Osasuna eta ongizatea helburu, Udalak bultzatutako egitasmoak ariketa fisikoa egitearen eta harreman sozialen onurak zabalduz jarraituko du. Osasun-etxean kiroldegiak eskaintzen duen orientazio zerbitzua astelehen goizetan izango da
Gernika pasealekuko frontoiko ohiko tokitik abiatuko da lehen irteera irailaren 28an goizeko 10:00etan. Parte hartzeko nahikoa da egunean bertan agertzea
Ondo ibili ondo izan egitasmoa martxan jarri da ikasturte berriari hasiera emanez. Beasaingo Udaleko kirol sailak beste hainbat eragileen laguntzarekin, Beasaindik ibilbide osasuntsuak egitera animatu nahi ditu herritarrak. Oro har, adineko pertsonei zuzenduta dagoen egitasmoa bada ere adin eta gisa guztietako herritarrek parte hartu dezakete. Egitasmo honen antolakuntzan Udalarekin elkarlanean eragile hauek parte hartzen dute; Beasaingo osasun etxea, Asmube, Urbiberri, Nagusilan, Aita Menni eta Antzizar kiroldegia.
Irailaren 28an izango da lehen irteera. Hitzordua goizeko 10:00etan Gernika pasealekuko frontoiaren ondoan dagoen Ondo ibili ondo izani buruzko informazio panelean eta ostegunero errepikatuko da. Ikasturte berriaren aurkezpenean udal arduradunek parte hartzaileekin batera ekimen honen helburuak azpimarratu dituzte. Leire Artola alkateak egitasmoaren garrantzia nabarmendu eta honek ekartzen dituen onurak goretsi ditu; osasunaren dagokionez, bai fisikoki zein adimenaren aldetik, baina baita ere sozializaziorako, pertsonak harremantzeko balio duelako. “Ahalegin berezia egin behar dugu geroz eta jende gehiago erakartzeko ekimen honetara”, azpimarratu du. Nahigabeko bakardadeari aurre egiteko beste tresna bat ere bada Ondo ibili ondo izan. Horregatik jende gehiagorengana iristeko gogoa adierazi eta gainontzeko herritarrei ibilaldietan parte hartzera animatzeko mezua zabaltzea eskatu du.
Egitasmoa dinamizatu eta antolatzeaz arduratzen direnen izenean Elena Ruiz kirol zinegotzia eta Peru Elosegi prestatzaile fisikoak euren aldetik ariketa fisikoaren garrantziaz gain, ekimena parte hartzaile bakoitzaren baldintzetara egokituta burutzen dela azaldu dute. Ibilbideak lauak eta seguruak dira eta gainera mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei egokituta daude. Ibilbide osoan, antolakuntzako elkarteen boluntarioak eta Antzizar kiroldegiko kirol orientatzaileak izango dituzte alboan. Norberak dituen patologiak kontutan hartuta egokitzen da ariketaren intentsitatea. Horretaz gain, osasun-etxean ere kirol aholkularitza ere emango da kiroldegiko orientazio zerbitzuaren eskutik.
Ibilaldietan izena emateko nahikoa da irteerara agertzea edo nahi izanez gero kiroldegian bertan ere egin liteke.
Orientazio zerbitzua Osasun-etxean
Peru Elosegik azaldu duenez, bi eginkizun nagusitan banatzen da egitasmo hau. Alde batetik ostegunero burutuko den topaketa, non ibilbideak elkarrekin osatzeaz gain, eguraldiak laguntzen ez duenean ariketa ezberdinak egingo dituzten aterpean. Ibilbideen amaieran luzaketak egingo dituzte eta Urbiberri gizarte egoitzan zizka-mizka batzuekin amaituko dute eguneko jarduna.
Beste alde batetik, Kiroldegiak osasun-etxean eskaintzen duen orientazio zerbitzua aurkitzen da. Zerbitzu hau astelehenero eskainiko du Peruk goizean 10:30/12:30 artean. Medikuek eta endokrinoak bideratutako pazienteei beraien baldintzetara egokitutako kirol aholkularitza zerbitzua eskainiko die.
Ohitura osasuntsuak
Ariketa fisikoak onura asko ekartzen dizkio osasunari, besteak beste, hipertentsio arteriala hobetzen du, odoleko kolesterol eta azukre neurriak jaisten ditu, digestioa hobetzen du, indarra eta giharretako erresistentzia hobetu eta artikulazioak gazte mantentzen ditu, oreka hobetu eta erorikoen arriskua gutxitzen du, loaren kalitatea eta umorea hobetzen ditu eta tentsioak askatzen laguntzen du.
Garrantzitsuena oinez ibiltzea da, bakoitza bere ahalmenen arabera eta hori bakarrik ez, denbora tarte atsegin bat igarotzeaz gain harremanak eta sozializazioa ere lantzen dira.