Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Mota eta estilo anitzeko zuzeneko musika emanaldiak

2024/01/23

Igartza Musika Programaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute udal arduradunek. Lehen seihilekoan zuzeneko 10 kontzertu eskainiko dira 

Jatorrizko helburuari eutsiz, beasaindarrak eta bereziki gazteak musikara erakarri nahi dira. Kontzertu guztiak irekiak eta doan izango dira

Beasaingo Udalak kultura eta musikaren aldeko apustu sendoaren konpromisoari eutsiz 2024 urteari dagokion Igartza Musika Programaren lehen sei hilabeteko pdf egitaraua (945 KB) ezagutzera eman du Igartzako jauregian egindako aurkezpenean. Beasaindarrak eta bereziki gazteak, musikara erakarri eta gerturatzeko asmoz alor, estilo eta joera anitzeko egitaraua aurkeztu dute Leire Artola alkateak, Mariola Pascual kultura zinegotziak eta programa egituratzeko ardura duten Garazi Zabaleta eta Arantxa Gastesi Loinatz Musika Eskolako arduradunak.

Programa egonkortua 

Udal gobernuak martxan jarritako Igartza Musika Programa urtez urte egonkortzen joan den egitasmoa da. Leire Artola alkatearen hitzetan “bederatzigarren edizio honekin, Igartza Musika Programa publikoaren eta musikarien artean izen propioa izatera iritsi da. Erreferentzietako bat bada musikazaleen artean, herrian duen onespena lortzetik, herritik kanpora ere ezaguna izatera pasa da.  

Kultura zinegotziaren esanetan, funtsean Igartza Musika Programak bere helburuei eusten die. Musika zaletasuna herritarrei zabaltzeko helburuarekin batera, euskal musikagintzan erreferente direnak zein musikari berriak Beasainen izatea bada udalaren asmoa. Musikenerekin Udalak duen hitzarmen-lankidetza ere beste urte batez berritu izana nabarmendu du. Honi esker, Igartza Musika beka ekitaldian Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleek parte hartuko dute. Bi aldeek adostu bezala iazko bekaren irabazleak emanaldia eskainiko dute 2024ko lehenengo ziklo honetan Igartza Musika Programaren baitan eskaintzen diren kontzertuen barruan.

Biola eta piano bikotea hasteko

Jarraian Arantxa Gastesik datozen sei hilabeteetan izango diren kontzertuen berezitasunak azaldu ditu. Urteko lehen kontzertua igande honetan, urtarrilaren 28an izango da arratsaldeko 19:00etan Igartzako jauregian. Batura ziklotik, biola eta piano bikotea izango dira zuzenean. Natalia Tchitch-ek, errusiar jatorriko biolin-jotzailea eta Josu Okiñena piano-jotzaile eta ikertzaileak irekiko dute aurtengo egitaraua.

Natalia Tchitch-ek, bakarka zein lagunduta, jarduera oparoa du nazioarte mailan. Bere etengabeko kezka eta jarduera profesionalaren ondorioz, Europako hainbat hiritan bizi izan da, eta bere ibilbideko etapa bakoitza alderdi artistiko desberdinetara bideratu du. Ganbera-musikarako grina eta dedikazioak Europa mailako jaialdi eta proiektu garrantzitsuenetan aritzera eraman du. 2002tik masterclasseak ematen ditu mundu osoan zehar.

Josu Okiñena piano-jotzaile eta ikertzailea da, Aita Donostiaren obrari buruzko lanengatik Euskal Herriko Unibertsitateak saritu du, eta ez ditu ateak ixten proiektu musikal berriak etengabe bilatzeari. Xuxurlak , Aradak eta Xarmak albumekin, Okiñenak euskal ondare musikalari buruzko ikerketa proiektu bat burutzen ari da azken urteetan berreskuratutako  eskuizkribu originalak oinarri hartuta eta mundu osoan zehar nazioarteko bira batekin sustatuz.

“History of Basque Music” argitaratu du Renoko Unibertsitatean (Nevada) eta “Musikaren interpretazioa prozesu artistiko eta zientifiko gisa. Bi dimentsio osagarri” Deustuko unibertsitateko argitaletxearekin.  

Kontzertuan, beste konpositoreen artean Hilario Olazaran de Estellaren obrak eskainiko dituzte eta euskal musikaren edukia indartzearren, Aita Donostia eta Jesus Guridirenak ere joko dituzte.

