Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Dolarea parkea herritarrentzat berreskuratua

2021/10/01

Parke eraberritua, espazio berde, irisgarri, balioaniztun eta Igartzan integratua bihurtu da 

Herritarren parte hartzearekin eremu degradatua zena biziberritu eta beasaindarren beharretara egokitu da

Hobekuntza eta mantenu lanek duten garrantziari jarraiki, eremu baztertu eta degradatua zen Dolarea parkea biziberritzeko helburua bete du Udalak. Akupuntura urbanoaren filosofiari jarraiki, espazio honetan esku-hartuz ikusgarri eta balio erantsia eman zaio eta aisialdirako leku bihurtu da. Proiektuaren ildo nagusiak ezarri zituen herritarren parte-hartze prozesu baten ondoren, Udal gobernuaren 2019-2023 Legegintzaldi Planaren mugarri handienetako bat ireki da gaur. Halaxe adierazi du bertan Leire Artola alkateak. “80garren hamarkadan eraiki zen parke hau guztiz desitxuratuta zegoen eta eraldaketa honekin herritarrentzako berreskuratu dugu” gaineratu du.  

Artolarekin batera, Adur Ugartemendia Lurraldea saileko burua egon da parkearen irekieran. Honen hitzetan, “azken ikutu batzuk osatzea falta den arren, Dolarea Parkea irekita dago gaztetxoek ur-jolasak goza ditzaten eguraldiak ahalbidetzen duen bitartean”. 

Alkateak adierazi du, Dolarea parkea zaharberritzearen helburu nagusia Beasaini espazio publiko irisgarri, balioaniztun eta integratu berri bat ematea izan dela, Igartzako Monumentu Multzotik pauso batera. Proiektuaren diseinua gidatu duten irizpideek Dolarea parkeari irisgarritasun hobea ematea izan dute xede, berdeguneen banaketa optimizatuz eta zuhaiztia balioan jarriz. Oria ibaiaren iparraldeko ertzaren hiri-paisaia aberastu du gune berriak, aurretik isolatuta eta degradatuta zegoen eremu bat herritarrentzat berreskuratuz.

Erabilera anitzeko eremua

Adur Ugartemendiak egindako lanen ezaugarriak deskribatu ditu. Diseinu berrituari dagokionez, anfiteatroaren erdialdea gune gardena bilakatu da, parkeari balio-aniztasun handiagoa emanez. Uda garaian, haurren jolaserako bi txorrota-iturri instalatu dira, Udazkenean berriro erretiratuak izango direlarik.

Horrela, Urritik Ekainera eremu aproposa bilakatuko da Dolarea inguruan jolasean ibiltzen diren aurrek modu seguruagoan kirol eta jolas desberdinetan aritu daitezen. Horrezaz gain berdeguneak zapalgarriak izango direla zehaztu da eta egoera onean mantentzeko herritarren borondate onean konfidantza dutela esan dute udal agintariek. 

Ur-Jolas jasangarriak

Jolas hauek uraren kontsumo arduratsu bat egiten dute, izan ere, zirkuitu itxi batean berrerabiltzen den uraz hornitzen dira iragazpen sistema bati esker, milaka ur litroren kontsumoa ekidinez.

Berrerabiltze sistema horretaz gain, nahiz eta ur hornidura irekita egon, jokoak martxan jartzeko eskuz aktibatu behar izango dira, egon daitezkeen ur galerak are eta gehiago murriztuz.

Zoruko marrak

Asfaltozko zoruan ageri diren arrasto zuriek, parkearen eta Igartza Oletako pasealekuaren arteko lotura irudikatzea dute helburu, herritarrak gune batetik bestera joatera gonbidatuz. Arkitektoen hitzetan, beasaindar izaerari keinu bat ere egin nahi diote, barearen arrastoa irudikatuz.

Haur jolas irisgarriak eta egokituak

Behin proiektua kudeaketa martxan zela, ASPACE elkarteko gurasoak gerturatu ziren Udal gobernuko ordezkariengana haur jolas irisgarriak proiektuan txertatzeko proposamenarekin. Izan ere, orokorrean nahiko urriak dira desgaitasun maila desberdinentzat egokiak diren jolasak.

Hausnarketa prozesu baten ondoren, proposamena aberasgarritzat ematen du Udal gobernuak eta parkeko zelai batean gune bat aurreikusi eta prestatu du jolas hauek kokatzeko. Behin betiko diseinua osatzen ari dira eta 2022ko Udaberrian gunea erabilgarri edukitzea espero da.

Dolarea parkea irekiera 20211001 29

Dolarea parkea irekiera 20211001 31