Beasain eta batez ere gaztetxo beasaindarrak euskalduntzeko ekimen berria dakar Udalak Goierri Telebistaren bitartez herriko ikastetxeen parte hartzearekin, “Kantari Beasain”. Zortzi eta hamabi urte bitarteko 275 neska-mutiko beasaindarrek parte hartuko dute kulturgintza eta euskalduntzea helburu duen saioan.
Beasaingo Udalak bere helburu eta ardatzetako bat du euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea eta proposamen berri honekin, ahalegin horretan indar egiten jarraitu nahi du. Leire Artola alkatearen hitzetan, “Kezkatik baño arduratik ikusten dugu euskararen erabilera ahalik gehien zabaltzearena. Euskara erakargarri izatea behar du euskaldunon egiteko behinena eta gazteen artean egin nahi dugun ahalegin horretan kokatzen dugu ekimen hau”.
Ekimenarekin bat egin dute Beasaingo lau ikastetxeek ere: Murumendi eskolak, Andramendi ikastolak, Alkartasuna Lizeoak eta La Salle Beasain ikastetxeak. Ikastetxetik kanpo ere, aisialdian, helburuak bete eta euskaraz jarduteko aitzakia badelako guraso eta gaztetxoentzako dinamika hau.
Hori horrela, helburuak nola beteko diren adierazi du Leire Artola Alkateak: “Euskara modu dibertigarrian erakargarri bihurtuz eta bide batez euskal kantugintza eta kultura gazteei helaraziz. Aldi berean, gurasoak euskal kulturara ere erakartzen ditugu kate honetan, ondo pasatuz eta euskara gozamenarekin lotuz. Goierri telebistaren proposamenari baiezkoa emanda, herriko ikastetxeen laguntza eta elkarlana eskertu beharrean gaude. Kantari saioa finean, euskarara modu dibertigarrian gaztetxoak erakartzeko modua da, haur eta gazteak euskaraz kantuan eta dantzan jartzen dituen ikuskizuna da, gazteak eurak ikuskizuneko protagonistak bihurtuz”.
Emanaldiak otsailaren 24a, larunbata, eta otsailaren 25a, igandea, egingo dira Usurbe Antzokian. Guztira 11 emanaldi egingo dira eta herritarrek zuzenean emanaldiez gozatzeko aukera izango dute. Doakoak izango dira emanaldi guztiak eta ez da ez sarrera ez gonbidapenik behar izango.
Horretaz gain, Goierri telebistako zuzendariak adierazi duen bezala, “zuzenean streaming bitartez ere jarraitu ahal izango dira emanaldi guztiak. Larunbatean, 15:00etatik aurrera eta igandean, aldiz, goizeko 11:00etatik aurrera, ‘gitb.eus’ atarian. Zuzeneko emanaldiak eta gero, webgunera ere igoko dira saioak eta gurasoei ere bidaliko zaie saioaren lotura zuzena”.
Astero bi saio estreinatuko dira telebistan, asteartetan eta ostegunetan, 21:00etan. Asteburuetan errepikatuko dira.