Hamar emanaldi guztira

Bigarren emanaldia, otsailaren 25ean, Igartzako jauregian izango da 19:00etan. Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikariek sorturiko Ariñeketan proiektuaren bigarren alearen aurkezpen kontzertua izango da: Zaharrak berri.

Martxoaren 3an, Igartzako jauregian ere, 19:00etan, Kirudat Duoren emanaldia izango da. Markel Pérez Etxarri eta Juan Luis García Díaz perkusio jotzaile gazteek osatutako taldea da. Perkusiozko instrumentuak joz, pieza ezagunak eskainiz publikoa txundituko dute.

Igartza Musika Bekaren azken edizioko irabazleak eskainiko duten kontzertua martxoaren 17an izango da. Egitarauko emanaldi gehienak bezala arratsaldeko 19:00etan izango da. Gradu bekaren irabazlea izan zen Luis Alejandro biolontxelo-jotzailea eta Marta Burgos klarinete espezialitatean  Master bekako irabazleak eskainiko dute kontzertua Igartzako jauregian. 

Apirilaren 14an, Igartzako jauregian Jon Piris kontrabaxu jotzailea eta Iñar Sastre piano jotzailea musika garaikidearen harmonia eta jazzaren erritmika batzen dituen Pasieran lana aurkeztuko dute. Hau ere arratsaldeko 19:00etan izango da. 

Apirilaren 21ean Trintxerpeko Illunbe akordeoi orkestraren kontzertua izango da. Gaur egun Jose Juan Zubillagak zuzentzen du taldea, eta batez beste 30 urte dituzten 15 kidek osatzen dute. Kide batzuk akordeoiaren profesionalak dira dagoeneko. Bere kontzertuen egitaraua askotarikoa da, obra klasikoak, filmetako abestiak, edota musika tradizionala barne.

Maiatza oparoa

Maiatzaren hasieran, Musika Eskolak antolatu duen MUSIKA GARAIA proiektu berria aurkeztuko da. Bertan, Hitzaldiak, Musika Tailerrak, Kontzertuak izango dira, besteak beste “Sorotan Bele gogoan” izango da, Musika Eskolako Banda eta Abesbatzaren parte-hartzearekin. Ondoren Loinatz jaiak izango dira, bete betean, beti bezala proposamenez beteta

Eta hilaren amaieran Igartza Musika Programako 3 kontzertu: maiatzaren 25ean, Loinazko San Martinen Basilikan 19:00etan, Aitor Garitanoren zuzendaritzapean Alboka taldearekin batera, Loinatz abesbatzaren kontzertua eskainiko da. 

Maiatzaren 26an, Aitor Urquiza burlatarrak eta Iker Alvarez bilbotarrak Harribitxi duo aurkeztuko dute. Sorkuntza berriko musika izango da txistulari bikoteak eskainiko duena. Kontzertua gaueko 19:00etan hasiko da Igartzako jauregian. 

Tenpora deituriko boskote gipuzkoarrak “Ama” estudioko bere laugarren lana aurkeztuko du maiatzaren 31 Igartzako jauregian 20:00etan. Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Beñat Barandiaran (gitarra), Juantxo Zeberio Etxetxipia (teklatuak) eta Elene Arandiak (ahotsa) osatzen duten taldeak,  Aitor Etxebarria musikari eta konpositoreak ekoiztutako lanean murgiltzeko aukera eskainiko du beste hainbat abestien artean. 

Lehen seihilekorako antolatutako azken kontzertua ekainaren 6an izango da Erauskin plazan 20:00etan. 1978an Txomin Artolak kaleratutako Belar Hostoak diskoaren berrinterpretazioa egin zuen 2022ko martxoan, lagun talde batek. Jon Gurrutxagak jarri zien ahotsa artista hondarribiarraren abestiei, Antxon Sarasua, Andoni Etxebeste, Dani Venegas eta Urbil Artolak lagunduta. Artolaren abestiek kutsu modernoagoa eta gaurkotuagoa hartzen dute, pop eta folk estiloak bluesari eta rockari egindako keinuekin nahastuz eta hori eskaintzera etorriko dira Beasainera.

Musika ardatz hartuta Beasain kalitatezko eta maila goreneko emankizunen kokaleku bihurtzeko ahalegina lortzen ari dela erantsi dute arduradunek. Jendea kontzertuetara etortzeko gonbitea ere luzatu dute. Emanaldi guztiak irekiak eta doan izango dira aforoa osatu arte dagokion lekuan. 

IMG 0851