Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Igartza Oleta kalean ingurumena babestu eta bide segurtasuna hobetzeko lanak

2023/12/05

8 eta 12 zenbakien arteko ur-azpiegitura zerbitzuak berrituko dira eta San Martin errekastora isurtzen diren ur zikinak jasoko dira kolektorera bideratu eta tratamendu egokia jaso dezaten

Loinatz udal futbol zelaiko aparkalekua eta espaloiaren artean zuhaitz errenkada bat landatuko da bero-irla efektua arintzeko eta ibaiertzeko barandan altzairuzko zokaloa jarriko da Oriara erortzen den hondakin kopurua murrizteko

Zebra bide irisgarri berri bat sortuko da aparkaleku parean eta biribilgune zapalgarri bat eraiki Florentzio Axpe kalearen bidegurutzean bide segurtasuna hobetzeko

Hobekuntza eta segurtasun lanak ez dute etenik Udalarentzat. Oraingoan Igartza Oleta kalean zeuden beharrak atzemanda hastear dira hobekuntza eta eraberritze lanak. Lanek zortzi eta hamabi zenbakien arteko eremua eta Florentzio Axpe kalearekin duen bidegurutzeari eragingo diote. Ur-kontsorzioak ur-saneamendua berritzeko egin behar dituen lanak baliatuz, Udalak irisgarritasuna, bide-segurtasunaren hobekuntza eta ingurumena babesteko lanak egingo ditu Igartza Oleta kalean.

Ixabel Olano parkearen birgaitzearekin ur-saneamenduaren hobekuntzarako azpiegitura berriak egikaritu ziren arren, badaude oraindik ur-zikinak zuzenean San Martin errekara eta Oria ibaira isurtzen dituzten hoditeriak. Hori aldatzeko, ur-azpiegituren eraberritzeari ekingo zaio Igartza Oleta 8-12 zenbakien artean eta San Martin errekastoko kanalizazioan. Bietan saneamendu sare berria instalatuko da. Honela ur-zikinak kolektorera zuzenean isuriko dira hondakin-urak eta euri urak modu bereiztuan dagokien tratamendua jaso dezaten.

Ur kontsortzioak egin behar dituen lanak aprobetxatuz, Igartza Oleta kaleko 8 eta 12 zenbakien arteko espaloia eraberrituko da eta harrapala irisgarri bat egingo da hamabigarren eraikineko atarira iristeko.

Zuhaitzak eta altzairu herdoilgaitzezko zokaloak

Ingurumenarekiko begirunea eta babesarekin lotutako beste bi lan egingo dira aldi berean auzoan. Loinatz Futbol Zelaiko aparkalekuan espaloiari itsatsita dauden plazen lerroari erabilgarri duen zati bat hartuko zaio eta zuhaitz errenkada bat landatuko da. Zuhaitzak hainbat onura dakartza estetikatik haratago doazenak, ingurumen jasangarritasunari eta ongizate orokorrari lagunduz. Airearen kalitatea hobetzeaz gain, 

Hiri-beroketaren murrizketa itzalaren bidez, euri-uren kontrola eta zarata murriztea ere errazten dute. 

Bestalde, Oria ibai ertzeko barandatan altzairu herdoilgaitzezko zokaloak ipintzeko lana hasi du Udalak, Oria ibaira plastikoak eta bestelako hondakinak eror ez daitezen. Ibaiaren baldintzak hobetzea da asmoa. Hondakin horietako asko haizeak eramaten ditu eta altzairu herdoilgaitzezko elementu hauek jartzea erabaki zen baranden azpian, ibaira ez iristeko. Guztira 292 metro sare jarriko dira Florentzio Axpeko bidegurutzetik ibai ertzean aurrera. 

Biribilgune zapalgarria eta zebra bide berria

Bide segurtasunarekin lotutako beste esku hartzea burutuko da Igartza Oletan kalean. Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak utzitako gomendioen artean aurkitzen da Florentzio Axpe eta Igartza Oleta kaleen arteko bidegurutzea arrisku puntu nabarmena dela. Hori dela eta, arazo honi konponbidea emate aldera, bidegurutzea biribilgune bihurtzea erabaki da. 

Ondorioz, eta bertan burutuko diren lanekin batera, biribilgune zapalgarria sortuko da bidegurutze honetan, ibilgailuen biraketak errazteko eta errepideak, bidegorriak eta oinezkoen espaloian eta zebra bideak modu seguruan bat egin dezaten. 

Segurtasunarekin jarraituz, zebra bide berria sortuko da oinezkoentzat Loinatz futbol zelaiko aparkalekutik Igartza Oleta kaleraino pasabide izateko. Aparkalekutik beste aldera errepidea zeharkatzeko orain arteko ohiturari arriskua kendu nahi zaio honela pertsonen segurtasuna bermatzeko eta egungo zamalan gunea handituko da.

Lanak fase ezberdinetan burutuko dira. Ur kontsortzioak datorren astelehenean hasiko ditu bere lanak Igartza Oletako espaloian eta bi hilabete irautea aurreikusten da. Ondoren Udalak espaloiaren zoladura berritu, eta azkenik, aparkaleku eta birbilguneko lanei ekingo die.   

IgartzaOletaAparkalekuaAparkalekuko lehen lerroaren aurrean zuhaitzak landatuko dira

IgartzaOleta bidegurutzeaBidegurutzea biribilgune zapalgarria bihurtuko da

IgartzaOleta zokaloaAltzairu herdoilgaitzezko zokaloaren xehetasuna

IgartzaOleta zokaloa2Hondakinak ibaira ez erortzeko zokaloa