Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Nahi ez den bakardadea eta osasun mentala zaintzeko egitasmoa aurkeztu du Udalak

2024/09/23

Egungo gizartean geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari den osasun emozionala zaindu eta prebenitzeko helburua du ekimen honek, pertsonen ongizate integralean eragin zuzena duelako

Dar Dar gizarte ekimenezko kooperatibarekin elkarlanean landutako egitasmo hau 2025eko abendura arte garatuko da Beasainen 

Proiektu honen aurkezpen irekia eskainiko da irailaren 30ean arratsaldeko 18:00etan udaletxeko batzar aretoan

Beasaingo Udalak lehentasun nagusitzat du herritarren ongizate integrala. Eskuan dituen bitartekoak hortara zuzentzen ditu, bai baliabide materialak zein giza baliabideak. Ongizate integral horren barruan funtsezkoak dira bai osasun fisikoa zein mentala eta azken honetan eragin zuzena du ongizate emozionalak. Honi eragiten dio neurri handi batean geroz eta kezka handiagoa sortzen duen nahi ez den bakardadea. Hiri-inguruneetan eta adineko pertsonengan eragin negatiboa izan dezake osasun fisikoan eta mentalean.

Ardura hau hartu izanaren adibidea da aurten aurkeztu den Kalelagun proiektua. Diputazioa eta Adinberri fundazioaren eskutik, nahi ez den bakardadea arinduko duen belaunaldi arteko harremanak sustatzeko ad hoc diseinatutako lehen espazio publikoa ezagutarazi da, Barrendain plaza. Horrela bada, Beasain izango da nahi ez den bakardadeari aurre egiteko bereziki diseinatutako plaza bat duen Gipuzkoako lehen udalerria.  

Honi jarraiki, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko eta osasun mentalean positiboki eragiteko, Udalak eta dar-dar gizarte ekimen kooperatibak partekatzen duten ekimen baten berri eman dute. Garaiz jarduteak arazo handiagoak prebenitu ditzake eta bizi-kalitatea hobetu, maila indibidualean eta kolektiboan. Dar-Dar kooperatiba nahi ez den bakardadea eta buru osasunaren gaien inguruan lanean ari da aspaldidanik, bai gizarte osoari begira, eta baita, bereziki hezkuntza munduari lotutako proiektu desberdinekin. Honela, azken hilabeteetan Beasaingo Udala eta dar-dar kooperatiba elkarlanean aritu dira nahi ez den bakardadearen eta buru osasunaren inguruko egitasmo bat elkarrekin irudikatzen. Lankidetza horretatik jaio da aurkeztu den proiektu partekatua. Ekimen hau 2024ko irailetik, 2025eko abendura bitartean gauzatuko da.

Nahi ez den bakardadea eta buru osasuna jorratuko dituen ekimen honek, Beasaingo herrian izango du ardatza, eta Dar-Dar kooperatibak kudeatzen duen Arteria proiektuaren metodologia, filosofia eta abarren arabera diseinatu, gauzatu eta Goierrin barrena zabalduko da.

Beasaingo herritarrak ardatz 

Dar-dar kooperatibak gidatu eta dinamizatuko du ekimena. Oro har, Arteria Errizomaren baitan garatuko da, eta bereziki Beasaingo herritarrak eta herri eragileak egongo dira ardatzean. Beasaingo udalerriko espazioak (kultur instalazioak, ikastetxeak, kaleak…) izango dira ekimenaren gune nagusiak. Arteria Errizomako ezagutzak, baliabideak, dinamikak, sinergiak... ere erabiliko dira. Eta Arteriakideen artean ere, parte hartzea sustatuko da.

Ekimena integrala, horizontala eta zeharkatzailea izango da bere izpirituan. Adin guztietako herritarren parte hartzea sustatuko du (haurrak, gaztetxoak, gazteak, helduak, adinekoak). Diseinutik hasita Ikuspegi inklusiboa izango du eta arreta berezia eskainiko zaie zaurgarritasun egoeran egon daitezkeen kolektibo eta pertsonei. Proiektu hau komunitarioa izango da. Ekintzen programaren sorrera kokreaziokoa izango da, eta maila desberdinetako parte hartzea sustatzen duten ekimenak garatu daitezen saiatuko dira.

Lau une

Prozesua lau zati desberdinetan egongo da banatua. 

Lehena aurre diseinua eta diseinua izan dira iada burutuak udalarekin lankidetzan. 

Bigarrena sentsibilizazioaren unea izango da, datozen hiru hilabeteetan aurrera eramango dena. Ekimen guztiaren oinarrian sentsibilizazio lanak aurreikusi dira eta hau sustatzeko abiapuntua artistikoa izatea proposatzen da. Sentsibilizazioaren helburuen artean, nahi ez den bakardadea bizi duten pertsonak detektatzea, eta egoera hauei aurre hartzea izango da. Honela sentsibilizazioa esku hartzearen ikuspegiarekin gauzatuko da.

Sentsibilizazioa gazte eta helduekin. Gazteen eta helduen sentsibilizazioa sustatzeko, buru osasuna eta bakardadearen inguruan kooperatibak duen “Zulo Beltza” proiektua erabiliko da. “Zulo Beltza” ekimenak bi atal ditu eta jarraian gauzatzen dira 2 orduko saioetan:

  • Antzerki emanaldi bat, non buru osasun egoera desberdinetan dauden pertsonaiak ikusten diren.
  • Dinamika parte hartzaile bat, non gaiaren inguruan ikusleek dituzten kezkak, beldurrak, bizipenak azaleratzen diren.

