Oinezkoen irisgarritasuna eta bide-segurtasuna hobetzeaz gain espazio publiko atseginagoa bilakatuko da, bizilagunei eta merkataritzari espazio zabalagoa eskainiz
Proiektua garatzeko bi kaleetako bizilagun, merkatari eta ikastetxetako ordezkariekin hainbat bilera egin dira ekarpenak aztertu eta txertatzeko
Herriguneko ardatz nagusi hau berritzeko lanek 3,4M euroko aurrekontua dute eta egikaritzea 18 hilabetetakoa izatea aurreikusten da
Azken udalbatzaren osoko bilkuran onartu zen bi kale hauek birgaitzeko lanak gauzatu ahal izateko obrak kontratatzeko prozesuari hasiera ematea. San Inazio eta Esteban Lasa kaleek erdiguneko arteria nagusietako bat osatzen dute. Denda, saltoki, ikastetxe eta zerbitzu ugari biltzen dituen ardatza da eta pertsonen topaleku eta joan-etorrirako eremua da. San Inazio kalearen garapenak 60. hamarkadan eman zituen lehen pausoak eta Esteban Lasa geroago gehitu zitzaion.
Garai hartako hirigintza irizpideekiko aurrerapauso nabariak eman dira azken hamarkadetan, baina ardatz honek azaleko konponketak soilik jaso dituenez, agerian gelditu dira urteen poderioz pairatzen dituen gabeziak. Hargatik, udalerriko beste hainbat kaleetan egin den bezala, ardatz hau egungo behar eta baldintzetara egokitzeko erabakia hartu zuen udal gobernuak, oinezkoei egokitutako espazioak lehenetsiz eta bertako merkataritza eta saltokiak indartzeko konpromisoarekin jarraituz.
Oinarri hauekin, udal gobernuak San Inazio–Esteban Lasa ardatza eraberritzeko diru-lerroa txertatu zuen 2023ko aurrekontuetan. Proiektuaren oinarria lantzeko, bi kaleetako bizilagun, merkatari eta ikastetxeko ordezkariekin lau tailer egin dira azken lau hilabeteetan proposamenaren ezaugarri nagusiak aurkeztu, aztertu eta adosteko.
Proiektuak jasotzen duen eremuak, San Inazio kalea eta Esteban Lasa kalearen 1-11 zenbakiak hartzen ditu; baita hauekin bidegurutze bat osatzen duten Andra Mari, Martina Maiz eta Igartetxe kaleen zati bat ere. Guztira 6.110 m2 inguru.
Kale atseginagoa, irisgarritasuna eta bide-segurtasuna hobetuz
Merkataritzak eta zerbitzuek duten pisua aintzat hartuz, herritarren joan-etorriak erosoagoak izatea eskatzen du eta hori horrela, oinezkoei lehentasuna eman zaie proiektuan, irisgarritasuna hobetuz. Espaloi zabalagoak izango ditu kaleak eta bertako autobus geltokia ere tokiz aldatuko da, markesina eta eserleku egokiak jarriz.
Oinezkoen segurtasuna areagotzeko, bidegurutzeetan ikuspegi hobeagoa edukitzeko lanketa egin da proiektuan,eta bidegurutzeetan asfalto imprimatuzko “plataforma igoak” txertatu dira ibilgailuen abiadura murrizteko asmoz.
Aipaturiko espaloien zabaltzearekin batera, zuhaixka, landara eta lorez beteriko parterreak jarriko dira ardatzean. Zuhaitzak landatuko dira ere San Inazioko zati zabalenean, San Inazio-Erauskin bidegurutzean eta Esteban Lasa-Andramari kaleen arteko lorategian.
Azaleran egingo diren lanez gain, lur azpian dagoen zerbitzu-hoditeriaren berritzea egingo da (komunikazioa, gasa, elektrizitatea, ura, saneamendua…). Gainera, euri-urak eta ur-zikinak banatu eta dagokion bezala tratatzeko hoditeria jarriko da.
Proiektuaren ezaugarriak ezagutarazteko, birmoldaketaren irudi eta datu nagusiak jasotzen dituen webgunea sortu du Udalak. Honako esteka erabiliz ikusi daiteke lanek ekarriko duten aldaketa itxuratua.
Trafiko norantzan aldaketak
Herritarren parte-hartzeaz gain, proiektuaren garapenean zer esan handia eduki du Beasaingo Hiri-Mugikortasun Jasangarrirako Planak. Izan ere, Erauskin, Martina Maiz eta Igartetxe kaleetan trafikoaren norantza-aldaketa proposatzen du, proiektuan ere txertatu dena. Moldaketa hauei esker, egun erdigunetik irteteko Mendeurren kaleraino joatea behartuta egonik, Zaldizurretako biribilgunera iristeko irteera zuzenago bat izango da, Esteban Lasa kaletik behera Gipuzkoa plazara iritsiz.
Lanen aurreikuspena
Obrak bi fasetan banatuko dira: batetik San Inazio-Andramari bidegurutzea eta bestetik Esteban Lasa-Martina Maiz-Igartetxe eremuak hartzen dituena. Argitaratu berri den lizitazioan 3,4M euroko aurreikuspena egin da lanen kostuari dagokionez eta 18 hilabeteko iraupena izatea aurreikusi da. Ondobidean eta ezustekorik ez badago, lanak 2024ko apirilean hastea espero da.