Udala 2021a geroztik ari da etenik gabeko zerbitzu hau eskaintzen, eta horrek asteburuetako presentzia, prebentzioa eta arreta indartu ditu. Asteburuetako esku-hartzeak %35 igo dira azken urtean
Zerbitzuaren hedapenari esker, “etxera itzulera zaintza” bezalako neurriak eskaini ahal izan dira Loinatz jaietako gauetan
Ertzantzarekin elkarlanean, prebentzio-zaintza eta jarduketa gehiago egin dira etxebizitza, industrialde eta landa auzoetan
2021eko urtarriletik, udaltzaingoak urteko 365 egunetan ematen du zerbitzua udalerrian. Hori dela eta 1.300 zerbitzu-ordu gehitu dira herritarrari gertutasun eta segurtasun gehiago eskaini nahiean. Jasotako datuen arabera, balorazio positiboa egin du Udalak zerbitzuaren gehikuntzaren gainean. Asteburuetan programatutako ohiko eginkizunetatik kanpo, 2021ean 250 esku-hartze burutu ziren eta 2022an 355. Horrek, %35eko igoera suposatu du azken urtean.
Lehen urtean zerbitzuaren ezezagutzagatik ez ziren eskaera-dei ugari jaso, baina agerikoa da geroz eta gehiago eskatzen dela udaltzaingoaren zerbitzua eta asteburuetan dauden kultur eta kirol ekitaldietan presentzia honek harrera ona izan duela.
Ildo horretatik, udal-gobernuaren legegintzaldi-planean jasotako helburuetako bat bete da, udaltzaingoak urteko egun guztietan zerbitzua ematea alegia.
“Etxera itzulera zaintza” eta zerbitzu bereziak Loinatz Jaietan
Iaz lehen aldiz gau osoko zaintza eskaini zuen udaltzaingoak Loinatz jaietan, “etxera itzulera zaintza” delakoa indartuz. Etxera itzultzen diren gazteei eta batez ere emakumeei segurtasun gehiago eskainiz. Ekimenaren balorazioa positiboa izanik, 2023ko Loinatz Jaietan zaintza errepikatuko da. Honetaz gain, jaien kontestuan ematen diren mugikor eta diru-zorroen lapurretak ekiditeko egin ziren zaintza bereziak ere errepikatuko dira.
Gazteen alkohol eta droga kontsumoari lotuta, udaltzaingoak aurten ere sustantzia hauen inguruko sentsibilizazio hitzaldiak eskainiko ditu, herriko gazte eta gurasoentzat.
Udala eta Ertzaintzaren arteko koordinazioari jarraipena
Leire Artola alkatea eta Aitor Escalante udaltzainburua, Ertzaintzako herritarren segurtasuneko arduradunekin elkartu dira ohiko koordinazio lanen harira eginkizunen banaketa, funtzionamendua eta koordinazioa egituratzeko.
Ertzaintzarekin elkarlanean, etxe, garaje eta trastelekuetan lapurretak ekiditeko zaintza prebentiboak egin dira. Astebukaeretan gune industrialak ere zaindu dira eta uda garaian, landa auzoetan ere zaintza bereziak egin dira.
2023an Ertzaintzarekin lankidetzan, trafiko zaintzak egiten jarraituko du trafiko segurtasunean aurrera pausoak emateko. Aurreko urteetan bezala, 2022an egin ziren kontroletan, drogen efektupean gidatzeagatik salaketak eta txakurren ordenantza ez betetzeagatik (txakur arriskutsuak, txakurren gorotzak, erasoak…) isunak jarri ziren.