Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Errefuxiatuen egoerari begira jartzeko erakusketa Igartzan

2021/11/10

Egungo migrazioen eta euskaldunek munduan babesa bilatu izan duten fase historikoen arteko lotura du aztergai Igartzako errota eta burdinolan Aldundiak eta Beasaingo Udalak antolatutako 'Errefuxiatuak: herrimina, memoria eta erbestea' erakusketak

'Errefuxiatuak: herrimina, memoria eta erbestea' erakusketak migrazioen egungo errealitatearen eta euskaldunek kanpoan babesa bilatu izan duten fase historikoen arteko antzekotasunak aztertuko ditu gaurtik aurrera eta abenduaren 12ra arte Beasaingo Igartzako errota eta burdinolan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen Zuzendaritzak eta Udalak elkarlanean antolatutako argazki mostran, guztira 65 elementu grafiko biltzen dira, II. Gerra Karlistara eta, batez ere, Gerra Zibilera atzera egiten dutenak, ondoren ezagutarazteko gaur egun Sirian eta Mediterraneoan dauden errefuxiatuen eta gertatzen ari diren migrazio errealitateen egungo irudiak.

"Batzuetan ahaztu egiten zaigu inoiz ere laguntza behar izan genuela. Gaur egun, herrialde batzuen egoera sozial, politiko eta ekonomiko prekarioak, bai eta gerra suntsitzaileek ere, milioika pertsona bultzatzen dituzte beren lurraldean duten bizitza atzean uztera eta urrun dauden herrialdeetan babesa eskatzera", gogorarazi du Ion Gambrak, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak, gaur arratsaldean Igartzan egindako inaugurazio ekitaldian. Bertan izan da, halaber, Beasaingo alkatea, Leire Artola, eta erakusketaren komisarioa, Juantxo Egaña.

Beasaingo alkateak, Leire Artolak, bere aldetik, euren herrialdeetatik ihesean alde egin behar izan dutenei babesa eskaintzerako orduan tokiko erakundeek jokatzen duten papera azpimarratu du. “Arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokigu. Ez da hain urruti gure aiton-amonek gure lurra uztera behartuak izan zirela gerrak eraginda. Memoriak ez liguke hutsik egin behar. Giza legez, orain guri dagokigu eskuzabalak izatea guregana datozenekin”, ohartarazi du.

Beasaingo Udalak baditu laguntza lerro ezberdinak errefuxiatu zein hauen alde lan egiten duten udalerriko gazte kooperanteentzat eta irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundeentzat. “Horrez gain, oraintxe lantzen ari gara kanpotarrei ongi etorria emateko harrera protokolo berria”, gehitu du alkateak. Artolak gogorarazi du Beasain udalerri solidarioa izateko helburu horretan, garapen bidean dauden herrialdeetan laguntza proiektuetarako Udal aurrekontuen zati bat bideratzen duela urtero.

Ion Gambrak azpimarratu du Gipuzkoa eta Euskadi, oro har, "solidarioak direla", eta ezaugarri horrek, bere ustez, lurraldeko gizartea eraman behar duela "babes bila dabiltzan eta beren jatorrizko herrialdeetatik kanpo aske bizitzeko proiektu bat eraiki nahi duten pertsonekiko sentsibilitatea mantentzera". Ildo horretan, foru zuzendariak esan du "harro" sentitzen dela, gipuzkoar gisa, Aita Mari ekimenarekin, Zaporeak elkartearen sukalde solidarioekin edo aspalditik CEAR-Euskadi bezalako elkarteek lurraldean egiten duten lanarekin, "aintzatespen osoa" merezi baitute. "Ezin diegu bizkarra eman errefuxiatuei, Europako, Mediterraneoko eta Atlantikoko hainbat lekutan egunero bizitzen ari den giza dramari", adierazi du, ondoren azaltzeko badakiela erakusketak balio izango duela errealitate hori herritarrei hurbiltzeko.

Gambrak gogorarazi duenez, Gipuzkoa "ez dago Europan babesa bilatzen ari diren pertsonen errealitate gogorretik kanpo"; izan ere, errealitate horren “aurpegirik garratzena eta tragikoena” ikusi ahal izan dugu, Bidasoako uretan gertatu diren heriotzak direla medio. "Bai gizarteak, bai erakundeek, bereziki migrazio gaietan eskumenak dituztenek, ahal dugun guztia egin behar dugu hain gertaera mingarriak berriro gerta ez daitezen Euskadin, Estatuan eta ez Europa osoan. Giza eskubideak, elkartasuna eta giza duintasuna gidari izan beharko genituzke bizitza hobearen bila gerrak, gatazkak eta gabeziak atzean uztea erabakitzen duten pertsonei arreta eskaintzerakoan", esan du amaitzeko.

Hiru atal eta solasaldia

Erakusketa hiru ataletan banatzen da, komisarioak azaldu duenez. Lehenengoan, motibazio politikoek Euskal Herrian eragindako zenbait migrazioren memoria historikoa islatzen da. Atal honetan nabarmentzekoa da XIX. mendearen erdialdean Habanan erreproduzitutako dagerrotipo bat, Domingo Belaustegigoitia II. Karlistaldiko euskal erbesteratua erakusten duena. Gainera, bisitariek garaiko aldizkarien irudiak eta azalak ikusi ahal izango dituzte, Frantziako errefuxiatu-esparruak, gerraosteko erbestea eta II. Mundu Gerra ezagutu zituzten euskal herritarren eszenak erakusten dituztenak.

Bigarren atalak, Gipuzkoa-Bidasoa izenburupean, lurraldean bizi diren edo bertatik igarotzen diren errefuxiatuen errealitatea ezagutarazten du. Hirugarren atalak, berriz, Mediterraneoko exodoaren eta itsas salbamenduaren irudiak jasotzen ditu. Gaur egungo argazkiak egile ezagunek egindakoak dira, besteak beste, Andoni Lubaki, Diego Ibarra, Santi Palacios, Ricardo García Vilanova, Javi Julio, Daniel Castro, Juantxo Egaña, Jesús Elosegui, Philippe Gaussot eta Arkaitz Saiz.

Errefuxiatuak erakusketa 20211109 2 Errefuxiatuak erakusketa 20211109 3

Errefuxiatuak erakusketa 20211109 7 Errefuxiatuak erakusketa 20211109 1