Euskara eta euskal literatura bultzatu eta gozatzeko helburuz urritik ekainera 9 saio eta 9 liburu izango dira
Estreineko saioa urriaren 23an izango da, udal liburutegian. Liburua aldez aurretik eskuratu daiteke eta parte hartzeko izena eman
Beasaingo irakurle taldeak 2024-2025 denboraldirako berrikuntza eta ilusioz beteriko proposamena aurkezten du.. Euskaraz irakurtzeko ohitura sustatzea eta euskal literaturaren aberastasuna ezagutaraztea dira ekimen honen helburu nagusiak. Taldea urtero elkartzen da euskarazko literaturan sakontzeko eta irakurketen inguruan gogoetak partekatzeko, eta aurten ere ez da salbuespena izango.
Euskaraz irakurri eta solas egin
Beasaingo irakurle taldea euskarazko liburuen inguruko irakurketak partekatzeko espazio bat da. Bertako partehartzaileek hilero euskaraz argitaratutako liburu bat irakurri eta gaiaren inguruko solasaldia egiten dute. Dinamikak irakurleak elkarrizketan inplikatzea du helburu, euren ikuspegiak, hausnarketak eta emozioak trukatzeko aukera emanez. Gidari batek taldeak eztabaidatzeko abiapuntuak eskaintzen ditu, irakurle bakoitzaren iritziak eta iradokizunak bultzatuz.
Beasaingo Udalak euskararen eta euskal literaturaren hedapena xede nagusi hartuta, beste helburu hauek bete asmoz antolatzen du irakurle taldea: euskarazko irakurketa ohiturak indartzea; euskal literatura zabaltzea eta ezagutzea, genero eta egile anitzen bidez; sortzaileekin zuzeneko harremana izateko aukera ematea, euskal idazle gonbidatuak tartean izanik; belaunaldi eta pertsona desberdinen arteko iritzi-trukea eta gogoeta partekatua sustatzea eta irakurketaren komunitate izaera azpimarratzea, liburuak elkarrekin gozatu eta aztertzeko espazioak eskainiz.
Hileroko topaketa
Taldea hilero elkartuko da, asteazkenetan, 17:30ean hasita, ordu eta erdiko saioak egiteko. Liburuak norberak irakurriko ditu bere kabuz, eta ondoren taldeko solasaldian parte hartuko da. Gidariak liburu proposamenak egingo ditu, baina taldearen gustuak eta interesak kontuan izanik, horiek moldatzeko asmoa ere badago. Aurtengo berezitasun moduan, bi sortzaile gonbidatuko dira, horietako bat Igartza saria eskuratu duen Lizar Begoña izango delarik.
Lehen hiruhilekorako liburu proposamenak hauek izango dira: Urria, “Persepolis”, Marjane Satrapi (urriak 23). Azaroa, “Zirriborroak eta gero” Mundu posibleei buruzko istorioak eta fabulazioak. Hainbat idazle (azaroak 27). Eta abendua, “Francesco Pasqualen bosgarren arima”, Unai Elorriaga (abenduak 18).
Irakurle taldearen denboraldia urritik ekainera luzatuko da, eta liburu bakoitzaren inguruko eztabaida dinamikoak egingo dira. Abenduan hurrengo sei hilabeteko liburu zerrenda zehaztuko da, parte-hartzaileen interesak hobeto ezagututa. Beraz, urritik ekainera 9 saio egingo dira, 9 liburu irakurriz.
Parte hartzera gonbidatuta dago jende oro. Euskal literatura ezagutzeaz gain, elkarrizketa aberats eta errespetuzkoetan parte hartu nahi duen edonorentzako espazio paregabea eskaintzen du Beasaingo irakurle taldeak. Horretarako nahikoa izango da Beasaingo udal liburutegira agertzea hileroko liburu alea eskuratu nahi bada edo topaketan parte hartzeko asmoa adierazteko.