URAren kalkuluen arabera, amaitu berri den uholdeen aurkako defentsak urtean 900.000 €-ko batez besteko uholde-kalteak gutxituko ditu aurrerantzean. Beasainen uholdeak eragin ditzakeen kalteen % 70 murriztu ahal izan da
Uraren Euskal Agentziak Oria ibaia uholdeetatik babesteko lanak amaitu ditu Beasaingo Ezkiaga auzoan, ibaiaren 300 metrotan zehar, CAFen parean dagoen ibai-tarte batean. Lan horien artean dira Oria ibaiaren ibilguaren gaineko bi zubi eratsi eta ordezkatzea, ibilguaren eta Jose Migel Iturrioz kalearen arteko lau eraikin eraistea, eta ibilguaren ezkerreko ertza atzeraraztea. Horrez gain inguru guztia berurbanizatzeko lanak egin dira aldi berean Gipuzkoa plazarainoko ibilbidean.
CAF lantegiaren eta Beasaingo udalerriaren garapena zuzenean baldintzatzen zuen konponbide hidraulikoa egiteko lanak ezagutzeko egindako bisitan, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu zein URAko presidente Mikel Jauregik, Beasaingo alkate Leire Artolak eta CAFeko giza baliabideen zuzendari Gorka Zabalegik parte hartu dute. Bertan izan dira, halaber, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Josu Bilbao, eta URAko zuzendari nagusi Antonio Aiz ere, obraren xehetasunak emateko.
Mikel Jauregik azpimarratu duenez, "URAk egindako obra proiektu hidraulikoa baino askoz gehiago da, askoz haratago doa eta hirigintza eraldatzeko aukera bat ere bada". Sailburuak azpimarratu duenez, jarduerari esker "beasaindarren eta jarduera ekonomikoaren segurtasuna bermatzen da; segurtasun-maila nabarmen handitu dugu Beasaingo hirigunetik igarotzen den Oriaren ur-goraldiek eragindako uholde-arriskuaren aurrean". Jauregik "URAren, Beasaingo Udalaren eta CAFen arteko lankidetza eta ahalegin partekatua" eskertu du, "jarduera konplexu bati arrakastaz ekiteko aukera eman duelako".
Leire Artola alkateak nabarmendu du “Ezkiaga auzoarentzat aurrerapausoa izan dela, zalantzarik gabe pertsonak helburu dituen proiektua izan delako, herritarren eta auzotarren segurtasuna, ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta aukera berriak ahalbidetuko dituena. Espazio hau pertsonen beharretara egokitu da ibilbidea hobetuz ibaiertz guztian. Honela bada, gune berritua aisialdirako erakargarriagoa bihurtu da, eta balio erantsia emango dio eremu zein auzo osoari. Datozen hilabeteetan, zuhaitzen landaketa eta ibaira hondakinak ez erortzeko zokaloa jartzea besterik ez dira falta”.
Lanen kopuruak
Obrei esker, 1250 beasaindar baino gehiagoren etxebizitzak 100 urtean behin gertatzeko probabilitatea duen uholde-orbanaren eraginpean egoteari utzi diote, baita CAFen lantegiak eta inguruko 120 establezimendu edo jarduera ekonomiko baino gehiago ere.
Lanak 2024ko irailean amaitu dira, eta ia 6 milioi euroko inbertsio publikoa behar izan da, BEZa barne. Beasaingo CAF eremuan, uholdeak eragin ditzakeen kalteen murrizketa oso nabarmena lortu da. Horri esker, aurrerantzean, uholdeek eragindako kalteak gutxituko dira, batez beste 900.000 € urtean.
Lan horiek egiteko, erakundeen arteko lankidetza estua behar izan da. Alde batetik, URA-Uraren Euskal Agentziak eraikuntza-proiektu osoa aurkeztu du, eraikinak eraistea eta egin beharreko obra hidraulikoak barne. Obrak kontratatu eta gauzatzeaz, zuzendaritza fakultatiboaz eta horien finantzaketaz arduratu da (6.152.900 €). Beasaingo Udala aldiz, eremu osoko berrurbanizazioaren proiektuaz arduratu da.
Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.