Jolasen bidez kalean eta parkeetan haurren artean euskararen erabilera handitzeko ekimena hemen da
Urriko asteazken guztietan, Iturralde parkean burutuko dira jolas-saioak 16:45etik 18:45era bitartean. 3 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago
Joan den ikasturtean bezala, garai berean itzuliko da Parketarrak ekimena Beasainera. Udalak, Hezten elkartearen bitartez, kalean eta batipat parkeetan, haurren artean euskararen erabilera handitzea izango du helburu. Horretarako urrian, eta asteazkenero, Hezten-eko jolas dinamizatzaileen laguntzaz, Iturralde parkean (euria izanez gero Loinazko San Martin plaza azpian) jolas saioak burutuko dira. Honela, urriak 4, 11, 18 eta 25 izango dira ekimena burutuko diren egunak. Egitasmo honek, adinaren araberako bi programa eramango ditu aurrera.
Bi txanda adinaren arabera
Zabu Zibu izenekoa, 16:45etik 17:45era burutuko da eta 3-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako izango da. Helburua euskaraz jolastu ahal izateko tresnak eskaintzea da, beraz, behar beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin etortzea eta jolastea.
Eta bigarrenik, Txirrintxon deiturikoa. 17:45etik 18:45era izango da eta 6-9 urte bitarteko haurrei dago zuzendua.
Euskararen erabilera aisian bultzatzea
Udalaren helburu eta eskumenen artean dago udalerrian euskararen ezagutza sustatzea eta erabilera dinamizatzea. Esparru honetan herritarren euskalduntzea sustatzen jarraitzeko ekimenak antolatzen jarraitzen du. Hizkuntzaren aldeko konpromiso horren baitan, datorren asteazkenean hasi eta astean behin, beasaindar txikienen aisialdian euskararen erabileran eta ezagutzan eragiteko jarduera berria abiaraziko da berriz.
Udal gobernuak legegintzaldiko helburu nagusien artean hizkuntza politikarekin eta euskararen presentzia eta normalizazioarekin lotura zuzena duten egitasmoei segida ematen jarraitzen du. Herriko ikastetxeekin, elkarteekin eta eragileekin elkarlanean, haur eta gaztetxoenen artean euskararen jakintza eta erabileran jarduerak, ekimenak eta zerbitzuak eskaintzea du xede. Hargatik, guztien lankidetzarekin euskararen erabilera handitzea lortu nahi da horretarako deialdi berezia egin nahi da guraso, ikastetxe eta familiei jarduera honetan ere parte hartu dezaten.