Herriko eragileei eta herritarrei saio hauetan parte hartzeko aukera eskainiko zaie. Honela, herritarrak sentsibilizatuko dira gaiarekiko, eta gainera gauzatuko den dinamika parte hartzailearen bidez, herritarrek gaiaren inguruan dituzten kezkak, beldurrak ea. azaleratuko dira. Hauek guztiak txosten batetan gordeko dira, eta aurrerago gauzatuko den diagnosia eta parte hartze prozesuan erabiliko dira. 

Udaleko eta herrian dauden bigarren hezkuntzako ikastetxeetako ordezkariei saio bat eskaini zaie, eta beraien ikastetxeei ekimenean parte hartzera animatu zaie. Erantzuna oso positiboa izan da eta ekimenean parte hartzekoak dira.

Sentsibilizazioa haurrekin. Lehen hezkuntzan nahi ez den bakardadeari eta buru osasunari zeharka heltzea erabaki da. Honetarako “Hitzak” ekimena erabiliko da. Antzerki emanaldi batek, eta ondoren egingo den lanketa batek osatzen dute atal hau. Nahi ez den bakardadea eta buru osasunaren gaiari, elkarrekin dituzten harremanetan ikuspegia jarriaz helduko zaio. Desberdin izateko eskubidea, bazterkeria eta bullying-a, komunikaziorako eta gatazkak konpontzeko hitzen balioa… daude antzerki emanaldi honen ardatzean. Eta ondoren egingo den lanketan, bakardadea, pertsonen saretzea, talde errespetua, enpatia… bezalako gaien lanketa bermatuko da. 

Arteriaren bidez 3 sortzaileren sormen prozesua. Ekimen honen sentsibilizazio fasean, Arteriako 3 sortzaileren parte hartzea sustatuko da. Sortzaile hauek prozesua behatuko dute, eta amaieran pieza artistiko multidisziplinar bat sortuko dute. Hau Arteriako dirulaguntzetatik bideratuko da. Arte disziplina desberdinetako 3 sortzailek, nahi ez den bakardadea eta buru osasunaren inguruan Arte lan bat sortzeko 9.000€ko dirulaguntza bat jasoko dute. 

Arte lan honen lehenengo aurkezpena Beasainen egingo da, eta egileek ibilbidean bizitako esperientziak eta sormen prozesuaren argibideak eskainiko dituzte. Ondoren, arte lan hau Goierriko beste herri batzuetan erakutsiko da, eta sortzaileen eskutik, Beasaingo esperientziaren berri emango da.

Diagnosia izango da hirugarren unea. Interesa duten eragile eta herritarrekin ikerketa talde bat osatuko da (inklusiboa). Eta bi mailatan eratuko da; maila teknikoa (talde motorea ikerketaren diseinu eta gidaritza) eta aholku batzordea (gaiaren inguruko erakundeak, bere erabiltzaileak, herritarrak, sortzaileak…).

Diagnosi bat egingo da eta nahi ez den barkardadearen eta buru osasunaren erlazioa aztertuko da. Sentsibilizazio saioetan ateratako informazioa erabiliko da, eta eztabaida taldeetan lanketak egingo dira. Diagnosi honen itzulpen gisa, herriko eragileei eta herritarrei bere ondorioak ea. azaltzeko aurkezpenak egingo dira. Aurkezpen hauetan, gaiaren inguruko ekintzen programa bat sortzeko parte hartze prozesu baten informazioa zabalduko da, eta izen emateak sustatuko dira. 

Laugarren eta azken unean, erronkari aurre egiteko parte hartze prozesua eta ekintzen programa burutuko dira. Nahi ez den bakardadeari eta buru osasunaren erronkari, maila komunitarioan aurre egiteko parte hartze prozesu bat gauzatuko da. Prozesuan parte hartzaileek ekintzen programa bat sortuko dute. Dinamika Parte hartzaileen bidez, ekintza, programa edo jarduera desberdinen diseinua gauzatuko da. Diseinua amaitzean ekintzak gauzatuko dira.

Aurkezpena elkarte eta eragileei

Proiektu hau irekia eta kolaboratiboa da, eta ibilbidean lagundu dezakeen oro izango da ongi etorria. Erronka handia da. Ikerketa eta datu estatistiko guztiek diote, hurrengo urteetan nahi gabeko bakardadeak eta buru osasunaren gaiei heldu beharrean gaudela, gizakion ongizatea bermatuko bada. Eta erronka honen aurrean guztion ezagutzak izango dira beharrezkoak. 

Beasaingo herri eragile, erakunde eta herritar guztiak erronka honetan parte hartzera gonbidatuta daude. Horretarako, herritarrei proiektu honen berri zehatza emateko, aurkezpen irekia eskainiko da irailaren 30ean arratsaldeko 18:00etan udaletxeko batzar aretoan. Bertara gonbidatuta daude Beasaingo elkarte, eragile zein norbanako guztiak.  

nahi ez den bakardadea dar darjpg