Beasaingo Udalak hobariak berriro aktibatu ditu autoa partekatzen duten gidari eta bidaiarientzat; gehienez, 2 euro bidaiako eta 10 bidaia astean
Beasaingo Udalak aplikazioaren erabilera sustatzeko berriz ere hobariak martxan jarri ditu urtarrilaren 13tik aurrera. Horretarako Partecar aplikazioa telefono mugikorrean eduki behar da instalaturik. Bai Beasaingo udal aplikaziotik edo zuzenean Play Store edo App Store bidez, Hoop Carpool aplikazioa mugikorrean deskargatu ondoren, erregistratu eta jarraian BEASAIN22N kodea sartu beharko da onurez aprobetxatzeko.
Beasaingo Udala ingurumenarekin eta garapen jasangarriaren helburuekin konprometitutako erakundea da, helburu horiek eragin zuzena baitute guztion ongizatean eta etorkizunarekin. Mugikortasun jasangarriaren alde eginez, autoa partekatzeko egitasmo honi bultzada ematen jarraitzea du xede. Horregatik, berriro sarituko ditu ParteCar - Hoop Carpool aplikazioaren erabiltzaileak. Beasain abiapuntu edo helmuga duten ibilbideetako gidariei zein bidaiariei, %50eko hobaria emango zaie (gehienez 2 € ibilbide eta bidaiari bakoitzeko, eta 10 bidaia astean), sustapenak dirauen bitartean.
Zenbait datu
Partecar ekimenak orain 385 erabiltzaile baino gehiago ditu erregistratuta aplikazioan. Kopuruei dagokionez, 284.000 km-tik gora partekatu dira desplazamenduetan, eta 42.000 kg CO2 eta 136.000 kg NOx baino gehiago eguratsera ez isurtzea lortu da. Guztira 6.900 bidaia partekatu dira ekimena martxan jarri zenetik. Alderdi ekonomikoari dagokionez, ParteCar bitartez 40.000€ euro inguru aurreztu dira erregaian.
Beasaingo Udalak, Hoop Carpool mugikorrentzako aplikazioarekin lankidetzan, ParteCar ekimena jarri zuen abian duela bi urte pasatxo. Beasaindarrek tresna erabilgarri eta erraz baten bidez, egunero lanera, unibertsitatera edo beste helmuga batzuetara egiten dituzten joan-etorrietan autoa partekatzea da aplikazioaren helburua. Honela herriko ibilgailu pribatuen okupazio-tasa hobetuz emisioak eta bidenabar trafikoa murriztea lortzen da. Gastuak partekatzeko aukera bat ere eskaini nahi da, etxeko ekonomiei arnas pixka bat emanez.