Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Oria ibaiaren garbiketan eta zaintzaren alde parte hartzeko deia

2024/07/07

Uztailaren 10an ibaiaren garbiketa eta 17an landare espezie inbaditzaileen erauzketa egingo da. Parte hartzeko izena eman beharko da

Ibai garbiketa zein landare erauzketa lanak Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuko ditu zabor arazoari buruz sentsibilizatu eta ibarbasoko ekosistemari buruz azalpenak emanez

Beasaingo Udalak, herriko ibai eta erreka degradatuak leheneratu eta egoera ekologiko hobean jartzea xede duen ekimena errepikatuko du Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera. Herria txukun mantendu eta natur ondarea babestea ezinbestekoa da Udalarentzat herria eta herritarren ongizatean eragin zuzena duelako. Ibaiko landarediaren mantenua bere gain hartzen du Udalak baita garbitasunaren ardura ere eta honela ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko konpromisoa berresten du. 

Hortaz gain, aldiro biltzen den zabor kopurua kontutan izanik, herritarrak arazo honetaz sentsibilizatzen jarraitu nahi ditu bide batez. Horregatik, deialdia zabaldu nahi du herritarren artean antolatu diren bi egunetan parte hartu dezaten. 

Hondakinak jaso eta ibarbasoa leheneratu

Proiektu honen helburu nagusia, azaldutako jarduera eremuan biodibertsitatearen kontserbazio egoera hobetzea da eta ekintza hauek egingo dira herritarren parte hartzearekin; ibaietako zaborra garbitzea, landare inbaditzaileen erradikazioa eta ibarbasoa leheneratzea bertako 200 landaren landaketarekin. 

Garbiketa egiteko, ibaiko zaborra bildu eta pisatuko da ekimenaren ingurumen inpaktu positiboa neurtzeko. Erradikazioari dagokioenez,  landare inbaditzaileen kartografia eguneratuko da, eta ondoren horiek eskuz erauzi. Ateratako landare guztiak erre eta hondakin guztiak deuseztuko dira.

Bi egunetarako izenematea

Guztira herritarren bi parte hartze jardunaldi egingo dira. Lehena Ibaiaren garbiketarena, uztailaren 10ean (asteazkena) izango da Igartzako Monumentu Multzoko ibai eremuan arratsaldeko 17:00etan. Bertan, Aranzadiko teknikariek herriko ibaiek jasotzen dituzten hondakinei buruzko azalpena emango dute, ondoren ibaira jaitsi eta zabor bilketari ekiteko. Parte hartzeko, nahitaezkoa izango da inprimaki hau betetzea.

Bigarren parte hartze jardunaldia, landare inbaditzaileen erauzketarena, uztailaren 17an (asteazkena) izango da Igartzako Monumentu Multzoko ibai eremuan, baina lehen topalekua  Antzizar polikiroldegian izango da arratsaldeko 17:00etan. Kiroldegitik paseotxo bat emanez ibaian dagoen landarediaren azalpen batzuk emango ditu Aranzadik eta Igartza Monumentu Multzora zuzenduko dira bolondresekin batera landare inbaditzaileen eskuzko erauzketa egiteko. Kasu honetan ere, parte hartzeko honako inprimaki hau bete beharko da.

Proiektua amaitzeko, behin garbiketa eta erauzketak eginda, lehentasuneko eremuak zehaztu eta ibarbasoko espezieak landatuko dira erreka eta ibai ertzetan: hurritza, haltza edo lizarra, besteak beste. Landaketa gunea Aranzadiko langileek egingo dute udazkenean.

Proiektuaren helburua bat dator bete betean Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Ingurumen Esparru Programarekin. Proiektu honetako jarduerak Oriaz gain, Estandan eta Agauntzan ere egingo dira, denera 8 km lineal ingurutan. Agauntza ibaia, gainera, Garrantzi Komunitarioko Lekua (GKL) da, bertan bisoi europearra bizi daitekeelako, dena den, gaur egungo ibarbasoaren kalitatea eskasa da.

landare erauzketa