentzat eta bizitoki-ibilgailuentzat erreserbatutako egonaldi-erabilera plazetan aparkatzea.
— Auto-karabanek edo bizitoki-ibilgailuek egonaldi erabilera ematea, horretarako erreserbatuta ez dauden plazetan.
— Egonaldi-erabilerako plaza uzten denean, txukun eta garbi ez uztea.
— Hiru egun baino denbora gehiago egotea auto-karabana eta bizitoki-ibilgailuentzako egonaldi-erabilera plazan, horretarako baimenik izaten ez bada.
c) Arau-hauste oso larriak:
— Kanpoaldera mahaiak, aulkiak, olanak, eguzkitakoak edo beste edozein tresna ateratzea.
6 artikulua. Zigorrak.
Honako hauek izango dira:
Arinak: 80 €.
Larriak: 200 €.
Oso larriak: 500 €.
7. artikulua. Erantzukizuna.
Igartzako aparkaleku eremua ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Beasaingo Udalak ez du erantzunik bere gain hartuko baldin eta gorabeherak, lapurretak edo antzekoak gertatzen badira aparkatuta dauden autokarabanetan eta bizitoki-ibilgailuetan.
Xedapen indargabetzailea.
Ordenantza honek baliorik gabe uzten du, 2013ko azaroaren 15ean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ordenantza.
Azken xedapena.
Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.