Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Herrigunean herritarren segurtasuna handitzeko trafikoan aldaketak

2022/11/07

Oinezko gunea arautzen duen Trafiko Ordenantzaren aldaketak behin-betiko onespena jaso zuen azken Udalbatzaren osoko bilkuran

Oinezkoen segurtasuna jomuga izanda, ibilbideak berrantolatu dira arriskuak murriztu eta puntu beltzak ezabatzeko

Herriguneko bizilagun eta merkatariek baimendutako ibilgailuen matrikulak eguneratu beharko dituzte abenduaren 2a baino lehen eta abenduaren 5ean ordenantza indarrean sartu da

Urriko Udalbatzaren osoko bilkuran, oinezko guneei erreferentzia egiten dien Trafiko Ordenantzaren aldaketa puntualak behin-betiko onespena jaso zuen. Eguneraketaren helburua, oinezko guneek jasaten duten trafikoa murriztu eta modu erangikorragoan kudeatzea da. Pertsonak lehenetsi eta babesteko helburuarekin, eremu seguru eta atseginagoak izatea da aldaketaren xedea. Horretarako, araudiaren egokitzapenak bi aldaketa azpimarragarri proposatzen ditu: ibilbideen moldaketa eta ordutegien egokitzapena. Araudia argitaratua dago Udalaren web atarian, udal araudiak aurkitzen diren atalean.

Ibilbide aldaketak

Kale Nagusiko 15-40 zenbakietako egoiliarrek Andra Mari kaletik irtetzeko egungo aukeraz gain, bigarren aukera, J.M. Iturrioz 16tik irtetzea izango da; orain ezingo dute Bideluze plaza zeharkatuz irten. Aldiz, Bideluze Plazara, J.M. Iturriotz 1-16 zenbakietara eta Arana kalera iristeko, Zaldizurreta kaletik sartu behar izango dute bai bizilagunek eta baita zamalanak egin behar dituztenek. Aldaketa honen helburua, oinezkoen segurtasun ikuspegitik jendearentzat topaleku diren plazak ibilgailuen joan etorrietatik babestea da.

Aldi berean, Bideluze Plazaren ingurua babesteko beste neurri bat Lorategi kaleko jaitsiera ixtea izango da. Izan ere, ikuspegi oso mugatuko bidegurutze bat da eta ikuspegi falta eta abiadura tarteko, sarritan ibilgailuek oinezkoentzako arrisku egoerak sortzen dituzte. Horretaz gain, Lorategiko jaitsieraren ibilbidea lasterbide bezala erabili ohi dela ohartu da Udaltzaingoa. Hartutako neurri honekin joera hori ekidingo da.

Merkataritza eta zamalanen ordutegien egokitzapena

Ordutegien eguneraketa da bigarren ezaugarri nagusia. Zamalanen ordutegia astelehenetik ostiralera 7:00etatik-13:00etara izango da. Gehienez ordubete egon ahal izango dira ibilgailuak. Oinezko gunean dauden merkatariak aldiz, une oro sartu ahal izango dira 17:00etatik 20:00etarako tartean ezik. Oinezko gehien egoten den ordutegia izaten baita. Saltoki bakoitzak bi ibilgailu baimendu ahal izango ditu.

Astearteko azokara datozen ekoizleak sarrera 6:00ak eta 8:00ak bitartean egingo dute eta irteera 12:00ak eta 14:00ak bitartean. Larunbatetako azoka denean aldiz ordutegiak apur bat berandutuko dira: 8:00ak eta 10:00ak eta 12:30ak eta 14:30ak bitartean hurrenez-hurren.

Matrikulen datu basea eta kontrol sistema berriak

Honetaz gain, ibilgailuen sarrera eta kudeaketarako aldaketak txertatzen dira ordenantzaren egokitzapenean. Garaje-aparkaleku plazako, gehienez bi ibilgailuen matrikulak baimenduko dira. Aldi berean, oinezko gunean bizi eta bertan erroldatuta egonik, nahiz eta jabetzan ibilgailurik ez eduki, bi ibilgailuentzako sarrera-baimena eduki ahal izango du etxebizitza bakoitzak. Baimenak lortzeko, kasu bakoitzean dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da. 

Udaltzaingoak ibilgailuen matrikulen datu basea eguneratzen duenean (azaroan), sarrera-irteeren kontrola matrikulak irakurtzeko gaitasuna duen kamara sistema berriaren bitartez egingo da.

Aldaketen jakinarazpena

Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren diagnosiak utzitako ondorioen arabera erabaki dira ibilbide berriak, ordutegien moldaketak eta beste hainbat xehetasun ere. Guzti honek eragingo dien herritarrei jakinarazteko, datozen egunetan etxebizitzetako atarietan oharrak jarriko dira. Kasu bakoitzean, tokian tokiko bizilagunei dagozkien ibilbide eta ordutegi berriak modu labur eta praktikoan azaltzeko. Merkatari eta ostalariei dagokionez, Udaleko Merkataritza sailetik jarriko dira kontaktuan sarrera baldintza berriak komunikatzeko.

Oinezko gunean ibilgailuarekin sartzeko baimena lortzeko, erabiltzaile guztiek ibilgailuen matrikulak eguneratu beharko dituzte. Horretarako bi aukera egongo dira: Igunera bertaratuz edo Udaleko webgunean telematikoki eginez. Eskaerak azaroaren 14tik aurrera jaso ahal izango dira eta abenduaren 2a izango da azken eguna. Araudi egokitua, abenduaren 5ean sartuko da indarrean. 

2022 10 07 Trafiko Ibilbideak OK