Beasaingo kirolari, elkarte eta erakundeen aitortza handiaren jaia zuzenean eskainiko da udalaren youtubeko kanaletik
Datorren abenduaren 26an arratsaldeko 19:00etan Igartzako jauregian, 2024. urteko Beasain Kirol Sarien gala burutuko da. Bertan, modu batera edo bestera aurten Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen, elkarteen eta erakundeen aipamen berezia egitea eta jende aurreko aitortza eta esker ona adieraztea da helburua. Iaz bezala, ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da udalaren youtubeko kanaletik.
Sarien oinarrietan adierazita dagoenez, herritarrek sarituak izateko hautagaiak proposatzeko emandako epearen ondoren, aldez aurretik izendatutako epaimahaiak proposamen guztiak aztertu, izangaien merezimenduak baloratu eta urteko sariak eta aipamen bereziak erabaki eta jakinarazi ditu. Hartara, 2024ko Beasain Kirol Sarietan ondorengoak izango dira sarituak:
Emakumezko kirolaria saria: Naxara Odriozola Lekuona (txirrindularia)
Gizonezko kirolaria saria: Beñat Turrientes Imaz (futbol jokalaria)
Urteko kirol jardunaldia: Emakumeen Euskal Kopa (saskibaloia)
Erakunde babeslea: Iturrioz eraikuntzak
Beasaingo Udalak ohiz kanpoko goresmen saria emango dio (Ohorezko Beasain Saria) Beñat Turrientes Imaz-i, Parisko joko olinpikoetan urrezko domina lortu izanagatik.
Guzti hauetatik, epaimahaiak erabakiko du zein izango den “2024ko Sari Nagusia” eta hori sari emate galan emango da jakitera.
Urteko aitortza edo aipamen bereziak:
- Maren Higuero Larreategi (Atletismoa)
- Urko Etxebeste Garin (Atletismoa)
- Lorea Kirol Kluba (Wu-Shu Kung Fu)
- Beñat Garmendia Atxutegi (pilota)
- Murumendi pilota eskola (pilota)
- Endika De las Heras Fernandez (korrikalaria)
- Arriarango Mendi Lasterketa
- X. Garin Mendi Lasterketa
- Arri BKL Pagoeta neskak (saskibaloia)
Ekitaldian, aurrez erabakitako sail, kategoria eta genero bakoitzeko sarituari dagokion oroimenezko ikurra emango zaie. Sariak ohorezkoak dira, hau da, ez dute inolako ekarpen ekonomikorik.
Udal gobernuak sortutako ekimen hau 2016az geroztik burutzen da. Kirola interes publikoko jarduera soziala izanik, pertsonen trebakuntza nahiz garapen integralean du eragina, norbanako zein taldeen bizi kalitate eta ongizate integralean hobetzen lagunduz. Hau ardatz hartuta, egitasmo honen bidez, Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen lana balioan jarri, aitortu eta goretsi nahi da.