Hizkuntza errefortzurako zerbitzuak izandako arrakasta dela eta zerbitzuari jarraipena emango dio Udalak. Hori horrela izan dadin, azken Gobernu Batzordean onartuak izan ziren zerbitzua esleitzeko baldintza pleguak eta deialdi publikoa egiteko proposamenak.
Lehen hiruhilabeteko balorazioek utzitako emaitzak adierazgarriak izan dira. Euskararen erabilera sustatzeko haurrei zuzendutako zerbitzuak 180 hartzaile ditu. Aurretik bi espazio horietan, Txelotxen eta Berritsun, eskaintzen zen aisialdi eskaintza aise gainditu da zerbitzu berriarekin, hilean bataz beste 14/15 erabiltzaile izaten baitzituzten.
Ikastetxeek oso balorazio ona egin dute ikasleengan hobekuntza nabariak somatu baitituzte.Euskararen erabileraren aldeko apustuan, Udal gobernuak Txelotxe eta Berritsu espazioetan Hizkuntza Errefortzu Zerbitzuak abiaraztea erabaki zuen, hizkuntzarekin zailtasunak zituzten haurrei eskolaz kanpo euskaraz hitz egiteko eta euskara hobetzeko aukera berriak eskaintzeko asmoz.
Zerbitzua ekainean amaitzen da eta izan duen harrera arrakastatsua ikusita, datorren ikasturterako berriro esleitzeko prozesua martxan jartzeko baldintza pleguak eta deialdi publikoa egiteko proposamena jada onartu ditu Gobernu Batzordeak.
Ikastetxeek adierazi bezala, hizkuntzaren erabilerarako beharrak agerian geratu dira eta zerbitzuaren arrakasta da horren lekuko, hori dela eta datorren urtera begira zerbitzua indartuko da eta hartzaile kopuruak ez du mugarik izango hizkuntza beharrei erantzuten jarraitzeko. Beraz, beharren araberako baliabideak bideratuko ditu Udalak zerbitzura, euskararekin zailtasunak dituzten eta euskaraz egiteko aukera gutxi duten haurrek beren gaitasunak areagotzeko aukera izan dezaten. Zerbitzuaren jarraipena bermatze aldera, esleipena bi urterako izango da beste bi urtez luzatu ahal izateko aukerarekin.
Gobernu batzordean proposatu ziren beste gaien artean, AGIPASE elkarteari Udal lokalak erabili ahal izateko lagapena egitea onartu da. Udalarekin hitzartuta, krisi egoeran dauden familietan gatazken konponbidean esku-hartzeko baliabideak eskaintzeko zerbitzua ematen dute. Eta bestetik zenbait obren zirutagiriak onartzeko proposamenak aurrera atera dira.