Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

TAO ordenantza berriak egoiliarrentzako plaza gehiago eta mugikortasun aktiboa sustatuko ditu

2024/02/13

Ordenantza alegazio fasean aurkitzen da eta jendaurrean egongo da martxoaren 15a arte behin-betiko onespena jaso aurretik

Herritarrek eginiko iradokizunen ondoren, Gipuzkoa plazan egoiliarrentzako plaza kopurua %50 handituko da

Trafiko eta aparkalekuen ordenantza berriak beste urrats bat eman du behin betiko gauzatu aurretik. Udalbatzaren osoko bilkurak, trafiko eta aparkalekuen ordenantzari (TAO) kontsulta epean aurkeztutako iradokizunen ebazpena egin du eta dokumentu eguneratuari haserako onespena eman dio. 

Egoiliarrentzako aparkaleku gehiago 

Onartutako iradokizunen baitan, araudian txertatu diren baldintza berriak hauek izan dira besteak beste; larunbat goizetan TAO zerbitzua 09:00etatik 13:00etara mantenduko da eta Loinatz landa auzoko bizilagunak, egoiliarrentzako aparkamendu baimenaren onuradun posibleen artean sartuko dira. Bestalde, Udalak zorrotz aztertu du Gipuzkoa plazako erabilera, ordu-tarteka, baita erabiltzen duten erabiltzaileen ibilgailuen ehunekoa ere. Ondorioz, bertakoentzako izango diren aparkaleku kopurua 80tik 120ra pasatuko da, alegia %50 handituko da (aparkaleku perimetral guztiak eta Zaldizurreta 9-19 atzea barne).

Hori horrela, onartutako iradokizunak txertatuta, TAOren ordenantza aldaketari hasierako onespena eman zaio eta jendaurrean jarri da 30 laneguneko epean alegazioak aurkezteko. Epe horretan ez bada inolako alegazio edo erreklamaziorik aurkezten, behin-betiko onartua geratuko da.

Sektore berria eta mugikortasun aktiboa

Egun, Ezkiaga eta erdiguneko TAO sektoreak bereizten diren bezala, ordenantza berriak hirugarren sektore bat sortzea proposatzen du Barrendain plazatik gora. Hain zuzen ere, Garmendia-Otaola ardatzetik mendebaldera Dolarea parkera arte gelditzen den eremua; Dolarea kalea 12-13 eta Foru kalea 74 izango lituzke muga. Horrela hiru TAO sektore desberdin egongo lirateke udalerrian: Ezkiaga (ZE), egungo erdiguneko TAO eremua (S1) eta proposatzen den eremu berria (S2). 

Sektoreka banatzearen helburua, egoiliar baimena udalerri barneko desplazamenduak autoz egiteko tresna ez bilakatzea da. Horrela, egoilarrak gune urdinean edo egoiliarren aparkaleku berezietan aparkatu ahal izango dute, beti ere bakoitzari dagokion sektorean. Ezinbestekoa den kasuei begira, egoilarrek eta beste edonork S1 eta S2 sektoreetako gune berde, urdin, eta marroietan 20 minutuz doan aparkatu ahal izango dute, betiere txartela aterata. Malgutasun hau eskaintzearen arrazoia, garraio astun, presazko zerbitzu edo mugikortasun murritzeko pertsonak jasotzeko ibilgailu bidezko barne-desplazamenduak erraztea da.

TAO zerbitzua mugikortasun aktiboaren aldeko tresna baliagarri bilakatu nahi da eta zentzu horretan, S2 sektore berriak Beasaingo oinezko edo bizikleta bidezko desplazamenduak sustatzeko helburua ere beteko du.

Herri barruko trafikoa arindu

Kontuan izanda Beasain eskualdeko industria, zerbitzu eta garraio publikoen topagune dela, egunero inguruko herrietatik iristen den auto kopurua altua da.  Honek, bereziki udalerriaren erdigunean eta Barrendain plaza inguruan eragiten du.

Antolamendu berriarekin, ibilgailua Bernedoeneako, Gipuzkoa plazako eta Gernika pasealekuko aparkalekuetan uzteko ohitura indartu nahi da. Beasaingo errepide sarrera-irteeretatik gertu egoteaz gain, herri erdigunetik ere hurbil daude. Aparkaleku plaza kopuru altua eskaintzen dutenez, baldintza aproposak ematen dira kanpotik datozen ibilgailuak bertara bideratzeko. Horrela herri barruko trafikoa murriztuko litzateke, bide segurtasunean eta airearen kalitatean positiboki eragingo luke.

Bernedoeneak doako aparkaleku izaera mantenduko luke 318 plazarekin. Gipuzkoa plazan egoilarrentzako aparkalekuak gune berdearekin konbinatuko lirateke (120 eta 145 plaza hurrenez-hurren) eta Gernika pasealekuan 26 plaza berde eta 90 urdin eskainiko lirateke. 

Aparkaleku guztietan lehen 20 minutuak doan

Hauek izango dira koloreen arabera aparkaleku ezberdinetako ezaugarri nagusiak, non guztietan lehen 20 minutuak doan izango diren. 

Gune marroia (txandakatze altukoa): lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez 120 minutu aparkatu ahalko da. Egoiliar txartelarekin ezingo da aparkatu. Gernika pasealekuko frontoi atzea, Barrendain plaza eta Anbulategia.

Gune urdina (txandakatze ertainekoa): lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez 240 minutu aparkatu ahalko da. Goiz edo arratsaldeko ordutegi blokeak osatzeko aukera. Egoiliar txartelarekin aparkatu ahal izango da, betiere sektore berekoak badira. Erdigunean, S1 eta S2 sektoreetan kokatzen da.

Gune berdea (txandakatze baxukoak, aparkaleku disuasorioak): lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez 450 minutu aparkatu ahalko da, egun osoa. Egoiliar txartelarekin ezingo da aparkatu. Landa-auzoetako herritarrak salbuespena izango dira. Gipuzkoa plaza eta Gernikako pasealekua.

Gune gorria (Ezkiaga): Orain arte bezala. Ezkiaga auzoko egoiliarren ibilgailuak baino ezin dira aparkatu eta ordutegi berezia izango dute: astelehenetik ostiralera 23:00etatik 08:30era. Ezkiaga (ZE) sektorea.

Egoilarren gunea B-R (berria): S1 edo S2 sektoreetan txarteldun egoiliarrek soilik aparkatu ahal izango dute urte guztian zehar, 24 orduz. S1 sektoreko egoiliarrek ezingo dute S2 sektoreko egoilarren plazetan aparkatu eta alderantziz.

Alegazioak aurkezteko epea martxoaren 15ean amaituko da eta IGunean presentzialki edo online Udalaren webguneko egoitza elektronikoaren bitartez egin ahal izango dira. Epe guztiak betez gero, ordenantza berria irailean sartuko da indarrean.