Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Mugikortasuna eta trafikoa

Gipuzkoa plazako errekarga puntu berriak funtzionamenduan

2024/10/03

Ibilgailuko 22kW-ko errekarga potentziarekin, lau ibilgailu hornitzeko gaitasuna izango dute eta kargaren %75a bi ordutan egin ahal izango da bateriaren ezaugarrien arabera

Errekarga sarea udalerriko beste gune batzuetara zabaltzeko asmoa du Udalak legealdi honetan 

Ibilgailu elektrikoentzako 44 kW potentziadun bi errekarga puntu bikoitz erabilgarri daude jada Gipuzkoa plazako aparkalekuan. Ibilgailuko 22 kW  hornidura potentzia eskaintzen dute. Jasotzen dituen Mennekes erako konexio eta ezaugarriei esker, Europako edozein ibilgailu elektriko edo hibridorekin bateragarria da. Ibilgailuaren bateria eta ezaugarrien arabera, 22 kW-rainoko hartuneen bitartez kargaren %75a bi ordutan egin ahal izango da.

Udalaren elektro mugikortasun estrategiaren lehen mugarria Gernika pasealekuan 2023ko martxoan jarri zen 50 kW-ko potentziadun lehen errekarga puntu bikoitzarekin. Haren ondotik, zerbitzua egonkortu egin dela ikusita eta mugikortasun elektrikoa sustatzeko helburua aintzakotzat hartuta, Udalak pausoak ematen jarraitzen du Beasainen errekarga sare sendo bat osatzeko. Honela bada, Gipuzkoa plazako aparkalekuan kokatutakoa Beasainen dagoen ibilgailu elektrikoentzako bigarren errekarga gunea da. 

Erabilera

Gernikako pasealekuan dagoen errekarga puntuak bezala, ordainketa kudeatzeko TFT pantaila digital bat du eta APP bitartez egiteko aukera izateaz gain, nahi duenak kontaktu gabeko TPV sistema erabili dezake kreditu txartel bitartez ordainketa zuzenean egiteko.

Kokapen zehatzari dagokionez, errekarga puntua Zaldizurreta kaleko 19 zenbakiko eraikinaren ondoko bateriako aparkalekuetan dago. Loinatz jaietan Gipuzkoa Plazak duen erabilera kontuan izanda, ez da bateragarria errekarga puntuak erdialdean kokatzea eta ondorioz, aukera honen alde egin zuen Udalak.

Mugikortasunaren deskarbonizazioa eta udal konpromisoa

Mugikortasunaren deskarbonizazioa klima krisiari aurre egiteko tresna nagusietako bat izateaz gain, Europa mailan ibilgailu elektrikoa industria apostu estrategikotzat eman da. Honen ondorioz, elektromugikortasunerako transizioa ahalbidetzeko gune publiko eta eraikinetako gutxieneko ibilgailu errekarga sarea ezartzen joan behar da. 

Horrela, errepide edo eraikinei atxikituta ez dauden aparkaleku-poltsa publikoetan 40 plazako, errekarga puntu bat instalatu beharko da eta administrazioaren eraikin publiko berrietako aparkalekuetan, proportzio hau 20 plazako errekarga puntu batera igotzen da. Gipuzkoa Plazan instalatu diren 4 errekarga plazekin, aparkaleku honen barneko 145 plazetako 1-40 proportziodun gutxieneko eskaintza bete da.

Instalakuntza berri hau, mugikortasun jasangarriaren aldeko beste ekimen batzuei batzen da, autoa partekatzeko ParteCar App-a, bizikleten aparkaleku sarea hobetzeko neurriei edota Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planari, alegia.

Elektromugikortasunaren onuren artean, konbustiodun autoak ibilgailu elektrikoengatik ordezkatzeak CO2 emisioak murriztea dakar, airearen kalitatea hobetuz eta osasunean positiboki eraginez.

Udal gobernuak honela, tinko mantentzen du bere konpromisoa ingurugiroaren babesaren alde eta klima aldaketaren aurkako borrokan.

errekarga puntua gipuzkoa plaza 5 errekarga puntua gipuzkoa plaza 1

errekarga puntua gipuzkoa plaza 3

errekarga puntua gipuzkoa plaza 10