Pertsonen ongizate integrala helburu, Udalak eragile ezberdinen laguntzarekin bultzatzen duen egitasmoaren ikasturte berriko irteerak aurkeztu dituzte
Gernika pasealekuko frontoiko ohiko tokitik abiatuko da lehen saioa irailaren 26an goizeko 10:00etan. Parte hartzeko nahikoa da egunean bertan agertzea
Udal agintariek eta Ondo ibili ondo izan egitasmoan parte hartzen duten eragileek ikasturte berri baten hasiera iragarri dute. Beasaingo Udaleko kirol sailak, Beasaindik ibilbide osasuntsuak egitera animatu nahi ditu herritarrak eta bide batez elkarren arteko harremanak indartzeko motibua izan nahi du aitzakia horrekin. Aurkezpenean, parte hartzaile guztiak bat etorri dira esanez, ariketa fisikoa egiteaz gain onura emozionala eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko tresna ezin hobea direla irteera ibiltari hauek.
Oro har, adineko pertsonei zuzenduta dagoen egitasmoa bada ere adin eta gisa guztietako herritarrek parte hartu dezakete. Egitasmo honen antolakuntzan Udalarekin elkarlanean eragile hauek parte hartzen dute; Beasaingo osasun etxea, Asmube, Urbiberri, Nagusilan, Aita Menni eta Antzizar kiroldegia.
Ongizate integrala
Hamairugarren ikasturteari emango diote hasiera irailaren 26an. Hitzordua goizeko 10:00etan Gernika pasealekuko frontoiaren ondoan dagoen Ondo ibili ondo izan-i buruzko informazio panelean da eta ostegunero errepikatuko da. Leire Artola alkateak egitasmoak betetzen duen funtzioa azpimarratu du: osasunari dagokionez, onurak ukaezinak dira, bai fisikoak zein adimenaren aldetik, baina baita ere sozializaziorako, pertsonak harremantzeko balio duelako eta horretan dauzkagu gure indarrak jarrita, pertsonen ongizate integralean. “Ahalegin berezia egin behar dugu geroz eta jende gehiago erakartzeko ekimen honetara”, azpimarratu du. Nahigabeko bakardadeari aurre egiteko beste tresna bat ere bada Ondo ibili ondo izan. Horregatik jende gehiagorengana iristeko gogoa adierazi eta gainontzeko herritarrei ibilaldietan parte hartzera animatzeko mezua zabaltzea eskatu du.
Egitasmoa dinamizatu eta antolatzeaz arduratzen direnen izenean Elena Ruiz kirol zinegotzia eta Peru Elosegi prestatzaile fisikoak ariketa fisikoaren garrantziaz gain, ekimena parte hartzaile bakoitzaren baldintzetara egokituta burutzen dela azaldu dute. Ibilbideak lauak eta seguruak dira eta gainera mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei egokituta daude. Ibilbide osoan, antolakuntzako elkarteen boluntarioak eta Antzizar kiroldegiko kirol orientatzaileak izango dituzte alboan. Norberak dituen patologiak kontutan hartuta egokitzen da ariketaren intentsitatea. Horretaz gain, osasun-etxean ere kirol aholkularitza ere emango da kiroldegiko orientazio zerbitzuaren eskutik.
Ibilaldietan izena emateko nahikoa da irteerara agertzea edo nahi izanez gero kiroldegian bertan ere egin liteke.
Osasun fisikoan eta mentalean onurak
Peru Elosegik azaldu duenez, eguraldiak laguntzen ez duenean ariketa ezberdinak egingo dituzten aterpean. Ibilbideen amaieran luzaketak egingo dituzte eta Urbiberri gizarte egoitzan zizka-mizka batzuekin amaituko dute eguneko jarduna.
Beste alde batetik, Kiroldegiak osasun-etxean eskaintzen duen orientazio zerbitzua aurkitzen da. Medikuek eta endokrinoak bideratutako pazienteei beraien baldintzetara egokitutako kirol aholkularitza zerbitzua eskainiko die.
Osasun etxetik, Alazne Saizar zuzendaria eta Espe Garcia, erizain komunitarioa izan dira egitasmoari bere babesa eta garrantzia ematen. Euren aldetik beharrezkoa da osasun fisikoaz gain osasun mentalari garrantzia ematea eta ekimen honek pazienteen osasunean eragiten dituzten onurak goraipatu dituzte. Asmubetik Trini Barandiaran eta Nagusilanetik Martina Barandiaranek Ondo ibili ondo izan-ek sozializatzeko duen balioa nabarmendu dute. Etxetik irten eta harremanak izateko garrantzia sekulakoa dela adierazi dute nahi ez den bakardadea lausotzeko. Aita Mennitik Maider Agiriano teraupeutan ere osasun mentalean eragiten duen onura emozionala goretsi du eta euren erabiltzaileak berriz ere ekimenarekin hasteko desioa azaldu du.
Esan bezala, lehen irteerarako hitzordua ostegun honetan, irailak 26, goizeko hamarretan Gernika pasealekuko frontoian.