Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Garingo ur-saneamenduaren sarea eta Sasietan parke fotovoltaiko bat eraikitzeko prozesuak abian

2024/06/12

Udalak aho batez onartu du onura publikorako lanen aitortza eta Garingo saneamendu sare berriaren lanak burutu ahal izateko tramiteak hasi ditu

Zabortegian eguzki plaka fotovoltaikoen azpiegitura bat kokatzea ahalbidetzen duen Plan Bereziaren behin-betiko onespenari esker beasaindarren komunitate energetiko bat eratu, eguzki panelen parkea eraiki eta kudeatzeko lizitazio prozesua martxan jarriko da

Beasaingo Garin auzoan egun biltzen ez diren hondakin-uren saneamendua bideratzeko proiektu-lanak gauzatzeko lehen urratsa eman du Udalak. Udal gobernuak eskuartean aspaldidanik zuen egitasmo hau. Honela landa auzoen beharrei arreta jarriz, Garinen zegoen gabezi nagusi bati erantzuna emango zaio.

Landa-auzo batean hondakin-uren saneamendu-sarea bideratzeko obrak egitea beharrezkoa eta onuragarria da eragina bait du ingurumenean, osasun publikoan eta  garapen ekonomikoan. Komunitatearen orainaldian eta etorkizunean egindako inbertsioa da, eta ingurune osasungarriagoa, seguruagoa eta jasangarriagoa bermatuko du guztientzat.

Gaur egun jasotzen ez diren landa-auzo honetako hondakin-uren saneamendu-sarea bideratzeko obrak egiteko proposamena funtsezko neurria da guztion bizi-kalitatea hobetzeko, ingurumena babesteko eta komunitatearen garapen jasangarria sustatzeko. Ur-saneamendu-sistema egokirik ez izateak lurzorua eta tokiko iturburuak kutsa ditzake, ibaiak, errekak eta lurpeko akuiferoak barne. Tratatu gabeko hondakin-urek ekosistemari kalte egiten diote eta giza osasuna arriskuan jartzen dute.

Sasietako parke fotovoltaikoa

Bestalde, Beasainen parke fotovoltaiko baten instalakuntza ahalbideratzeko hurrengo urrats garrantzitsua eman zuen Udalak. Errezkarate baserriaren inguruko lurretan kokatuko da aipatutako parkea (Sasieta Mankomunitatearen lurretan) eta energia berriztagarriko azpiegitura bat egiteko beharrezkoa da Errezkarate baserri inguruko lurzoru urbanizaezinean Plan Berezi bat onartzea. 

Helburu horrekin, Plan Bereziari behin-betiko onespena eman zion aho batez osoko bilkurak. Honela, alde batetik beasaindarrez osatutako komunitate energetiko baten sorrera bideratuko da eta bertatik “Km 0” -ko energia jasangarria lortzeko aukera izango da. Hurrengo pausoa, beasaindarren komunitate energetiko honen kooperatiba eratu, eguzki panelen parkea eraiki eta azpiegitura hau kudeatzeako lizitazioa martxan jartzea izango da. Horrela isladatu zen Sasieta Mankomunitateak Beasaingo Udalarekin 2022an sinatu zuen hitzarmenean. 

Euskara ikasteko doakotasuna C1 maila arte

Beasaingo Udalak aurrera daraman hizkuntza politikaren baitan, euskararen ikaskuntza eta erabileraren sustapena ardatz nagusietakoa da. Hori horrela, Euskaltegian euskara ikasten ari diren herritarrei dirulaguntzak emateko oinarriak onartu ditu ekaineko udalbatzaren osoko bilkuran aho batez. Dirulaguntzak jasotzeko, Beasainen erroldatua, 16 urtetik gora izatea eta gutxieneko asistentzia bermatzea beharrezkoa izango da. Zenbatekoari dagokionez, langabetuek ordaindutako matrikularen %100 jasoko dute. A1, A2, B1, B2 eta C1 mailetako ikastaroetan matrikularen %100 lagunduko da eta C2 ikastaroetan %50. 

Osoko bilkurako beste gaiak

Ekaineko udalbatzaren osoko bilkuran onartu ziren gai aipagarrienen artean hauek aurkitzen dira: dirulaguntzak emateko oinarriei dagokionez, 2024ko ura eta zabor tasen laguntzak emateko irizpideak aho batez onartu ziren eta kiroldegiko tarifen inguruko laguntzak emateko oinarriak ere onartu ziren EHBilduren -5- aurkako bozekin, PSE -2- eta Podemosen -1- abstentzioarekin eta EAJren -9- aldeko bozekin.

2024ko Gizarte Larrialdietarako Laguntzak banatzeko irizpideei dagokionez, onartuak izan ziren EHBilduren abstentzioarekin -5- eta EAJ -9-, PSE -2- eta Podemosen -1- aldeko bozekin. 

2024-2025 ikasturterako Udal Euskaltegiko eta Loinatz Udal Musika Eskolako tasei aho batez hasierako onespena eman zitzaien. %3,5eko igoera izango dute.