Udalak, herriko ikastetxeak eta Osakidetzak helburuak bateratu dituzte azokaren inguruan
Bertako ekoizleak eta produktuak balioan jarri eta elikadura eta kontsumo ohituretan eragin nahi da
Larunbateko azokan zuzeneko kontsumoa sustatzeko eta bezeroak erakartzeko ikasleek diseinatutako erosketa bonuak jaulkiko dira
Tokiko ekonomia indartsu mantentzea funtsezkoa du Udalak. Ahalegin horretan, bertako azokaren eta merkataritzaren sustapenean eragiteko ekimen eta egitasmoak ez dute etenik izango 2024an. Hartara, ekimen berri bat jarriko da abian Beasaingo Udala, herriko ikastetxeak eta Osakidetzaren arteko lankidetzari esker.
Azokaren inguruan, elikadura osasuntsua eta jasangarria, bertako eta garaiko produktuetan oinarrituz, gaztetxoengan ohitura osasungarriak duen garrantzia zabaltzea da helburu nagusia. Hori horrela, proiektu berri honen aurkezpena burutu da Beasaingo Udaletxean. Bertan izan dira, Leire Artola alkatea, Rosa Aurkia -Laia koop ingurumen zerbitzuak-, Amaia Aierbe nutrizionista, eta Eluska Gonzalez eta Maite Guridi Osakidetzako erizain eta dietistak.
Alkateak azaldu duenez, Beasaingo Udalak, udalerriko lehen hezkuntzako ikastetxeekin azoka eta bertako produktuak ezagutarazi nahia eta azoka ingurura hurbiltzen den sarea handitzeko harremana indartuz joan da. Aurten, eta Eskolako Agenda 2030en barruan aurrera pauso gehiago ematen jarraitu dute elkarlanean. Pasa den urtetik, Garapen Jasangarrirako helburuak betetzen doaz eta azokako ekoizleak balioan jarri eta elikadura eta kontsumo ohiturekin lotutako dinamika ezberdinak burutu dira.
Ikasturte honetan, esperientzia hartatik ateratako ekintza-proposamenak gauzatuko dituzte. Honela, Rosa Aurkiak (Laia ingurumen zerbitzuak) azaldu duenez, Orekan elikadura zentroko Amaia Aierbe nutrizionistaren eskutik, azokako zenbait ekoizleekin, (Josetxo Mendia nekazaria eta Beñat Telleria abeltzaina) bertako eta garaiko elikagaien sorkuntza eta merkaturatze prozesua ezagutaraziko dute. Alegia, ekoizlea bidelagun izanda, garaikoa, bertakoa Km 0, ekologikoa, bidezkoa eta honek energiarekin duen lotura azalduko zaiei ikasleei.
Bizi ohitura osasuntsuek gure osasunean duten garrantziaren inguruko lanketa eta hausnarketa egitea eta honekin batera jasangarria izatearen garrantziaz jabetzea da azken finean ikastetxeetako gaztetxoei helarazi nahi zaiena.
Elikadura osasuntsua obesitatea prebenitzeko
Osakidetzak bat egiten du Beasaingo Udalak Eskolako Agenda 2030eko proiektuan ikastetxeekin lantzen ari diren arloekin eta ondorioz, elikadura osasuntsua, iraunkortasuna, kontsumo eredu arduratsua, azoken garrantzia, garaikotasuna eta zuzeneko salmenta uztartzen dituen proiektuan ere parte hartuko du. Hala adierazi dute Eluska Gonzalez eta Maite Guridi dietista eta Osakidetzako erizainek. Asmo horretan, tailerra eskainiko dute ikastetxeetan aipatutako gaien inguruan.
Osakidetzak BPSO programaren bitartez, haurren obesitatearen prebentzio programa du martxan EAEko hainbat Osasun zentrotan, tartean ere Beasaingoan. BPSO programa hauek zainketa jardunbide egokietarako gidak dira, ebidentzian oinarritutako gomendioekin. Gomendio hauek bat egiten dute 2022tik Osakidetzan ezartzen den Haurren osasun programaren gomendioekin eta baita Munduko osasun erakundearen gomendioekin ere. Proiektu honen partaide dira pediatra, Pediatria arloko erizain, emagin, dietista eta hainbat profesional anitz.
Deskontu bonuak
Arestian aipatutako helburu guztiei lotuta, otsaileko larunbateko azoka berezian deskontu bonuak jaulkiko dira tokiko eta garaiko produktuen erosketa sustatzeko. Ikasleek eurek egindako proposamenean oinarritutako ekimena da bonuena eta beraiek landu dute diseinua.
Bonu horiek 20 eurokoak izango dira eta 5 eurotan zatituta egongo dira. Erosleak 10€ ordainduko ditu eta Udalak beste 10. Pertsona bakoitzak gehienez ere bi bonu erosi ahalko ditu. Udalak ekimen honetara onartutako 10.000 euroko diru-lerroa jarri du.