Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Udaletxeko eraikinaren mendeurrena ospatuko da Udazken Kulturalean

2024/09/17

Urriaren 26an beteko dira ehun urte inauguratu zela eta efemeride hori nabarmendu nahi da

Irailaren 20tik azaroaren 10a bitartean berrogeita hamar ekitaldi baino gehiago bilduko ditu Udazken kulturalak eta lehen zatiaren egitaraua aurkeztu dute

Iritsi da udazkeneko kultur programazioa biltzen duen pdf egitarauaren (1.70 MB) aurkezpenaren ordua. Bi hilabetetan 50 kultur ekitaldi baino gehiago burutuko dira eta egitarau batetan biltzen ditu Beasaingo Udalak. Protagonista nagusiak herriko elkarte eta eragileak izaten dira Udala eta beraien elkarlanaren emaitza eta eskaintza beasaindarrekin eta beasaindarrentzat sortu delako. Hala adierazi dute udaletxean egindako aurkezpenean Leire Artola alkateak eta Amaia Gomez de Segura kultur teknikariak. 

Alkateak, kultur ekitaldien dinamikari  dagokionez urteko programazio garrantzitsuena dela aipatu du. Beasaingo kultur elkartegintzaren sarea babestea eta kultura bera, Udal gobernu honen ardatz estrategiko nagusia dela gaineratu du. Horregatik, Udazken kulturaleko programazioak herriko elkarte, eragile eta taldeen lanetik eratorritako ekarpenen islada izatea nahi da. Haiei esker, gaineratu du, udalerriko kultura eta dinamika soziala bizirik mantentzen da eta. 

Udal eraikinak 100 urte

Aurten gainera, ospakizun berezi batek ematen dio zentzua egitarauari: Beasaingo udaletxearen eraikinak 100 urte betetzen ditu urriaren 26an. Mende bat igaro da eraikin honek Beasaingo bihotzean, herriaren historia eta kulturaren lekuko izan denetik. Ehun urte hauetan, hainbat eta hainbat belaunaldi pasa dira bertatik, eta eraikin honen mendeurrena ospatzearekin batera, herriko kulturaren etorkizunari begiratzeko aukera dago.

Programazioa irailaren 20tik azaroaren 13ra luzatuko da. Azken urtetan egin den bezala, sortzen diren azken orduko aldaketak direla eta, egitaraua bi atal desberdinetan argitaratuko da. Honela, etxeetan banatu da iada irailaren 20tik urriaren 20ra zehaztuta daudenak. Dena den, edozein zalantza edo aldaketa gertatuz gero udalaren web orriko agendan zein mugikorretarako udal aplikazioan eguneratuta agertuko da.

24 orduz dantzan 

Udala eta Beasaingo elkarte sarearen elkarlana balioan jarri eta ekitaldien aniztasuna eta kopurua nabarmendu dituzte; egitarauak herritar guztiak hartzen dituelako kontuan. Haurrentzako eskaintzak duen garrantzia eta kultur espresiobide guztiek tokia dute egitarauan. Amaia Gomez de Segura kultura saileko teknikariak egitarauan sakonduz ohikoak diren ekitaldiak eta hauen inguruko xehetasunak azaldu ditu. Udazken kulturala dantzan hasiko da, 24 orduz dantzan erronkarekin. Ostadar dantza taldeak antolatutako ekitaldia izango da eta irailaren 20tik 21era, 24 orduz jarraian dantzan egingo dute. Parte hartzeko izenematea zabalik dago.

Beste ekimenen artean, azokak, odolki kofradiak antolatzen duen XXXIX. odolki lehiaketa eta dastaketa, Beasaingo Paperak bildumari dagokion 32. alearen aurkezpena, erakusketak eta bisita gidatuak izango dira. Urtero bezala, Tolosako abesbatzen lehiaketa garai honetan dela aprobetxatuz, Beasainen World vision Korea Children´s choir abesbatza zuzenean entzuteko aukera izango da. 

Gainerakoan, haurrei zuzendutako ekimenen artean aipatzekoak dira haur antzerkia (Txaplin), irakurketa klubak, kale antzerkia (Bira kolore), “Chef nature” kale ikuskizuna, Matraka elektrotxaranga eta nola ez, buruhandi eta erraldoien konpartsen eguna. Antzerki amateurrari dagokionez, “Hemen ez du inork ordainduko”, “Funanbulistak” (Libe Mendizabal beasaindarrarekin), eta “Hil Rola” antzezlanak eskainiko dira. Dantzari lotuta saloiko dantzen erakustaldia eta “Led Silhouette” ikuskizuna izango dira eta musikan aipagarri Idoia Asurmendiren kontzertua. Porru kaleko jaiak ere ospatuko dira aurten. 

Aipatzeko modukoak ere badira elkarteek antolatutako ekimenak. Hala nola, Aurtzakak antolatutako dantza erakustaldia, txistularien alardea, Argizpi elkarteko argazki erakusketa eta rallya, Asmubek antolatzen dituen ikastaroen eraskutaldiak, Arrano elkarteak antolatzen duen margo lehiaketa eta bertso saioa (June Aiestaran, Maddi Aiestaran, German Urteaga, Miren Artetxe, Sustrai Colina, Unai Iturriaga), Aizkorriren finalista eguna eta Mendi astea, Lemniskataren hitzaldiak, Antzerki taldearen bisita gidatua, Loinatz abesbatzaren kontzertua, eta Ekaitz erraldoi eta buruhandien irteerak. Urriaren 5ean, bigarren urtez Herriko Elkarteen eguna ospatuko da. Beraien lana eta ekarpena erakutsiko dute Erauskin plazan jarriko dituzten postuetan herritarrek ikusi dezaten.

Udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa

Udal ordezkariek, 2025ko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketan parte hartzeko epea irailaren 30ean bukatzen dela gogorarazi dute eta lanak bidaltzera gonbidatu dituzte argazkilari eta argazkizaleak. Argazkietan isladatu behar den gaia “Beasaingo auzoak” da.

2026ko gaia aldiz “Urtaroak Beasainen” izango da. Urte bete izango dute partaideek argazkiak ateratzeko eta bidaltzeko. Oinarriak udalaren webean argitaratuko dira.

Agendaren kontsulta

Ekitaldien egunak, ordutegia eta tokiei buruzko informazio zehatza eta eguneratua, beasain.eus udal webgunearen agendan aurkitu daiteke. Telefono mugikorraren bidez, Beasain aplikaziotik ere informazio berbera eskuratu daiteke.

Honekin batera, hileroko agenda pdf formatuan deskargatzeko aukera ere badago eta udalaren sare sozialetatik, webgunetik eta aplikazioaren bidez eskuratu ahal izango da.