Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Euskara sustatzen duten udalekuek bere helburua bete dute

2024/08/20

Gaztetxoak naturaz gozatzea eta euskararekin lotura duen kulturan murgiltzea lortu da Udala eta zerbitzua aurrera eraman duten arduradunen ustez

Beasaingo Udalak aurten ere antolatutako udalekuak emaitza onak utzi ditu. Eskainitako 50 plazak berehala bete ziren eta honek agerian utzi zuen eskainitako zerbitzu honi herritarrek emandako erantzun ona. 

Euskarazko udalekuak antolatzerako garaian, haurren artean euskararen jakintza eta erabilera indartzeko helburuari lehentasuna ematen dio Beasaingo Udalak baina bada helburu honi lotuta ere eskola ikasturtea amaituta opor garaian familien kontziliazioan lagunduko duen udaleku zerbitzua eskaintzea. Honekin batera, giro euskaldunean naturaz gozatzea, garapen pertsonala sustatzea, eta balio hauek haurren artean zabaltzea ere bada udalekuen xedea, hala nola, berdintasuna, errespetua, elkarbizitza, lankidetza, erantzunkizuna, autonomia, elkartasuna, edota aniztasuna. 

Udala eta zerbitzua aurrera eramateaz arduratu den Arazi enpresaren iritziz, orokorrean ekimenak dituen helburu nagusiak bete dira. Gaztetxo talde jatorra eta aktiboa izan da uztailaren 1etik 10era Lekarozko “Valle de Baztan” gazte aterpetxean egindako egonaldian bildutakoa. 9 eta 13 urte bitarteko gaztetxoak errutinatik irteteko eta harremanak sustatzeko aukera izan dute. 

Aterpetxearekiko eta inguruarekiko balorazioa aparta izan da. Azpiegitura aldetik oso espazio aproposa da eta baliabide asko eskaintzen dituena. Lekaroz herria eta inguruko natur parajeak ezagutzeko aukera ere izan dute udalekuetako parte hartzaileek. Aisian ondo pasatzea eta euskararekin lotura duen kulturan murgiltzea lortu da. Inkesta bidez gurasoen erantzunak jaso ondoren, asebetetze maila oso altua dela ondorioztatu da. Erantzunen %87ak udalekuak oso egokiak direla adierazi dute eta %100ak  seme-alabek esperientzia berriro errepikatuko luketela dio. 

13jpg

2jpg