Beasaingo Udalak sustutako ikastaroa urriaren 8an hasiko da izena ematen duten beasaindarrek matrikularen erdia ordainduko dute soilik
Urtxintxa eskolarekin lankidetzan, Beasaingo Udalak antolatutako aisialdirako begirale titulua lortzeko ikastaroan izena emateko epea zabalik egongo da hil honen amaiera arte. Ikastaro honen bidez, Eusko Jaurlaritzak homologatutako “Haur eta Gazteen Aisialdirako Begiralea” titulua eskuratu daiteke. Haurren aisialdian euskaraz lan egiteko formakuntza ziurtatzen duen agiria Beasaindik mugitu gabe lortzeko aukera eskura jarri du Udalak hoenla eta . Gainera, Beasainen erroldatuta daudenek matrikularen erdia ordainduko dute soilik.
Hirugarren urtez antolatu duen ekimen honekin ere, Beasaingo Udalak gazteei aisialdirako heziketan lan egiteko baliagarria zaien titulazioa lortzeko eskaintza egiten die. Lana egiteko aukeraz gain, aisialdian euskararen erabileran lagunduko duten begiraleen formakuntza sustatzen du.
Ikastaroa urriaren 8an hasiko da eta datorren urteko maiatzaren 14an izango du amaiera. 150 ordu teoriko, 160 praktiko eta memoria baten lanketaz osatua egongo da. Tartean asteburu bateko irteera bat izango da.
Baldintza nagusiak, 2022eko abenduaren 31rako 18 urte beteta edukitzea, DBHko titulazioa izatea eta euskara maila egokia izatea dira (klaseak jarraitu eta memoria euskaraz entregatzeko gai izatea).