XXVII. edizio honetan saria handitu da eta 10.000 eurokoa izatera pasa da. Idazle hondarribiarrak sariaren erdia jaso du orain eleberria amaitzen duenean beste erdia jasotzeko
Irati Irizar iazko irabazleak liburua amaitu eta sariaren bigarren zatia jaso du. Datorren udaberrian aurkeztuko da
Ane Zubeldia Magriñá (batzuetan Ane Garcia Lopez, bere bi amonen abizeneekin sinatzen du) izan da aurtengo Igartza Literatur-sorkuntza Beka irabazi duena. Hondarribian 1994an jaioa, musikan, komunikabideetan eta itzulpengintzan dabilen arren, literaturaren arloan Mejillon Tigre kolektiboan Hitz esana ikuskizunarekin dabil hara-hona. Igartzako jauregian burutu den ekitaldian, garaikurra eta aurten hazi den 10.000 euroko sariaren erdia jaso ditu Igartzako jauregian burututako sari emate ekitaldian.
Olatz Mitxelena, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek hala erabakita, hondarribitarraren “Datorren udan ez gara hemen biziko” ipuin-bilduma izango den narrazio proiektua saritu dute. Gai eta estilo askotako kontakizunak, baina, batzen dituen hari bat aipatzekotan, egileak galdera bat du aipagai: zer kontatzen diogu geure buruari mundua esplikatzeko, bizitzaren misterioak argitzeko, gure egoera, patua edo jarrera ulertzen saiatzeko? Hainbat giro eta garai, adin eta generotako pertsonaiak izango dira bilduman, eta bakoitzak unibertso propio bat eraikiko du arnasa luzeko istorio hauetan. Orain, urte eta erdiko epea izango du proiektua nobela bihurtzeko.
Hazi den saria
Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek 27. edizioa bete du. Igartzako jauregian elkartu dira sari emate ekitaldian irabazlea zein hiru erakundeetako ordezkariak; Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren eta CAFeko euskara arduraduna Bianditz Iraola.
Leire Artola alkatearen esanetan, “Igartza Literatura Bekak ez luke zentzurik izango hiru erakundeen lankidetza sendo eta oparo hau gabe”. Eskertu eta balioan jarri du Artolak ahalegin eta ekarpen hau, “gizarte eta kultura aberatsago baten alde lanean ari direlako euskara eta literatura helburu hartuta”. Honen harira ere sariak aurten izan duen hazkundea nabarmendu dute; 6.000 eurokoa izatetik 10.000 eurokoa izatera pasa da (%60 gehiago). “Hainbat urtez mugitu gabe egon da kopuru hori eta jakin badakigu pizgarria izateaz gain prestigioan edo ospean ere lagunduko duela egin dugun ahalegin honek” erantsi du udal agintariak.
27. edizio honetara aurkeztutako lanak 16 izan dira, horietatik 8 gipuzkoarrak, 7 bizkaitar eta nafar 1. Generoari dagokionez 11 eamakumezkoak dira eta 5 gizionezkoak.
Ekitaldian ere, Irati Irizar Alvarezek, iazko irabazleak, behin bere liburua amaituta, sariari dagokion bigarren zatia jaso du (3.000 euro). Ilargi-kutsadura nobela datorren udaberrian aurkeztuko da toki berean.
Idazle gazteen sorkuntza-lana saritzea
Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.
Orain arteko sarituak:
LIBURUA | IGARTZA SARIA | URTEA | ARGIT. URTEA | EGILEA |
---|---|---|---|---|
TUBABU | I.ª | 1994 | Jon Arretxe Perez | |
CONNEMARA GURE BIHOTZETAN | I. beka | 1998 | 2000 | Julen Gabiria Lara |
EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN | II.beka | 1999 | 2001 | Xabier Etxeberria Garro |
KORAPILOAK | II. bekaaccesit | 1999 | 2001 | Jasone Osoro Igartua |
ORTZADARRA SUTAN | III.beka | 2000 | 2002 | Fernando Morillo Grande |
VAN´T HOFFEN ILEA | IV.beka | 2001 | 2003 | Unai Elorriaga Lopez de Letona |
HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA | V.beka | 2002 | 2004 | Julen Gabiria Lara |
KARONTE | VI.beka | 2003 | 2005 | Asel Luzarraga Zarrabeitia |
AMAREN ESKUAK | VII.beka | 2004 | 2006 | Karmele Jaio Eiguren |
LILE | VII. bekaaccesit | 2004 | 2006 | Peru Magdalena Arriaga |
AULKI BAT ELURRETAN | VIII.beka | 2005 | 2007 | Uxue Alberdi Estibaritz |
ERO | IX.beka | 2006 | 2008 | Jon Martin Etxebeste |
HABITAT | X.beka | 2007 | 2009 | Katixa Agirre Miguelez |
NORA EZ DAKIZUN HORI | X. bekaaccesit | 2007 | 2009 | Irati Jimenez Uriarte |
KATU JENDEA | XI.beka | 2008 | 2010 | Eider Rodriguez Martin |
MEA CULPA | XII.beka | 2009 | 2011 | Uxue Apaolaza Larrea |
BESTE NORBAITEN ZAPATAK | XIII.beka | 2010 | 2012 | Garazi Kamio Anduaga |
GELTOKIAK EDO HELDUTA ENTZUTEKO ABESTIAK | XIV.beka | 2011 | 2013 | Goiatz Labandibar Arbelaitz |
ERRAIAK | XV.beka | 2012 | 2014 | Danele Sarriugarte Mochales |
EZ TIRO EGIN ANBULANTZIEI | XVI.beka | 2013 | 2015 | Mikel Ayllon Corral |
HAUTS HAIETATIK | XVII.beka | 2014 | 2016 | Unai Villena Camarero |
NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO | XVIII.beka | 2015 | 2017 | Kattalin Miner Perez |
ZALDI MAMARROA | XIX.beka | 2016 | 2018 | Ekaitz Goienetxea Cereceda |
BASA | XX.beka | 2017 | 2019 | Miren Amuriza Plaza |
ZENDABALITZ | XXI.beka | 2018 | 2020 | Erika Elizari Salvador |
HERRIAK EZ DU BARKATUKO | XXII.beka | 2019 | 2021 | Irati Goikoetxea Asurabarrena |
EZ ERRAN INORI | XXIII.beka | 2020 | 2022 | Maddi Ane Txoperena Iribarren |
ARRAIN HEZUR BAT EZTARRIAN | XXIV.beka | 2021 | 2023 | Olatz Mitxelena Larreta |
ITZALKIAK EGUZKITAN | XXV.beka | 2022 | 2024 | Lizar Begoña Madariaga |
ILARGI-KUTSADURA | XXVI.beka | 2023 | 2025 | Irati Irizar Alvarez |