Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

N-1 errepidearen Beasaingo zatian bidezorua birgaitu da

2017/10/16

Tarte horretako trafikoaren segurtasuna indartze aldera birgaitu da bidezorua iaz Udal gobernuak Aldundiari egindako eskaerari erantzunez  

Asteburu osoko iraupena izan zuten N-1 errepidean Beasaingo zatiaren bidezorua birgaitzeko lanek. Zati arriskutsua, kontuan izanik batez ere euria egiten duenean. Hortaz jabetuta, Udal gobernuak iaz Aldundiari egindako eskaera izan zen eta aurten burutu du lana Bide Azpiegituretako Departamentuak.    

Hain zuzen ere, ekainean Aldundiko arduradunek Beasainen egindako bisitan azaldu zuten N-1 errepidean 4 kilometroko zatian zorua berrituko zela. Lanak Beasain eta Olaberria artean, 416 eta 420 puntu kilometrikoen artean egin dira Gasteiz-Irun norabidean. Lanak 1.300.000 euroko aurrekontua izan dute.

Beasaingo zatiari dagokionez, 419,600 eta 420,350 kilometro puntuen arteko bide-zatian izan da birgaitu dena. Ibilgailu mantsoen erreiko zorua sendotu da, errodadura geruza sakon fresatu, tarteko geruza zabaldu, eta geruza berria zabaldu da plataforma osoan, gainazala fresatu eta beste errodadura geruza bat emanez.

Orain hurrengo lana, Zumadi industriguneko sarreran N-1 errepidetik datorren zarataren aurkako pantailak jartzea izango da. Honek ere, urte askotako eskaerari erantzungo dio. 288 metroko zati honetan jarriko dira pantailak: Gruas Usabiagatik irtenda N-1 errepiderako sarbidetik hasi eta Zumardi industrialdera eta trenbideetara sartzeko N-1 errepideko hurrengo itzulbideraino. Ondorioz, N-1 errepideko zirkulazioak eragiten duen zarata murriztuko da Beasaingo Trenbide kaleko etxebizitzen onerako.