Jabe arduratsua izateko formakuntza ikastarorako izenematea zabalik dago www.beasain.eus atarian
Herritarren arteko bizikidetza hobetzeko helburuz Udalak sortutako doako ikastaroak abian jarri zirenetik guztira 110 jabe-txakur bikotek hartu dute parte formakuntzetan eta sozializazio paseoetan
Aurtengo Txakur Eredugarri Programaren hirugarren formakuntza saioan parte hartzeko izen ematea zabalik dago. Herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuari jarraiki, Beasaingo Udalak sortutako programaren baitan txakur-jabe eta hauen txakurrei zuzendutako formakuntza ikastaroa martxan jarri du honela.
Aurten egiten ari diren Txakur Jabe Eredugarri izeneko formakuntza intentsiboetako hiru ikastaroetatik azkena izango den hau, zortzi saio presentzialez osatua dago. Urriaren 31an hasi eta asteartero burutuko da udaletxeko plazan arratsaldeko 18:00tan. Eskaeren arabera, bigarren talde bat ere osatuko litzateke hala behar izanez gero.
Honela, hurrenez-hurren astero burutuko dira saioak azterketara iritsi arte. Bertan, kanpotik etorritako hezitzaile-aztertzaile batek azterketa bat egingo die hala nahi duten txakur eta jabe bikoteei. Horrela, azterketa gainditzen dutenek txakur heziketa titulu ofiziala jasoko dute.
Saio hauetara txakur jabeak txakurrekin etorri beharko dira, saioak praktikoak izango dira eta. Ekintza honetan parte hartzeko izena eman beharko da Beasaingo Udalaren webean aurkitzen den txakur eredugarri programako atalean helbide honetan.
Sozializaziorako paseoak
Formakuntza ikastaroekin batera sozializazio paseoek ere jarraipena izango dute. Ostegunero errepikatuko dira. Jabeak eta txakurrak Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira arratsaldeko 18:00etan. Horretarako nahitaezkoa izango da kurtsoan izena ematea paseoetan parte hartzeko.
Ekimen hau udal gobernuak bere legealdi planean zeukan aurreikusita eta pertsonen ongizatean eragitea du helburu. Kasu honetan txakurren eta pertsonen arteko elkarbizitza hobetzera dator eta animalien jabetza arduratsua sustatzea.
Adineko pertsonei zuzendutako tailerrak egingo dira berriz ere.
Adineko pertsonekin tailerrak
Aurten ere martxan jarri den beste edukietako bat hirugarren adinekoekin burutu diren tailer teoriko-praktikoak izan dira. Txakurrak laztandu eta beraiekin komunikatuz, estimulazio kognitibo eta sentsoriala landu dute, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartu ere. Arangoiti Nagusien Egoitzan eta Eguneko Zentroan ordubeteko saioak errepikatuko dituzte txakur hezitzaile profesional baten gidaritzapean.
Txakurrekin arduraz jokatu
Egunetik egunera, handitzen doa maskota kopurua udalerrian. Horregatik, ezinbestekoa da txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza eta harreman egoki baterako baliabideak eta bitartekoak eskaintzea.
Txakur eredugarri programak, bitarteko ezberdinak erabiliz, txakurren eragina eta hauekin harremana izan dezaketen eremu eta eragile guztiengana iritsi nahi du. Esaterako, txakur gorotzak kalean uztea edo txakurrak gune publikoan aske eramatea bezalako dinamikak ezabatu nahi dira formakuntza eta sentsibilizazioaren bitartez. Beasaingo Udalak programa hau elkarlanean burutzen du Arriaran auzoan kokatuta dagoen Kangune txakurren trebakuntzan espezializatutako zentroaren laguntzarekin.