Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Olaran Talentu Faktoria egitasmoa ezagutarazi du Udalak

2024/10/25

Krisi demografikoaren ondorioz bailarako industriak eta eragileek pairatuko duten talentu profesional faltari aurre egitea da egitasmoaren helburu nagusia

Era berean, Beasain zein Ezkiaga auzoko historia industrialaren testigantza jasoko duen plaza estali bat eta herritarrentzako hainbat zerbitzu publiko eskainiko ditu

CAF, AMPO, ORKLI, VOITH, LORTEK eta Goierri Eskola-ren berariazko babesarekin jaio da egitasmoa,  kolaborazio publiko-pribatuari esker Udalari morroitza ekonomikorik sortuko ez liokeena

Bi saio ireki burutuko dira proiektua herritarrekin partekatzeko: urriaren 28an Murumendi eskolan eta 29an Udaletxean arratsaldeko 18:00etan

Industriaren eragin positiboa Beasain eta beasaindarren ekonomian ez du inork zalantzan jartzen. Industria indartsu eta lehiakorra izateak, herritarren  ongizatearekin hertsiki lotua dago eta sektore honen egoerak eragin zuzena du kalitatezko enplegu, azpiegitura eta zerbitzu publikoen hobekuntzan. Baina etorkizuneko ikuspegian egoera hau eraldatu dezaketen mehatxuak ageri dira.

EUSTATen aurreikuspenen arabera, hurrengo hiru hamarkadetan 400.000 lanpostuen gabezia jasango dugu EAEn. Zentzu berean, ADEGI-k, jada 2030erako Gipuzkoak lan egiteko adinean dauden 80.000 pertsona gutxiago izango dituela dio, 70. hamarkadatik gainbera doan jaiotze tasaren ondorioz. 

Horregatik, funtsezkoa izango da profesional kualifikatuak erakarri, mantendu eta formatzeko giltzarriak topatzea gure bailararen oparotasun ekonomikoa eta ongizate maila mantentzeko. Horixe da hain zuzen ere Olaran Talentu Faktoriak jokatu nahi duen papera. Hori, eta tokiko zerbitzu publikoen beharrari erantzutea, alegia, auzoari eta bizilagunei balio erantsia emango dien espazio eta azpiegiturak eskaintzea.

Talentu Egoitza

Industriak izango dituen beharren diagnostikoa osatu eta erronkei aurre egiteko lanketari 2021ean ekin zion Udalak. Horretarako, Beasaingo, bailarako eta erkidegoko, enpresa, ikerketa zentro, lanbide eskola, unibertsitate eta erakunde publiko garrantzitsuenekin hainbat elkarrizketa eta tailer burutu ditu azken urteetan. Baita herritar lantaldeekin ere azken hilabeteetan.

Testuinguru honetan, talentu egoitza bat sortzearen aukera landu zen, profesionalak mantendu edo erakartzeko tresna eraginkor bat izateko.  

Olaran Talentu Faktoriak jasoko lituzkeen profesionalen profilak aukeratzeko garaian, atzerrian dagoen talentu goierritarra lehenetsiko litzateke, baita bertakoa mantentzea ere, hirugarren lehenespen maila batean talentu atzerritarra erakartzea kokatuz. Azken hauen kasuan, berebiziko garrantzia izango dute egoitzako bidelaguntza zerbitzuek, pertsona hauek lehen hilabeteetan Beasainen integratu daitezen. 

Egoitzak ez du hotelekin lehiatuko ezta langileen egoitza finko bilakatuko ere. Horregatik, egonaldiak gutxienez bi hilabetekoak eta gehienez bi urtekoak izango lirateke, profesionalen bizitza proiektua egonkortu bitartean.

Ekintzailetza sustatzeko zerbitzu eta azpiegiturak

Beasain eta Goierritik kanpo lan egiten duen bertako talentua berreskuratu eta profesional atzerritarrak erakartzea bezain garrantzitsua izango da hemengo talentua sustatzea. Horretarako eraikinak orduka alokatu ahalko lirateken azpiegitura eta ekintzailetza aholkularitza zerbitzuei esker, bertako talentu berria zein start-up edo etorkizuneko enpresa berri txikiei bultzada bat eman nahi zaie. Baita euren gaitasuna %100 garatzeko laguntza behar duten pertsonei ere, tituluen homologazioa edota formakuntza gabeziak dituztenei, besteak beste.

Auzoari balio erantsia

Olaran eraikinak industriak dituen beharrei erantzuteaz gain (talenturako egoitza eta ekintzailetzarako baliabideak), herritarrentzako eta bereziki Ezkiagako auzotarrei zuzendutako zerbitzu eta espazio publiko osagarriak hartuko ditu. Behe solairuan eskualdeko tradizio industriala eta Porteria eremuko eraikinen testigantza jasoko dituen plaza edo eremu estalia kokatuko da herritar guztiei irekia egongo dena. 

Plaza honetan egongo dira, eraikineko egoiliarrei ez ezik, jende orori zerbitzua eskainiko dien kafetegia, jatetxea, garbitegia eta beste hainbat zerbitzu. Solairu batzuk gorago, hirugarrengoan, herritarrentzako terraza publikoa aurreikusita dago Ezkiaga auzoaren eta Oria ibaiaren ikuspegi zabala eskainiko duena. 

Autosostengarria eta enpresen babesarekin

Olaran Talentu Faktoria proiektua Udalak publiko egin du, CAF, AMPO, ORKLI, VOITH, LORTEK eta Goierri Eskolak sinatutako babes gutunekin, egitasmoak duen etorkizun eta sinesgarritasunaren adierazgarri.  

Honetaz gain, udal gobernuarentzat ezinbesteko baldintza bat betetzen da: eraikinaren jarduera denboran sostengarria izatea. Hots, eraikinaren jarduera eta mantenuak izango duen gastu ekonomikoa Udalak bere gain hartu behar ez izatea morroitza ekonomiko horrek Udala deskapitalizatu ez dezan. Hori, emakida bidezko kudeaketa publiko-pribatuaren bidez gauzatuko da.

Proiektua herritarrekin partekatzea

Egitasmoa aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasotze aldera, bi saio ireki antolatu ditu Udalak urriaren 28an eta 29an. Lehena, Murumendi Eskolako areto nagusian izango da eta bigarrena udaletxeko batzar areto nagusian. Bi kasuetan arratsaldeko 18:00etan. Bertan xehetasun guztiak eta prozesuak emango dituen urratsak azaldu eta ekarpenak jasoko dira.

Olaran Talentu Faktoriak mugarri bat suposatzen du udal gobernuaren proiektu estrategikoen artean. Beasain eta Goierriren garapen ekonomikoan zein beasaindarren ongizatean inpaktu positiboa edukitzea helburu duena. Izan ere, garapen industriala eta pertsonen ongizate integralean eragin zuzena duten kalitatezko zerbitzu publikoak txanpon beraren bi aurpegi dira.