Lau ibilgailu hornitzeko gaitasuna izango duten bi puntu instalatzeko lizitazioa abian da
Ibilgailuko 22kW-ko errekarga potentziarekin, kargaren %75a bi ordutan egin ahal izango da bateriaren ezaugarrien arabera
2023-2027 legealdian errekarga sarea beste udalerriko gune batzuetara zabaltzeko asmoa azaldu du Udalak
Udalaren elektro mugikortasun estrategiaren lehen mugarria Gernika pasealekuan ezarri zen 2023ko martxoan, 50 kW-ko potentziadun lehen errekarga puntu bikoitzarekin. Hilabete batzuen ondoren, zerbitzua egonkortu egin dela ikusita eta mugikortasun elektrikoa sustatzeko helburu anbiziosoenak aintzakotzat hartuta, Udalak pausoak ematen jarraitzen du Beasainen errekarga sare sendo bat osatzeko.
Honela bada, Gipuzkoa plazako aparkalekuan kokatuko du Beasainen izango den ibilgailu elektrikoentzako bigarren errekarga gunea.
Ezaugarri teknikoak eta kokapena
Udal Gobernu Batzordeak onartutako pleguen arabera, 44 kW potentziadun bi errekarga puntu bikoitz instalatuko dira, ibilgailuko 22 kW hornidura potentzia eskaintzeko. Jasotzen dituen Mennekes erako konexio eta ezaugarriei esker, Europako edozein ibilgailu elektriko edo hibridorekin bateragarria izango da. Ibilgailuaren bateria eta ezaugarrien arabera, 22 kW-rainoko hartuneen bitartez kargaren %75a bi ordutan egin ahal izango da.
Gernikako pasealekuan dagoen errekarga puntuak bezala, ordainketa kudeatzeko TFT pantaila digital bat izango du eta APP bitartez egiteko aukera izateaz gain, nahi duenak kontaktu gabeko TPV sistema erabili ahal izango du kreditu txartel bitartez ordainketa zuzenean egiteko.
Kokapen zehatzari dagokionez, errekarga puntua Zaldizurreta kaleko 19 zenbakiko eraikinaren ondoko bateriako aparkalekuetan egongo da. Loinatz jaietan Gipuzkoa Plazak duen erabilera kontuan izanda, ez da bateragarria errekarga puntuak erdialdean kokatzea eta ondorioz, aukera honen alde egin du Udalak.
Klima aldaketari aurre egin
Mugikortasunaren deskarbonizazioa klima krisiari aurre egiteko tresna nagusietako bat izateaz gain, Europa mailan ibilgailu elektrikoa industria apostu estrategikotzat eman da. Honen ondorioz, hainbat lege eguneratu eta berriak sortu dira. Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legea eta ondotik etorri zen Abenduaren 21eko 29/2021 Errege Lege Dekretua dire horren adibide.
Azken honek, elektromugikortasunerako transizioa ahalbidetu nahi duen gune publiko eta eraikinetako gutxieneko ibilgailu errekarga sarea zehazten du. Horrela, errepide edo eraikinei atxikituta ez dauden aparkaleku-poltsa publikoetan 40 plazako, errekarga puntu bat instalatu beharko da eta administrazioaren eraikin publiko berrietako aparkalekuetan, proportzio hau 20 plazako errekarga puntu batera igotzen da. Gipuzkoa Plazan instalatuko diren 4 errekarga plazekin, aparkaleku honen barneko 145 plazetako 1-40 proportziodun gutxieneko eskaintza beteko litzateke.
Datozen hamarkadetan egun konbustio teknologietan oinarritzen den automozioaren industriaren trantsizioa osatu nahi da eta bide batez, krisi-klimatikoaren erronkari aurre egin mugikortasuna deskarbonizatuz. Izan ere, Gipuzkoaren kasuan adibidez, urtero isurtzen ditugun berotegi efektudun gasen %43,3 mugikortasun sektoretik dator, Foru Aldundiaren 2020ko datuen arabera.
Beasaindarroi dagokigunez, industriak duen isurpen inpaktua alde batera uzten badugu, gure egunerokoan sortzen ditugun berotegi efektuko gasen %73 mugikortasunarekin lotuta dago, hein handi batean konbustio-ibilgailu pribatuaren gehiegizko erabileraren ondorioz. Horrela isladatu zen Udalak landutako Klima Aldaketa eta Energia Jasangarrirako Planaren diagnosian.
Udalaren konpromisoa
Instalakuntza berri hau, mugikortasun jasangarriaren aldeko beste ekimen batzuei batzen da, autoa partekatzeko ParteCar App-a, bizikleten aparkaleku sarea hobetzeko neurriei edota Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planari, alegia.
Elektromugikortasunaren onuren artean, konbustiodun autoak ibilgailu elektrikoengatik ordezkatzeak CO2 emisioak murriztea dakar, airearen kalitatea hobetuz eta osasunean positiboki eraginez.
Udal gobernuak tinko mantentzen du bere konpromisoa ingurugiroaren babesaren alde eta klima aldaketaren aurkako borrokan.